Goazen 2024 Jarri bidean

jueves, 25 de junio de 2015

San Joanek jagon daizala Arrabako landan

Enrike Etxebarriaren artaldeagaz larre aldaketan parte hartzeko aukerea eskaintzen da bagilearen 27an, zapatuan, Zeanurin. Ana Mari bere arrabeak ur bedeinkatua botaz eta San Joanek jagon daizala Arrabako landan! esaldiagaz artaldea artzainen patroiaren babespean jarri ostean, Uribeko Elexartza baserritik (Zeanuri) abiatuko dira Enrike Etxebarria eta bere ardiak Arrabako landara zuzentzeko, lehenago bere aitak eta aititak be urtero egiten eben ibilbide berbera osotuz. 



Bendiciendo ovejas Ardiak bedeinkatu





Antxinako indarragaz ez bada be, oraindino bizirik dirau abeltzaintzeak Arratian eta Gorbeia mendiaren inguruetako herrietan. Lur honeetan aspaldidanik abelgorri, zaldi, ahuntz eta batez be ardi aziendek bazkatzen dabe. Urtaroek dakarrezan eguraldi aldaketen ondorioz, Gorbeialdeko abeltzainek mendiko larreak itxi behar izaten ditue; lehenengo edurtzakaz batera, artzainak eta euren ganaduak haraneko barrutietara bajatzen dira, mendia lurmendu eta bedar barria ernetzen hasi arte bertan geratzeko.

Udabarrian naturea neguko lozorrotik izartzeaz batera, barriro hartuko dabe gorako bidea basoko ganaduek, hurrengo negura arte Gorbeiako landa emonkor eta freskoetan bazkatuz. Antxinatik datorren ohitureari eutsiz, bagilearen 30ean, domekan –ohikoa izan dan baino hilebete beranduago–, Enrike Etxebarriak eta bere artaldeak Elexartza baserritik urten eta Arrabako landarainoko ibilbidea egingo dabe. Gorbeiatik bajatu zanetik etxe inguruan jagon ditu ardiak Enrikek, eta azken hileotan, neguan eta udabarrian artzaintzeak eskatzen dituan beharrak egiteari gogor ekin deutso: lehenengo axurien jaiotzea, hazkuntzea eta salmentea, eta gero esnebatzea eta esne hori saltzea; ganera, aurten ardiei gora igon aurretik ebagi deutse artilea Elexartzan.

Gorbeiako egonaldia
 
Honezkero Gorbeia mendian bedarra hazi egin da eta ganaduak hartzeko prest azaltzen dira larreak janari gozoa eskainiz, horregaitik bertara joango da Enrike artaldeagaz, hurrengo hileotan ardiek emongo deutsien esne aberatsaz goi mailako gaztaiak egiteko. 
Garagarrilearen amaiera arte Lekandapean daukan txabolea izango da bere bizilekua eta artaldea jagotea, esnea batzea eta gaztaiak egitea egunero bete beharko dituan beharrak. Goizez eta arrastiz, berrehunen bat ardiren errapeak igaroko dira Enrikeren eskuetatik, jarraian gaztaigintzeari ekiteko. Holakoa izango da egunen joan-etorria, garagarrilaren 31k, San Inazio egunak, ardiak antzutu eta artzainaren udako mendiko egonaldia amaitu dala iragarri arte.

Enrike Etxebarria
 
Enrike Etxebarria 1943ko abenduaren 8an jaio zan. Beraz, 68 urte daukaz. Zeanurin, Uribe auzuneko Elexartza baserrian jaio zan eta bertan bizi da. Hamalau urte eukazala, eskolea itxi, eta Basilio bere aitaren lanbideari heldu eutson Enrikek. Artzaina izateaz aparte, 1960 eta 1992 urteen bitartean Arrabako landan dagoan Mendi Federazinoaren Aterpetxeaz arduratu ziran aita-semeak. 
Arraban dauka txabolea Enrikek, Lekandapean eta hortxe izan eban babeslekua bere aita Basiliok be. Orain dala hogeita hamarren bat urte txabolea barriztau egin eban eta apurka-apurka gaur egungo beharrizanetara egokitu; berbarako, eguzki energiaren bitartez lortutako argindarra dauka. 
Edurtzeak heldu arte Arraban bazkatzen dau Enrike Etxebarriaren artaldeak eta Enrikek uda aldean artaldea jagoteagaz batera bete beharko dituan zeregin bereziak honako honeek dira: 
* Esnebatzea: birritan egiten dau, goizean eta iluntzean.
* Gaztaigintzea: birritan egiten dau, goizean eta gauean.

Larre-aldaketea, bagilearen 27a, zapatuan
 
* Bilera puntua: Zeanuriko plazan, goizeko 09:00etan.
* 09:15ean: Elexartza baserriaren aurrean, Enrike Etxebarriagaz alkartzea.
* 09:30ean: Elexartza baserritik Gorbeiarantz abiatzea.
* 12:30ean: Arrabako landan, Enrikeren txabolara heltzea. Txabolea bisitau eta hamaiketakoa egiteko aukerea izango da.
* 13:00etan: beherantz abiatzeko ordua.
* 14:30ean: abiapuntura heltzea.



OHARRA: Basoko botak janztea komeni da.
 
Jon Urutxurtu

No hay comentarios: