Domekan Familia Ospakizuna

jueves, 9 de febrero de 2023

Ingurumen boluntariotza jardunaldian batuko dira zapatuan, Morgan


 Euskalerriko Eskautak Bizkaiak elizbarrutiko elkarteen federazioak ingurumen boluntariotza jardunaldia antolatu du zapatu honetarako (otsailak 11), Morgan. Bizkaiko zenbait taldetako 14 eta 16 urte bitarteko 220 eskaut inguruk parte hartuko dute. Iturria & argazkia: Hitza.eus

10:00ak aldera batuko dira, eta harreren ostean, Lurgaia Fundazioak Morga eta Muxika artean dauzkan lursail batzuetara hurreratuko dira. Landareak landatu, landare exotiko batzuk kendu eta txorien habiak egingo dituztela azaldu dute: “Taldeka banatuko gara, eta talde bakoitzak gauzatxo bat egingo du; bi ordu inguru ariko gara, 10:30etik 12:30etara”.

Gero, Meakaur auzoko elizara joango dira. Hamaiketakoaren ostean, taldetxoetan banatuta, eguneroko bizitzan eta eskaut kanpamentu batean dituzten ohiturak aztertu eta garapen jasangarrirako bost helburu konparatuko dituzte ( hamazazpi helburuetatik bost hautatu ditugu konparaketa egiteko), horiek nola hobetu ikusteko eta ingurumenari ekarpen “indibiduala eta kolektiboa” egiteko. “Adibidez, bakoitzaren uraren kontsumoari buruz berba egingo dugu, eta udako eskauteko kanpamenduetan egiten dugun kontsumoarekin konparatuko dugu; izan ere, egunero askoz gehiago xahutzen dugu kanpamentuetan baino, eta berdin bizi gara. Austeritate puntu horren kontziente izateko gogoeta egingo dugu. Analisi horiek egin eta gero, nolabaiteko konpromiso indibidual eta kolektiboak hartuko ditugu”. Jarraian, otoitz txiki bat egin, eta elkarrekin bazkalduko dute. 16:30ak aldera etxerako bidea hartuko dute.

Hamaikagarrena. 10 urtez ingurumen boluntariotza jardunaldia egin ondoren, hamaikagarren ekitaldia Eskautak basoak berbideratuz lelopean ospatuko dute: “Naturari laguntzen diogula kontzientziatzea du helburu, baina erraztaile huts gisa, eta ez salbatzaile gisa, naturak baso gisa hazten baitu bere burua, milioika urtez egiten duen bezala”. Diotenez, natura bera “funtsezko esparrua” da eskaut gaztetxoak hezteko eta, horregatik, ekintza honetan, Bizkaiko eskautek “kanpora irten” nahi dute,” jardun, aire libreaz gozatu eta mundua aurkitu zuten baino apur bat hobeto uzteko aprobetxatu”.

No hay comentarios: