Gabon zorion, zorion gabon!

miércoles, 8 de febrero de 2017

San Balendin gaztetuta itzuli da Zeanurira



Jon Urutxurtu argazkia

San Balendin zaharbarrituaren aurrean neurtuko dabe artea Eleizondon (Zeanuri)
Zezeilaren 12an, San Balendin egunaren aurreko domekan, ospatuko da jaia.

Aurten be San Balendin jaia ospatuko da Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezagutzen dan ermitearen inguruan. San Balendin egunaren aurreko domekan, zezeilaren 12an, ospatuko dabe jaia. Gainera, Eleizondora hurreratzen diranak San Balendinen irudi zaharbarritua ikusteko aukera izango dabe.

Udan eroan eben eleizondotarrak San Balendinen irudia Bilboko Eleiz Museora eta urtarrilaren 24an ekarri eben bere ermitara erabat barriztuta. Juan Manuel Gonzalez Cembellin, Museoko zuzendariak eta Aitor Bilbao, zaharbarritze lanen arduradunaren arabera, “irudia egurrezkoa da eta XVIII. gizaldiaren amaierakoa izan daiteke; horregaitik, zaharbarritze beharrak mende horretako irudien eredua jarraituz egin dira; batez be lan sakona egin behar izan da irudiaren aurpegian eta eskuetan. Irudi osoa polikromatu behar izan dogu.” 

Urtero legez, egitaraua apala, baina, aldi berean, bitxia antolatu dabe eleizondotarrek: 11:30ean mezea izango da Andra Mari parrokian; meza ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe prozesinoan, datorren urtera arte bertan ixteko, eta jarraian ermitearen aurreko artearen neurketeari ekingo deutsie. Neurketearen akta sinatu eta gero, aurtengo maiordomoak, datorren urtekoari agiri-liburua eta ermitearen giltzea pasatuko deutsoz. Ostean, barauskarria —urdaia, pamitxea eta ardaoa— banatuko da bertara hurreratzen diranen artean. Ekintza horreek herriko  txistularien eta  bertsolarien kantuen artean burutuko dira.
 
Egitarau honetan aitagarria da orain dala berrogeta bederatzi urte eleizondotarrek hasi eben eta orain dala bderatzi urte —aldi batean bertan behera itxita egon ostean— berreskuratu eta ofizialtasuna emon gura izan eutsien ekintzea: Piedadeko artearen neurketea.

Artearen neurketea

Inocencio Goikuria argazkia
Pedro Lejarzaren —elizondotarra eta antolatzaileetariko bat— arabera, “Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da; 1958 urtean landatu eben gure aurrekoak. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zan domekan —gonbit egunean— batzuetan bazkalostean, eta beste batzuetan afalostean, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz..., artea neurtu egiten eben. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta arduratzen zan. Tradizino hau apurka-apurka galdu egin zan eta azken neurketea, Kandido Intxaurragak egin eban 1999an; papertxo batean zera idatzi eban: Piedadeko artea. 99-2-14. a 1,50 circunf.: 1,50”.
 
Aurrekoek hasitako ohiturea ez dabe galtzen itxi gura eleizondotarrek, eta Pedro Lejarzaz dinoanez, “2007an neurtzen hasi ginan barriro, eta 2008an neurtzeaz ganera, agiri-liburua zabaldu genduan, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak sinatuz.  Azken urteotan zuhaitzari neurri hartzeaz Zeferino Lejarretaren semea, Gregorio Lejarreta aurduratzen zan, 2015ean hil zan arte. Igaz Gregorioren lekukoa Igor Intxaurragak hartu eban eta bera izango da aurrerantzean neurtzailea.”  

Igaz  hartutako neurria honako hau izan zan: 188 cm-ko perimetroa 150 cm-ko altueran, 2015ean baino 3 cm. gehiago. Zein neurri emongo dau aurten?  

Jon Urutxurtu

No hay comentarios: