Goazen 2024 Jarri bidean

jueves, 6 de septiembre de 2012

Zeanuri: 25 urte ermitaz ermita

Santa Lutzi ermitea. Zeanuri

Txalogarria ekimena. Bizkaiko lehena guk dakigularik. Zeanurin Delbin Manterolaren (Goian bego!) gidaritzapean, lagun batzuk martxan jarri eben oraindino lotu edo gelditu ez dan ibilaldi hau.
Aurten 25. edizioa, gaur egun Joko Alai kirol elkartearen eskutik.


Lehen aldi haretan argazkiak ataratzeko era be baegoan, Tibur argazkilariaren laguntzaz Konica diapositibak ataraz. Ermita guzti guztiak ikusi gurean, Igiñako Edurretako Amaren baselizaraino heldu zan martxea, Gorbeia mendiaren magalean. Larregi izan zan. Ordutik hona ibilalditik kanpo geratu da ermita hau.

Aurten 25. edizioa, une ona gogoratzeko eta eskertzeko ekimen barritzaile hau martxan jarri eban zeanuriztar taldeari. Eskerrik asko kultura, ondarea, erlijioa eta kirola uztartzearren proba honetan. Herriko aberastasun hau gordetzeko gogoa eta zabaltzeko asmoa eukitearren. Eskerrik asko zuoi!

www.arratia.tk

Hona hemen aurtengo kronikea Jon Urutxurturen eskutik.





ZEANURIN,  ERMITARIK ERMITA

Irailaren edo Urri lehenengoaren 8an, zapatuan, izango da Ermiten XXV. Mendi Martxea

Iraila edo Urri lehenengoaren 8an, zapatuan, burutuko da Zeanuriko Ermiten Mendi Martxea. Orain arte ibilaldia domekan izaten izan bada be, aurten zapatura pasatzean erabaki dabe antolatzaileek; ganera, klasiko bihurtu eta Bizkaiko zaharrenetako dan oinezko martxa honek 25 urte beteko dauz eta izaera berezia izango dau. 1988an antolatu eban lehenengo aldiz Joko Alai Kirol Alkarteak eta ordutik hona hutsik egin barik eutsi deutsie zeanuriztarrek urteroko ziteari. Helburuak hasierako berberak dira:  zapatu goiza natureagaz hartu-emonetan eta kirola eginez emotea, eta herritarrei zein kanpotarrei Zeanuriko ingurumari zabalak eta ondare kulturala —kasu honetan batez be erlijiosoa— erakustea. Ez dira gitxi, izan be, herri honetan han-hemenka azaltzen diran ermita edota eleizak, guztira hogei. Dana dala, ibilbide osoa egiten dabenek hemeretziren ingurutik igaroko dira, Egiriñako (Gorbeia) Edurretako Amarena kanpoan geratzen da eta.

38 kilometroko ibilbidea

Zeanurin parrokia bi eta hamazortzi baseleiza —bakotxa bere berezitasunakaz eta historiagaz— aurkitu daitekez udalerria osatzen daben zazpi kofradietan sakabanatuta. Eta beste elementu batzuekaz batera, baseleizak auzuneei nortasuna emoten deutseen ardatzetako bat dira. 

Ondare erlijiosoa bisitatu eta ezagutuz, aldi berean natureagaz hartu-emonetan jarteko aukera parebakoa eskaintzen dabe ibilbidea osatzen daben hogeta hamazortzi kilometroek. Urteerea herriko plazan izango da, eguneko lehen argiak kukurruku egiteaz batera, 07:30ean. Atera eta bost bat minutu geroago Eleizondo auzunean sartzen da ibilbidea, lehenengo, Piedadea izenaz ezagutzen dan baseleizea aurkituz; oraindik kontserbatzen den Erdi Aroko galtzadaren tarte txikia zapalduz, eta ermitaren eleizpetik igaroz, atoan, Andra Mari parrokiarekin topo egiten da. Eleizea harro azaltzen da, bere kokaera estrategikotik herrigunea kontrolatzen dauala; sei urte itxita egon eta eraberritua izan ondoren, 2.000ko abuztuaren 15ean zabaldu ebazan ateak barriro. Barroko estiloko erretaula ederra gordetzen dau bere barruan Andra Marik. Ezin da aitatu barik itxi parrokiaren eta Piedadearen artean altxatzen den altzairuzko gurutzea, Gorbeiako gurutzearen mendeurrena gogoratzeko 2001ean Nestor Basterretxeak egindakoa.

Eleizondotik ibilbidea Asterria kofradiako lurretan sartzen da, Santi Kurutz baselizearen bila; Zeanuriko mugen barruan egon arren, eleizaz areatzatarra da. Goranzko joerari ekinez, Ogarabeiti auzotik Ogaragoiti auzora igoz, San Andresera heltzen gara; baseleizaren barruan zein kanpoaldean hazurrak aurkitu ziran eta auzoko zaharrek dinoenez, Orozko eta Zeberio aldetik ekartzen ei ziran hilak hemen hilobiratzeko.

Bideari ekinez, eta Urrekoatxa (582 m.) mendia ezkerrean itxiz, Zeanuriren eta Dimaren arteko mugarako norabidea hartzen da San Blasera heltzeko. Mugarrietara begiratuz ermitea Dima partean kokatzen bada be, lurra Zeanuriko Ibarguen Kofradiaren jabetza da. San Blasetik aurrera bideak beherantz egiten dau, eta arnasa hartzeko aukerea emoten dau, Altzuste Kofradiako lurretan sartzera daroan aldapatxoari barriro heldu baino lehen. Altzusten bi ermita dagoz zain: San Migel eta Santa Lutzi. Deigarria da San Migeleko kanpaietako batean irakur daiteken idazkuna: “En el ambito donde resuene mi voz no triunfarán los liberales”. Dirudienez, intera batean karlistak edo kontserbadoreak izan ziran jaun eta jabe paraje honeetan...

240-N gurutzatuz, Undurraga auzunerantz jarraitzen da Bilbo urez hornitzen dauan  urtegi bukolikoa eskuinaldean itxita. Arratia ibai zeharkatu ostean, San Pedrori kuku bat egin eta Ipiñabururantz egiten dau bideak, bertan aurkitzen diran eleizea eta baseleiza bien bila: Santiago,San Adrian eta Santa Ageda.

Bigarren parrokia

Santiago Zeanuriko bigarren parrokia da, eta eleizatik hur dagoan hilerrian —herriko bigarrena— lurperatzen dabez gaur egun be ipiñaburuztarrak. Parrokia honetako bateo agiriak —Derion, Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboan gordetzen direnak— Bizkaiko zaharrenak dira, 1501ekoak hain zuzen be. Eleizpean indarrak berreskuratzeko tokia jarten dabe antolatzaileek. Kopautxoa egin, arnasa hartu eta indarrak barritu bezain azkar, Santa Agedara; urtero, santa siziliarraren egunean, jai bitxia ospatzen da ermita honetan: herriko talde batek, dultzaina eta panderoaren soinuaz lagunduta, Santa Agedari bere omenezko koplak abesten deutsaz mezearen hasieran.

Aurrerantzean, Atxondo igaro eta Muñegi aldetik aurrera eginez, estartarik estarta, Zanburuko (789 m.) hatxaren itzalpean jarraitzen da, Altzuako San Juanera ailegatzeko. Ermita hau XV. mendearen amaierakoa da; hemen egindako indusketa arkeologikoetan epigrafe funerario —baseleizearen barruan gordetzen da— aurkitu zan honako idazki honegaz: Zeiani c/m suo ger/mani. Laun/ti In cor/pore suo/ +S+N ob/it (...)/O(...) ER/(...)DCC. Zeanuri herriaren izanari buruzko idatzizko lehen aitamenetako bat da; ganera, kontuan izan behar da gaur egun be zeanuriztarrek, aho-hizkuntzan, Zeani izenaz deitzen deustsiela euren herriari.

Altzua kofradiatik Otzerinmendi kofradiara zuzentzen dan pistatik 20 bat minutu ibili ostean, San Justo azaltzen da haresdui zoragarri baten erdian. Artzaintzeagaz daukan loturea erakusten dau baseleizaren egitureak, eraikinaren atal bata eleizea dan bitartean, bestea ganadua babesteko kortea da eta. Ermitatik ehun metrora dagoan karobiak be bisita merezi dau: urtero abuztuaren lehenengo asteburuan IpizkiTaldeak isiotuten dauana da.

Otzerinmenditik plazara

San Justoko haresduia zeharkatuz eta beherantz pare bat kilometro ibili eta gero,  San Lontzo azaltzen da. Tradizioaren arabera, Gorbeiaren bestaldean dagoen Orozko herritik ekartzen ei ebezen gorpuak hemen lurperatzeko; gertaera honen lekuko Pagoniotzetako andabidea toponimoa da. Baseleizearen atzealdean, sakristiako leihopean, irudi eskematikoa grabatuta daroan harlandu bat dago; Ybarra y Bergéren arabera, XI. mendekoa da eta Amabirjina Umearekin irudikatzen dau. Harri hau aldarepean aurkitu ei eben. Azpimarratzekoa da be oraindino gaur egun baseleiza honen eleizpean, Uribe eta Otzerinmendiko kofradiek egiten daben urteko batzarra, ermita hau bi auzuneei jagoke eta.

Errekatxoagaz topau arte aurbeheran jarraitzen da eta errekatxoa zeharkatzagaz batera Uribe kofradian sartzen gara; hiru baseleiza aurkitzen dira bertan: San Migel, San Urban eta San Pedro, hirugarren hau Axpeko jauregiaren jabetza.             Jadanik ibilbidea azken txanpan sartzen da, eta ibiltariak  txiri-txiri zuzenduko dira herriko plazan itxaroten eukiko daben helmugearen bila. Plazan bertan, San Isidro eta bere aurrez aurre dagoan San Antonio ermiten artetik igaro bezain laster helmuga azaltzen da.

Amaitzerakoan, hogeta hamazortzi kilometro eroango dabez oinetan parte-hartzaileek, baina ziur zitari erantzuteak mereziko deutsiela, ondare erlijiosoa ezagutzeaz batera uda udazken bihurtzen dabilen sasoi honetan natureak erakusten dauan koloreen sinfoniaz gozatzeko aukera ezin hobea eskainiko deutsielako Zeanuriko Ermiten XXV. Mendi Martxak.

Testua  Jon Urutxurtu


MARTXARI BURUZKO ZEHETASUNAK

* Izena emotea:
-  Urri lehenegoaren 8a aurretik: 5 € sartuz BBK-ko kontu-zenbaki honetan:
    2095 0335 29 3830586275.
-  Egun berean: 06:45etik aurrera, herriko plazan, 7 € .
- Joko-Alaiko bazkideak eta 14 urtetik beherakoak: 2 €.
* Urteerea: 07:30ean, Ibarreta pelotalekuan.
* Jan-edana: San Blasen,  Santiagon eta San Juanen.
* Ibilbide ezbardinak:   - Luzea: 38 Km.
                                        - Ertaina: 30 km. San Juanetik helmugara.
                                        - Laburra: 15 km. San Migeletik helmugara,
* Helmugako kontrola: zabalik egongo da 11:00etatik 15:30era.
 
* Pelotalekuko dutxak zabalik egongo dira.


No hay comentarios: