I. Fradua argazkia |
Bi mila pertsona batu ziren atzo Ziortzarako bakearen aldeko ibilaldian, idazten dau Imanol Fraduak gaurko DEIAn.
Emon Bidea Bakeari lelopean hasi ziren igotzen, goizeko 10:00etatik aurrera, Bolibarreko herrigunean bildutako fededunak. Euretariko asko autobusetan heldu ziren udalerrira -beste askok kotxea erabili zuten-, izan ere 23 autobus jarri zituzten antolatzaileek. Eguzkia eta beroa bidelagun zituztelarik, aurrekaldean zihoan pankartaren lehen lerroan Mario Iceta Bilboko gotzain gernikarra jarri zen, Bizkaiko laugarren eta bosgarren bikarietako ehun parrokietatik heldutako fededunen laguntzarekin. Baina tarteka bidean geldialditxoak eginez, hausnarketa, otoitz eta abestietan parte hartu ahal izan zuten. Guztira, Ziortzara heltzerarteko bi kilometroak ordu ta erdian bete zituzten.
Gora heltzean, Ziortzako kolegiatara hurreratzean, bertako fraideek harrera egin zieten bertaratutako bi mila lagunei. Eraikin erlijiosoaren inguruan bilduta Mario Iceta gotzainak otoitzaldi txiki bat gidatu zuen, eta honen ostean amaitu zen Ziortzarako bakearen aldeko ibilaldia. Bere hirugarren edizioa beteta, "arrakastatsua" izan zen oso jardunaldia, antolatzaileek adierazi zuten moduan. Eta bakearen aldeko aldarrikapena ozen entzun ahal izan zen, "horren alde otoitz egitera etorri baikara guztiak", adierazi zuen Icetak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario