Zer dan Aste Santua minutu baten azaldua

lunes, 15 de noviembre de 2010

Elizaren elebitasuna

Pello Apezetxea. Abadea. Gogoan dut Andres Urrutia egungo Euskaltzainburuaren errana: «Negargarria da elizaren euskararekiko jarrera». Ni ere ados nago horrekin, eta horregatik ekarri dut hona. Bospasei urte badira euskaltzainburuak hori erran zuela, eta ez da arrazoirik aldatzeko. Edota, behar bada bai, «negargarriaren» ordez gaur egun orduan baino «negargarriago» dela baieztatzen ahal baitugu. Jakin ere badakit eliztar frankok ez duela onartuko baieztapen hau. Eta berehala hasiko direla, alde batetik eta bertzetik, elizak euskararen alde egin duena goraipatzen, lehen eta gaur egun ere. Eta, nola ez?, jakitun naiz alde egindako hainbat gauza ere zor zaizkiola.



Elizaren euskararekiko jarreraz aritzean, apaizen eta apezpikuen jokaera dugu, gehienbat, gogoan, nahiz eta kargu gabeko eliztarrak gehiago izan. Baina, kargudunek dute eliztarren artean indarrik handiena, alde edo kontra egiteko. Eta horiengan ikusten dira, salbuespenak salbuespen, beti bezala, hutsune handienak euskararen iraupenerako eta euskaldunen babeserako. Aspalditik, noski, baina gaur egun ez gaude preseski unerik onenean. Azkenaldiko eta lerro hauek idaztera bultzatu nauen berria aipatuko dut. Ustez iturri fidagarriak direnetan ikusi ahal izan dugunez, Iruñeko Seminarioan lehen eta bigarren hezkuntza eskola irekitzea pentsatu dute eliztar arduradunek. Eta irakaskuntza elebiduna ezarriz. Baina, kasu!, ez euskara eta gaztelaniazko elebiduna, baizik eta gaztelania eta ingelesezkoa.

Harritzekoa? Hala behar luke izan, niri hala iduritzen zait behintzat. Harritzekoa iduritzen zait elizak horrelako diskriminazioa egitea euskararekin, bertako hizkuntzarekin, horrela baztertzea euskaldunen eskubideak, jendeari eta herriari dagokion funtsezko begirunea ukatzea. Nahiko ukazio jasaten ari gara Nafarroan aginte zibilarengandik, eta injustizia larritzat salatzen dugu. Ez genuke jokaera egokiagoren esperantzarik izan beharko Palestinako kulturan gizon egin zen Jesusen ustezko jarraitzaileengandik? Baina, ez, zoritxarrez ez naiz sobera harritzen horrelako berriaz jabetuta. Zeren eta, nolako jarrera erakusten ari da eliza, oro har, euskaldunoi dagokigunez?

Nafarroa osorako ardura bere gain hartzen dutenek, nornahi direla ere, denen zerbitzurako hartu badute ardura, denen kultura eta hizkuntza errespetatu beharko lukete, zibilek nahi eliztarrek. Eta ardura hori hartzekotan, eta ongi betetzekotan, bertako hizkuntzak jakitea nahitaezkoa dutela ohartu. eta ez badakite, ikastea. Baina, bai zera! Bai batzuk eta bai bertzeak lasai ibiltzen dira herri erdaldunetan bezala euskaldunetan erdara hutsa erabiliz, ospakizun eta elizkizunen partaide gehienak euskaldunak izanik ere. Eta ongi moldatzen direla pentsatzen, gainera, ez dutela inolako ikasi beharrik, ez dela euskararen beharrik. Eta lasai. Duela egun guti, euskaldun batzuek salakuntza gauzatu dute, arduradun zibilek euskarari buruz darabilten jokaera anekdotikoaz. Solas hau da nik ere Nafarroako eliz arduradunei egotziko niekeena. Eta euskararen harrera eta erabilera murritza, gero eta nabarmenago ari garela ikusten.

Ez naiz orain hasiko errealitate horren xehetasunen zerrenda egiten, tarte honetarako handiegia izanen bailitzake. Zenbait gogoratu behar eta, aitzineko lerroetan erranaz gain, Apezpikutegiko zerbitzuetara joatea adierazgarria da. Euskara elizbarrutian ofiziala izanagatik, han ez da ia-ia nabari. Handik ateratzen diren testuetan, salbuespenak salbuespen, gauza bera. Parrokia euskaldunetako elizkizunetan gaztelania hedatzen. Zer arduradun dira horiek? Zer eliztar dira horiek? Behin baino gehiagotan galdera egiten da, hainbat idazkitan, kristau eliza bakarra ote den, edo eliza bat baino gehiago ote diren. Arrazoi batengatik edo bertzerengatik. Gure artean ere ez naiz harritzen galdera hori entzutea. Jainkoaren kreazioaz sortu eta bizi diren kulturak eta hizkuntzak errespetatzen dakien eliza, eta gai horietaz axola handirik ez duena, batzuetan kontra ere agertuz, elkarrengandik hagitz urrun daudela iduri du.

No hay comentarios: