Gabon zorion, zorion gabon!

viernes, 22 de agosto de 2014

Isiltasunaren bila

Batzuetan, edo beti, gurea bezalako kultura zaratatsuan asko eskertzen da isiltasuna. Horretan badaukagu suerte pixka bat —gero eta gutxiago bada ere— herri txikietan bizi garenok, idazten dau Rufino Iraolak bere blogean.



Eta ederki ulertzen diet, adibidez, errepide ondotik urrundurik, mendiko kanpinera, isiltasun eta lasaitasun bila, doazenei. Isiltasunaren anaia edo ahizpa bikia da patxada. Zarata-mota guztietatik gordetzea da osasungarria: festetako iskanbila, zarata akustiko eta, berdin, gehiegizko informazioaren zaratatik. Hain zuzen, ez ote dute hori dena gogoan mendiko kanpinetan edo agroturismoko etxeetan oporrak igaro nahi dituztenek? Are gehiago, oraindik, komentuetan gregorianoa entzunez patxada bila dabiltzanek.







Esango nuke zarata informatiboa dela egungo problemarik gogor eta handienetako bat, beste guztiak ahantzi gabe. Trumilka dabil informazioa medio guztietan, egoki prozesatu edo deszifratzeko inolako posibilitaterik gabe. Digitalizazioaren “abantailak” dira. Esate baterako, twitterrean bazabiltza, segundo gutxiren buruan txio mordoa jasoko duzu; hobeto, igaroko da zure pantailaren aurretik, begiratzeko betarik gabe. Eta horrelatsu beste medio guztietan ere. Gauza batzuk morroi onak eta nagusi txarrak diren bezalaxe, informazioa ere neurrian, kontrola dezakezunean, oso ona da; baina trumilka datorrenean, kontrolatu ezin duzunean, etsai madarikatua, batez ere erraz manipula zaitzakeenean.


Zaratak (edozein eratakoak, eta zarata informatiboak zer esanik ez) geuregandik aldenarazten gaitu. Eta zein garrantzitsua den nork bere barrenarekin kontu isilak esatea! Isiltasuna konforta da. Isiltasuna da norberari entzuteko modurik egokiena. Loaren parekoa da isiltasuna, kezkarik gabeko atsedena. Zarataren ondorioa da toki batetik bestera korrika ibili beharra, eta oporretan milaka kilometro egiteko premia, oporrak direla pentsatzeko. Huxley-k idazten zuen eran: «XX. mendea, beste gauza batzuen artean, zarataren aroa da. Zarata fisikoa, mentala eta desioaren zarata…». Uste dut XXI.enean ere bide beretik edo okerrago jarraitzen dugula. (...)


Rufino Iraola

 (Osorik bere blogean)

No hay comentarios: