Goazen 2024 Jarri bidean

sábado, 8 de septiembre de 2018

Jatortasunaren bideak: Rufino Iraola

Badakit jende jator asko dagoela. Baina hori termino unibertsaletan neurtu beharko balitz, zenbakiek aise egingo lukete behera. ‘Jator’ titulua merezi ahal izateko, denekin izan beharko genuke jatorrak. Tamalez, ordea, jatortasuna ideologia politikoak definitu ohi du neurri handian. Jatorra da, kasurik gehienetan, ideologikoki gertu dagoena. Erredundantziak balio badu, handiak dira urruntasun ideologikoak gure artean egin dituen estragoak, idazten du Rufino Iraolak bere blogean.


Ez dakit bost bat urte edo zenbat izango diren, gazte denboran oso lagunak izan ginen batek eta biok –gero hark kanpoan bizi behar izan du−, hileta batera etorri zelarik herrira, kalean topo egin genuen, eta ez ginen gai izan elkarri “adio” triste bat esateko baino. Ez ginen gelditu hitz pare bat egiteko ere. Gaztetako gure adiskidetasunak ez al zuen horrenbeste merezi? Gizalegearen arabera, baietz iruditzen zait. Errua biona da, baina pentsatzen nago berea zela lehen pausoa emateko ardura, iniziatiba hartzeko obligazioa.

Ni ibili naizen inguruan ‘abertzaletasuna’, abertzaletasun-molde jakin bat bederen, beti kontsideratu da jatortasunaren sinonimo. Zenbait kasutan, gainera, jatortasunaren paradigma esklusibotzat hartu ere bai.  Eta… hau da askotan egin izan dudan gogoeta: ezagutzen ditiat, bada, nik abertzale gehiago ere tatxa handirik gabeak, eta neu ere… ez al nauk ‘abertzale’, nahiz eta heterodoxo samarra izan eta beste hainbat balore ere oso aintzat hartu? Eta zergatik ez gaituk beste batzuk bezain jatorrak eta kontsideratuak? Euskaltzale izateak ere ez du sarritan balio, abertzaletasun jakin bati atxikia ez bada.

Behin batean –barregura ematen dit− lagun ‘jator’ batek, erdaraz noski, nahiz eta zortzi abizenak euskaldunak dituen, neure bistan esan zion beste bati: “Tú, con lo que has trabajado, a favor de la Ikastola y otras causas, no estás considerado tan ‘jatorra’ como otros en el pueblo”.

Beste behin, nire lagun baten anaiak liburua aurkeztu behar zuen auzo-herrian, festa moduko bat tartean zela, eta nire lagun horrek esan zion anaiari: “Neu ere gustura joango nindukek ekintza horretara”. Eta anaiak erantzun: “Nahi baduk joan hadi, baina hire aiekako gutxi izango duk han”». Seguru baino seguruago, haren anaiak politika zerabilen buruan.

Neuk ere esan egiten dudan fama daukat. Behin hala bota zidan inguruko batek: “Eorrek’e esan eittek-eta”. Noski! Horixe nahi dut: esanari esanarekin erantzutea, eta ez, hipermerkatuan elkar ikusitakoan, bestaldera begiratzea.

No hay comentarios: