Zure misiolari Domund 2024

domingo, 25 de marzo de 2012

Musikaz hartu dabe dimoztarrek Arratia Palenque erakusketa ibiltaria


Pili Auzmendi
Goiz zoragarria kanpoan, eguzkia eta beroa. Alkartasunaren beroa, musikaren doinua San Pedro elizan Arratia Palenque alkartasun zubiak eregiten erakusketa ibiltariari ondo etorria emoteko.


Badoa bere bidea egiten Euskal Misinoen historia eta lana laburbiltzen dauan erakusketea. Egunotan Diman dago ikusgai eta aurkezpen ekitaldi betea eratu dabe dimoztarrek. Parrokiko abesbatzak hainbat kanta eskeini deutsiez bertaratutakoei.

Palenque, Ekuadorreko egoera azaldu dau Jose Mari Kortazar abadeak, urteetan han egondako misiolariak. Josune Gorospek, ArratiakoUdalen Mankomunitatearen lehendakaria danak berba labur bezain mamitsuak erabili ditu, Dima eta Arratia familia bategaz konparatuz eta misiolarien lana goraipatuz.

Hunkigarria izan da Pili Auzmendi dimoztar alabaren testigantza Kongon misiolari lez emondako urteak kontatuz eta lingala hizkuntzaz Gure Aita otoitza abestuz amaitu dau. Bihotzean ditu urte hareek Pilik!

Ikusle ugariek panelak ikusi eta kiniela misiolaria egiteko aukerea izan dabe, luntx eder bategaz amaitzeko goiza oso ondo hornidutako mahai batzuen bueltan.

Txalotzekoa benetan antolatzaileek egin daben lana erakusketa eta lehen egun hau eratzen.

Erramu domekara arte Diman egongo da ikusgai erakusketea. Hurrengo geldialdia Bedian izango da, apirilean.