Domekan Familia Ospakizuna

viernes, 7 de agosto de 2015

Bila dabilena: Rufino Iraola

“Animalia arrazionala” da gizakiaren definizio nagusia, eta ofizialki bakarra. Baina norbaitek deitu izan dio “animalia erlijiosoa” ere, besteren batek “animalia politikoa; Unamunok “animalia sentimentala” deitu zion. Nik esango nuke gizakia, batez ere, “animalia bilatzailea” dela. Irriken eta desiren morroi dago, eta horiek agintzen diotenaren bila dabil, barrua asetzeko, idazten dau Rufino Iraolak bere blogean.

Baina, zinez, zeren bila dabil gizakia? Esango nuke era guztietako objektuak eskuratu nahi dituela. Gauza asko izatea da gizakiaren hondo-sakoneko irrika: dirua, jakintza, fama, agintea, lagun otzanak eta esanekoak, gustuko erlazioak… Beraz, kanpotiko objektuetan, gauza materialetan, ipintzen du bere zorion-itxaropena eta barrua asetzeko esperantza, lehenik behintzat.

Barrua asetzeko klabea ez al dago, ordea, barruan bertan? Bilaketak gauza handietan amets eginarazten digu, sarritan, ordain ederra pagaturik bada ere, antsietate, depresio eta beste sintoma patologiko batzuk esnarazita. Ametsetan eta lainoetan ibili ohi gara ustez falta zaigunaren bila, eta lurrera jaistea da kontua.

Eguneroko gauza txikietan dago dena: kafetxo bat lagunartean, esklusiorik gabe, inguratzen dena onartuz, eta “nire lagunak nik aukeratzen ditut” bezalako esaldiei jaramonik egin gabe, inor onartzen duzun neurrian ari zara zeure burua onartzen. Oso selektiboa izateak onura gutxi dakar.

Diru-gosea izan litekeen gaitzik txarrena jotzen dute askok. Ez naiz harritzen honelako esaldiak entzutea: “dirua, ardoa bezalaxe, morroi ona eta nagusi txarra”; edota beste hau, diru dezente pilatu duenari buruz: “horrek ere hemen utzita joan beharko dik, ba!”.

Jakintzak, konpartitzen ez bada, ez du deus balio. Automobila garajetik atera gabe edukitzea bezala da. Jakintza ‘presumitzeko’ denean, “jakintsua” tonto bihurtzen da. Dakizuna besteei erakustea da jakinduriarik handiena. Idazleoi askotan leporatu izan zaigu zenbat dakigun erakusteko idazten dugula estilo jakin batean edo hitz potoloekin. Horrela bada, kritika justifikatua dago.

Fama, gehienetan, oso suntsikorra izan ohi da. Eta fama ondo eramaten dakitenak aurkitzea ez da erraza. Nolanahi ere, zoriona famaren esku uztea arriskutsua da.

Agintea zerbitzua dela entzun dugu beti. Baina ez daukagu hala den konstantziarik. Hala ere, zorionez, ezagutzen ditugu zerbitzari handiak. Eta beti gauza bera entzun dugu horiengandik: “Ez gara gu horiei laguntzen diegunak, beroiek laguntzen digute guri”.

No hay comentarios: