Abenduko izarrak

viernes, 18 de julio de 2014

Gazako holokaustoa: Rufino Iraola

Gaur, jada, utzi diogu herri hautatu izateari, ez baikinen izan honetarako hautatuak

Non zarete, munduko agintariok, Gazako txikizioa ikusi eta, nik dakidala behintzat, hitz erdirik ere esan gabe? Ez duzue ikusten Israel zenbat jende hiltzen ari den? Nola hil ere! Lehergailuen suak kiskalirik, gorputzean matxura gabeko zatirik ez zutela. Eta asko eta asko haurrak. Ba al dakizue zer den haur baten aurpegi desitxuratua, taupadarik gabeko bihotza, arnasarik gabeko birikak… gurasoen besoetan? Ez al zarete ohartu Gazako haurrek Israelgoek eta mundu guztikoek bezalaxe egiten dutela negar? Zuek bezalaxe maite dituztela gurasoek beren seme-alabak? Izan al duzue ausardiarik jende koitadu horren irudiak zuen seme-alabei erakusteko? Ala baduzue estrategiaren bat horrelakorik ikus ez dezaten, eta, inolako kezkarik gabe, pistina dotoreetan igeri egin eta tokirik luxutsuenetan diberti daitezen?

Ez da, gainera, behin egin dutela eta kito! Israelen erasoa zikliko bihurtu da, behin eta berriz errepikatzen da, Mikel Aiestaran EITBko korrespontsalak dioen eran: «Hirugarren operazioa da ikusten dudana; hemen, dena bonbarda daitekeen guztia bonbardaturik dago, eta bonbardaturikoa bonbardatzen jarraitzen dute».

Zein dira, baina, arrazoiak horrelako gehiegikeria baten aurrean Komunitate Internazionala bestaldera begira geratzeko? Nire irudipena betikoa da, interes ekonomikoak daude tartean: petrolioa, armen negozioa, puntu geoestrategikoa… Ez, ez! Munduko potentzia handien baimenik gabe Israelek ezin izango luke modu horretan jarraitu, bereizketarik gabe, herri oso bat mazpiltzen, herri horretan terrorista batzuk bizi diren aitzakian. Aurrekoan Jose Luis Elorzak facebook-en galdetzen zuena parafraseatuz, zer irudiko litzaizueke Donostia, Bilbo edo Bartzelona bonbardatzea, han terrorista batzuk ezkutatzen direlako?

Esanguratsua Mijael Even David rabbiren artikulua (‘El Diario Judio’ egunkaria: 2014/07/11), ‘Judua izateaz lotsatu nintzen eguna’ du izenburua. Txema Arinasek elkarbanatu du, facebook-en. Biziki gomendatzen dizuet. Honela ekiten dio: «Gaur, Inkisizioaren suarekin elkartu gara». Eta azpimarratzekoa iruditzen zait, besteak beste, bigarren paragrafoaren hasieran datorren esaldia: «Gaur, jada, utzi diogu herri hautatu izateari, ez baikinen izan honetarako hautatuak».

Era berean, merezi du aintzat hartzea Bianditz Iraolak facebook-en egiten duen gogoeta: «Nola ahantz dezake herri batek bere historia? Nolatan negar egin sarraski batengatik, beste bat egiten ari zarenean?»
Bai Horixe, DV: 140717

No hay comentarios: