Abenduko kanta: Belenen jaio jaku

jueves, 24 de noviembre de 2011

'Arratia-Palenque. Alkartasun zubiak eregiten' erakusketa ibiltaria Igorren abiatuko da

Arratia-Palenque. Alkartasun zubiak eregitenerakusketa ibiltaria zabalduko dabe zemendiaren 25ean, Igorreko Lasarte Aretoan, 19:30ean. Hurrengo hileetan bailarako beste herri batzutan egongo da. Los Riosko (Ekuador) misinoen eta Arratiaren arteko alkartasunean sakontzeko asmoz antolatu da erakusketea. Inaugurazino ekitaldian omenaldi hunkigarria egingo jake Los Riosera heldu ziran lehenenego misiolari arratiarrei eta hareen familie, irakurten dogu Bizkaie aldizkarian. 


Arratiako Eleizeak antolatutako erakusketa honen helburu nagusia da Arratia eta Ekuadorreko Los Rios probintziaren artean orain dala 64 urte eregi zan alkartasun zubia sendotzea. 1948. urtean Los Riosko misinoa zabaldu eben espedizinoko zortzi misiolarietatik hiru arratiarrak ziran: Maximo Gisasola eta Eusebio Ozerinjauregi zeanuriztarrak, eta Frantzisko Arraibi lemoarra.

Inaugurazinoan izango dira Bitor Garaigordobil gotzaina, Los Riosera joan zan lehenengo taldeko kidea, eta Jesus Ramon Martinez de Ezkerekotxa, Los Rioseko azkenengo gotzain euskalduna. Eurekaz batera, Eusebio Ozerinjauregi, Maximo Gisasola eta Frantzisko Arraibiren senitartekoak be egongo dira. Arraibi bera, osasunez ondo egon ezkero, han izango da; izan be, bera da bizirik dagoan lekuko bakarra. Arratiako udaletako eta mankomunidadeko ordezkariak, historiazaleak eta Arratiako jente solidarioa ez dira faltako. 

64 urte beteko dira Arratiak eta arratiarrek Los Rioseko probintziagaz harremon estu eta berezia hasi ebenetik. 1948. urtean Pio XII.a Aita Santuak baimena emon eutson Gasteizeko eleizbarrutiari –sasoi haretan Donostia eta Bilbo be bere parte ziran– misinoa zabaltzeko. Ordura arte misiolari bakarrak orden erlijiosoetako fraileak ziran. Aita Santuaren aginduak jarraituz, Carmelo Ballester Gasteizeko gotzainak honako abade zortzikotea bialdu eban Los Riosera: Elias Zuloaga, Leandro Zaloña, Gregorio Alonso, Luis Alberdi, Bitor Garaigordobil, Frantzisko Arraibi, Eusebio Ozerinjauregi eta Maximo Gisasola. 

Zortzi horreen artean lau bizkaitarrak ziran, eta hiru arratiarrak: Bitor Garaigordobil (Abadiño), Frantzisko Arraibi (Lemoa), Eusebio Ozerinjauregi (Zeanuri) eta Maximo Gisasola (Zeanuri). Orduan idatzi eben Arratia bailarako historiaren orrialde solidario ederra arratiar prestu honeek, fedearen eta abenturearen tintaz idatzi be. Orrialde hori batu, balioestu eta zabaldu gura dau Arratiako Eleizeak Arratia-Palenque. Alkartasun zubiak eregiten erakusketeagaz. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa eta Arratiako mankomunidadearen eta udalen laguntzea izan ditu. 

Argazki, mapa eta testuen bitartez, misinoaren historia eta gaur egun lurralde hareetan egiten dabilzan lana batzen dira erakusketan. Javier Lacalle Laka zornotzar artistak erakusketea iragarteko diseinau dauen kartelean azaltzen dan lez, Gorbeiako gurutzea eta Los Riosko mapea alkar besarkatzen dira alkartasun zubiak eregiz, hirurogei urtetik gora Arratiako herriaren eta Ekuadorreko kostaldeko herri montubioaren arteko bizia, amesak eta fedea komunikauz. Nazinoarteko alkartasunak irribarrea sortzen dau Palenqueko umeen aurpegietan, eta kartelaren behealdean euren agurra eskaintzen dabe Bizkaiko lau abade misiolariek.
Erakusketearen beste zati batean, gaur egun lankidetzan, garapenean eta askapenean egiten dabilzan lana erakusten da, adibide lez, sasoi haretan Vinceseko parte eta gaur egun udal edo kantoi dan Palenqueko errealidadea aurkeztuz: nekazal kooperatibea, emakumearen lana, osasuna, herri kulturea, heziketa… 

Ez dira ahaztuko munduko makina bat txokotan misinoetan lanean dagozan arratiarrak be: Juanita Agirre eta Maribel Egiluz Igorreko mojak, bata Perun, Congon bestea; Bediako Conchita Basaguren, Venezuelan; Zeanuriko Joan Etxebarria Bogotan (Kolonbia); Dimako Maria Luisa Artabe eta Felipe Bustinza, Kolonbian eta Madagaskarren, eta Javi Pertika Txilen edo Blas Esparta Argentinan… 

Azken atala gaur egun Arratian misinoen alde egiten diran hainbat ekintza azaltzen dira: Igorreko tonbola solidarioa Gabonetan; Agate Deuna eguneko diru-batzeak; Caritas Arratiak jairik jai, herririk herri antolatzen dituan Bidezko Merkataritzako postuak; edo etxerik etxe hiruhilabetean behin Arratian zabaltzen diran Los Rios izeneko aldizkariaren 400 aletik gora. 

Erakusketearen inguruan beste ekintza batzuk antolatu dira, adibidez, “Kiniela misiolaria”, aurkeztutakoari buruzko galdera errazez osotua, parte-hartzaileei Bidezko Merkataritzako produktuen otzarak irabazteko aukerea emongo deutsona, hau guzti hau Arratiako Caritasek lagunduta. 

Gaian sakondu nahi izan ezkero, eskura izango da "Palenque bertatik" liburutxua eta www.arratia.tk web gunean erakusketearen informazino eguneratua izango da.


Jon Urutxurtu