Gabon zorion, zorion gabon!

jueves, 12 de julio de 2018

Harreman sozialak

Rufino Iraola

Inork ez du esaten harreman sozialak errazak direnik. Nik gutxiago. Besteekin erlazionatzea beti da nekeza. Gogoan hartzekoa eta lagungarria da Woody Allenen esaldi hau: «Ez dut ezagutzen arrakastaren klabea, baina porrotaren klabea da mundu guztia atsegindu nahi izatea». Eta hau erantsiko nioke aktore amerikarrarenari: usterik gutxien dugunean hanka-sartzeren bat egin eta laguna haserretuko zaigun beldurrez bizitzea.

R.I.ren ustez, horrek, maiz asko, pelma bihurtzeko arriskuan ipintzen gaitu, eta zurikerian hasteko tentazioak jotzen, naturalak izan ordez, garen bezala azaldu partez, edo motibo argirik gabe gehiegi urruntzen gara. Nahiz eta badakigun, R.I.k askotan esan izan duen eran,  gure beharrik ez duela demostratzen digunarengandik urruntzea hobe dela; neurrian urrundu, ordea. Harreman guztien arrakasta datza distantzia egokia aurkitzean.  

Txikitako eskemekin funtzionatzen dugu. Onartua izatea nahi dugu, eta badakigu, horretarako, gurasoei gogokoa zaiena egiten saiatu beharko dugula. Eskolak, lagunarteak… ipiniko ditu arauak eta, onartuak izango bagara, gizarteak ongi deritzen arauei men egingo diegu, eta guregandik espero duena egin.

Uste dugu onartua sentitzea baino gauza handiagorik ez dela bizitzan ezer.  Baina akats izugarria da mundu osoa zure zilbor-hesteari begira, onerako zein txarrerako, egon behar duela pentsatzea. Kontua da onartua izateko moduko portaera izan dadila gurea, eta erantzun egokia jasotzen ez badugu eta uste ez bezala erreakzionatzen badu besteak, estoikoen moduan pentsatu behar dugu: besteen jokabidea ez dago gure esku, ez da gure erantzukizuna, eta guk geu izaten jarraitu, onartua izateagatik prezio psikologiko altuegia ordaindu gabe.

Urrezko legea da zure lagun aitortzen direnekin benetako lagun izatea. Ez zait batere gustatzen nartzisismo-joera guztiz egozentrikoa: «Nire lagunak neuk aukeratzen ditut». Hantustea eta harrokeria! Mila zirkunstantziek aukeratzen dituzte lagunak, eta andregaiak eta senargaiak eta lankideak, eta… Puzzle bat egiteko baino fitxa gehiago saskian nahasi dagoenean gertatzen dena gertatzen da: mila saio eta intenturen ostean lortzen duzu bat osatzea, kabitzen ez direnak kanpoan geratzen direlarik.

Nolanahi ere, inor ez da ibiltzen arerioak propio sortzen, horiek ere bizitzako gorabehera kontrolaezinek sortzen dituzte, adibidez kritikarik txikiena ere ez onartzeak. Nik, egia esan, ez dut inoren arerio izan nahi, ezta nire arerio direnen arerio ere.

No hay comentarios: