Domekan Familia Ospakizuna

viernes, 5 de febrero de 2021

Santa Ageda santea, Muñiketako lorea...


El virus no puede con la misa de Santa Ageda en Zeanuri. Birusak ezin dau Zeanuriko Santa Agedako mezagaz.
Santa Ageda bezpera tristea izan da aurten Arratian. Koru gehienak ez dabe urten kantetan eta diru eske. Eskola gehienak arduraz jokatu dabe eta umeak eskola barruan baino ez dabe kantatu. Eguraldia triste, euria ez euri, Santa Ageda eguna etorri da... Zeanuriko bere ermitaraino joan da gure kazetaria. Hona bere kronikea...

Zeanuriko Ipiñaburuko kofradian, Muñiketako mendian dago Santa Ageda ermitea, itsas gaineko 483 metroko altueran, Gorbeia pare parean. Lehengo urteko argazkiak errepasatu beharra izan doguz, aurten lainoagaz Gorbeia ikus ezin egoan eta. Bertaratu diranak, aurten, osasun neurriak zaintzearren, Zeanuriko seme-alabak baino ez dira izan.

 

Gogotik egin dabe beharra bertakoak inguruak garbitu eta txukunduz, jai eguneko aurreko zapatuan. Auzolanean eta giro ezin hobean, dotore egoan ingurua. Euriak be atertu dau meza aurretik eta ostean. Gorbeia aurrez aurre egoala ez zan erreza asmatzea, hogei metro baino harago ikustea ezinezkoa zan eta.

 

Santa Ageda santea, 

Muniketako lorea; 

martirioak pasau zenduzan 

zaindutearren fedea.

 

Holan dino aspaldiko koplak. Ermita handia, xumea, ikusgarria. Alboan sakristauarentzat gelatxo eta guztiz. Mimoz zaintzen dabe auzokoek ermita hau. Horren adibide bere teilatua oraintsu guztiz barriztatua eta Fermin Pujana zeanuriztarrak egindako esku lan zoragarriak. Museo txiki bat bihurtu dabe ermita hau auzokoek.

 

Zezeilaren 5a da Santa Ageda eguna. Tradizinoak dinoanetik, Santa Ageda Sizilian jaio zan III. mendean. Orduko Quintianus gobernadoreak haregaz ezkondu gura izan eban, baina hori halan izango bazan, andra horrek kristinauen fedea ernegau behar eban. Santa Agedak, ostera, ez eban holangorik egin gura eta ondo zigortu eta ostean, hil egin eben. Bularrak ebagi eutsiezan; hagaitik, herri-tradizinoan bularreko gaixoen eta, andrazkoen osterantzeko gatxen babeslea dogu Santa Ageda.

 

Datu guztiok buruan ondo ikasita heldu hara gure korrespontsala.  Ordurako aurtengo maiordomo zerbitzua egiten daben Andoni Goikuria eta Mari Feli Astorkiak dana prest izan dabe. Aurten, pandemia dala-eta, ate biak zabalik korrientea egiteko. Aulkiak ondo markata non jarri jakiteko, hidrogela eskuetan sartzerakoan, mozala edo maskarila ondo ipinita… Eta aforoa kontrolpean beti, % 35 eko kopurua ez gaindituteko.

 


Bezperan kantatu ez ziran koplak, egokituta, meza hasieran eta amaieran kantatu dabez bertaratu direnak ozen eta gogotsu.

Mezatan abadeak sermoia bertso baten laburtu eta holan kantatu deutsie eliztarrei, Santa Ageda bezperako koplan doinua erabiliaz:

 

Zaindu egizu zure burua

ta zaindu maite dozuna,

zaindu gaitezen elkar guztiok

bat dogu etorkizuna.

Harroak gara, pentsatu dogu:

“Gure esku dana dago”.

Birusak dino: ez gagozela

Jainkoa baino gorago.

Zaindu egizu zure burua

ta zaindu maite dozuna,

zaindu gaitezen elkar guztiok

bat dogu etorkizuna.

 

“Gure burua, gure familia eta mundua jagoteko gure konpromisoagaz batera, Jainkoak, Santa Ageda bitarte dala, zaindu gagizala eskatu dogu” esan deusku Petra Uriarte Ipiñaburuko zeaniztarrak.

 

Gogoratu domekan be ospatuko dala mezea, eguerdiko 12etan, Ander Manterola abadea buru dala. Ze birusak ezin dau Zeanuriko Santa Agedako mezagaz.


 

 

 

2020. urteko kronikea: 

  Eguraldi ederraz ospatu dogu Santa Ageda aurten Muñiketako bere tontorrean. Hona hemen argazki batzuk eta abadeak bota dituan hiru ideia...



Pobreek izan ezik, gutxik zaintzen dituzte tradizioak. Aberatsak ez dira tradizioetatik bizi, modetatik baizik.

Apaltasuna da erraldoien ama. Batek gauza handiak ikusten ditu haranetatik, baina gauza txikiak bakarrik mendi baten tontorretik.




Erdi Aroa pertsona onen inguruko zientzia (hagiografia) egiten saiatu zen. Baina gure aro gizatiar eta ilustratu propioa gaiztoei buruzko zientzia (kriminologia) batean bakarrik dago interesatua.

Domekan be mezea ospatuko da eguerdian, 12:00etan.


2019.eko kronikea

Aurten be bete egin da Santa Agedako ermitea bere jai eguneko mezatan. Hainbat lagun zutunik geratu da jarleku guztiak beterik egon direlako. Eskertzeko eta zoriontzekoa auzokoen ahalegina ermitea txukun eukiten.


Barritasunik ez da falta ermita honetan.

Aurten santearen erlikia barria lortu dabe, lehengoa ostu egin ebelako. Fermin Pujanak lan ederra egin dau erlikia jagoteko duintasunez.

Meza orduko kalefazinoa be martxan egon da negu luzeak hotzitutako ermitea epeltzeko. Kanpoan be eguraldi ederra egon da, barauskarria gustora hartzeko.

"Deuna" letraren gainean ikusi leike erlikario barria.

Domekan be mezea ospatuko da eguerdian.

Santa Ageda santea, 
Muniketako lorea; 
martirioak pasau zenduzan 
zaindutearren fedea.


No hay comentarios: