Domekan Familia Ospakizuna

sábado, 21 de enero de 2023

Izaro: euskal kostaldeko ikurra

 

                                                                       Izaroko Andra Mari

Izaro uhartearen alderdi ezezagunena azaleratzeko ‘Izaro: Natura eta historia’ erakusketa ondu dute Xabier Armendariz eta Anton Erkoreka komisarioek. Martxoa amaiera bitarte, Bermeoko Arrantzale Museoan dago ikusgai. Zihara Jainaga Larrinagaren erreportajea Bizkaiko Hitzan.

Historiari dagokionean, euskal uharte gehienetan ez da inor bizi izan. Kaioak baino ez dira bertatik igaro, baina, kasu honetan, Izaro uhartean, pertsona talde batek, fraide frantziskotarrek, komentu txiki bat eraiki zuten, eta bakartuta bizi izan ziren leku hartan hainbat urtez. 1422. urtearen inguruan sortu zen komentua hain zuzen; horren aurretik ez dago jasota ezer egongo zenik. “Uhartean otoitzerako espazioak, pertsonaia bakartuak, egon zitezkeela uste da”, adierazi du Armendarizek. Erkorekak duela zenbait urte idatzitako Izaro liburuan oinarritu dira erakusketa osatzerakoan.


Gertaera esanguratsuenen artean, 1483. urtean Isabel I.a Bizkaiko andre eta Gaztelako erreginak uhartea bisitatu zuen. Bisita horretan, eskailera batzuk eta harrizko galtzada bat egiteko agindu zuen erregina katolikoak, uhartearen ekialdetik komenturaino iristeko bideak zituen konplexutasunengatik. Egun, gelditzen da eskailera haien zatiren bat. Diru asko eman eta dohaintza asko egin zituen erregina izan zen Isabel Gaztelakoa. Halaber, komentua bisitatu zuenean, fraide haiekiko errukiagatik eta zuten bizitzeko moduagatik oso hunkituta geratu zela esan ohi da, ondorioz, gainean zeramatzaten bitxi guztiak kendu eta eman egin zizkien.


Bestelako pertsonaia batzuek ere egin zituzten dohaintza handiak, Isabel Valoiskoak eta Austriako Juanek, esaterako. “Bitxia da lau fraidek penintsulako ia leku guztietara zabaltzeko adinako ospea izan zutela garai hartan, eta pertsonaia handiak Izaroren botoak izan zirela”, aitortu du Armendarizek.


Kaio arrautzak, bisitari esanguratsuek eramaten zituzten limosnak edo arrantzaleek noizean behin eramaten zizkieten arrainak jaten zituzten frantziskotarrek. Armendarizek zehaztu duenez, oso pobre bizi ziren frantziskotar behatzaileak zirelako, frantziskotar pobreenak nolabait esan. San Frantzisko Asiskoaren arau zorrotzei jarraitzen zieten. Toki guztiz desolatuan bizi izanagatik egindako dohaintzei esker, ez zuten mantenua erosten inbertitu behar.


XVI. mendearen amaieran Bizkaiko kostaldeari eraso egin zioten piratek, Bermeo, Gaztelugatxeko San Juan eta Izaro uhartea erasotzea lortu zuten. Piraten lapurreta horiek erromantizismo kutsua eman izan diote uharteari. Uhartea, gainera, fraide batzuk zeudelako garrantzia zuen enklabe bat ez ezik, fraide horiek betetzen zuten nolabaiteko gizarte-lanagatik ere garrantzitsua zen. Baleak kostaldera gerturatzen ari zirela ohartarazten zuten fraideek, arrantzaleekin nolabaiteko laguntza-harremana zuten eta arrantzaleek ordainean arraina eramaten zieten jan ahal izateko.


Iragan ahaztua


Komentuak artelan batzuk izan zituen, horiek Bizkaiko museo, eliza eta abarretan sakabanatuta egon dira gaur egun arte, eta berreskuratzea lortu dute. “Arte-ondarea sinestezina zen. Oso modu soilean bizi izan ziren, aberats gisa bizi zitezkeenean”, adierazi du Armendarizek.


Izaro uharteak xehetasun interesgarriak ditu. Froga gisa, erakusketa honetarako uretan galdutako uhartetxo batetik atera ahal izan den informazio kopurua edota lotzen zaizkion kondaira guztiak. Gustatu edo ez, irudimen kolektiboan jarraitzen dute. Zenbait elementuk misterio-halo moduko bat jarri dute uhartean. Armendarizek nabarmendu du erritu edo jai moderno samarrak baino ez direla ezagutzen, eta batzuetan zaila izaten dela atzean zegoenaren oroimenari eustea. Jaiegun modernoek, nolabait, atzean dagoen historia eta are gehiago leku bakartuetan dagoena eklipsatzen duela uste du Armendarizek. Izaroren kasuan, geratzen diren hondarrak bisitatu ezin direnez, jendea modernitatearekin geratzen da.


1980ko hamarkadan, jende askok ezagutzen zuen Izaro Films produkzio-etxea filmengatik, baina ez zekien non dagoen izen hori duen uhartea. Horrek erakusten du toki bat ikono izan daitekeela ikuspuntu desberdinetatik. Armendarizek azpimarratu duenez, uhartea nondik begiratzen den, hortxe du interesa. “Beste leku batzuk, Izaroren alderdi bakar batengatik, garrantzitsuak izango lirateke; horregatik, Izaro oso leku osoa da”.


Artikulu osoa hemen klikatuz

No hay comentarios: