Domekan Familia Ospakizuna

jueves, 20 de junio de 2019

Iceta gotzainak Zulaibar bisitatu dau

bizkeliza.org argazkia



Atzo, ekainak 19, goizeko 9:30etan Mario Iceta gotzainak Zulaibar Arratiako Lanbide Ikastegia bisitatu eban. Xabier Aldama Ikastegiko zuzendariaren berbatan “oso bisitaldi interesgarria suertatu zan”.


Ikastegiko instalazinoak ikusiz gain batzar emonkorra izan eben. Lehendabizi alde profesionalari ekin eutsoen, Ikastegiko sorrera, historia, makinaria barria, eta erronken gainean aritu ziran.

Bigarren partean, alde pastorala izan zan ardatza. Ez da lan erreza baina gazteekin egiten dan lanaren barri emon jakon gotzainari eta beragaz etorriko taldeari.

Zulaibar Ikastegiak urteotan parte hartzen dau Arratiako pastoral batzordean. Urte askotan Jaime Artetxe bazan ordezkaria, gaur egun Mari Karmen Villaverde da ordezkaria eta pastoral batzordearen idazkaria.

Gehiago jakiteko:

La cantera de Zulaibar

60 urte arratiagintzan: Escuela parroquial de aprendices. Gaurko Zulaibar


Topaketa aberatsa

Jose Miguel Aramburu, elizbarutiko hezkuntza arduradunak, honako kronika honegaz osatu dau gure sarreratxoa. Eskerrik asko berari.

On Mario Izeta Bilboko gotzainak, pasa dan eguaztenean, pastoral bisitaldia egin dau Zeanuriko Zulaibar Lanbide Ikastegian. Zulaibar, Arratialdean dagoan Lanbide Heziketako zentro bakarra da eta Elizbarrutiko Ikastetxeetako (EBI) sarearen barruan dago. Lan munduan sartzeko lagundu edota unibertsitate ikasketetarako ateak irekitzeko ezarri zan.

Bisitaldia, aukera garrantzitsua izan da ikastegiak eskaintzen dauan formakuntzaren nondik norakoak sakonago ezagutzeko: metodologia aktibo eta parte hartzaileek zein nazioarteko lan-praktikek ikasleei hainbat gaitasun pertsonal eta profesional garatzen laguntzen deutsee; eta pertsonaren jarrera positiboa eta trebetasun pertsonalak dira gaur egun enpresa-munduan gehien baloratzen diranak, hain zuzen. Baina, metodologiaz harago, ikastegiaren kultura da, sorreratik bertatik eta bere izakereagaitik, ingurugiro atsegina eta ilusinoz betea eskaintzea, etengabeko kalitate eta hobekuntza ahaztu barik.

On Mariok Zulaibarreko langile-taldearen jarduna asko baloratu eban, bai eta osoko hezkuntza eskaintzeko egiten diran ekimenak -horreetako batzuk Elizbarrutiko erakundeekaz lankidetzan-, hala nola kontsumoen prebentziorako programa, elikagaiak batzeko parrokiaren kanpainan laguntzea etab.

Etorkizunaz ere berba egin zan: ikastegiaren proiekzioa aurrera begira, tokiko kristau alkarteagaz loturea mantendu eta areagotzea, kristau baloreak bultzatzea irakasle eta ikasleei begira, jakina, baina familiak ere aintzat hartuz…

Topaketa aberatsa, berba baten esatearren, ikastegiaren proiektu sendoa bistaratzeko eta proiektu hori bultzatze aldera gotzainaren eta elizbarrutiaren sostengua eta laguntza eskaintzeko.
 

 

No hay comentarios: