Goazen 2024 Jarri bidean

domingo, 15 de abril de 2018

Zeanuri: Andra Mari Parrokia

Eguaztenean, arrastiko 4:45etan bisita gidatua parrokian. Hori dala-eta, aspaldi Ander Manterolari egindako alkarrizketa bat berreskuratzen dogu. Bideo bi be bai!




Zeanuriko Andra Mari parrokiaren ganean gehiago jakin guran, Ander Manterolari alkarrizketa bat egin geuntsan Gabonetako oporretan. Hemen kontauko ditugunak berak esandakoak dira.






Zeanuriko eleizak. Eleiza nagusiak eta eleiza txikiak.
Zeanuriko herrigunean eleiza bat baino gehiago dago: Andra Mari parrokia, San Isidro, Piedadea eta San Antonio. Azkenengo hori txiki-txikia da eta asko konturatu be ez gara egin dagoanik. Baina Zeanuriko herrian badago eleiza gehiago be: Ipiñaburun, Santiago; Altzustan, San Migel eta Santa Lutzi; Asterrian, San Andres; Uriben, San Urban eta San Migel; Altzuan, San Juan, etab. Guztira eleiza nagusi edo parrokia bi (Andra Mari eta Santiago) eta 18 ermita dagoz. Baina ze desbardintasun dago ermita eta parrokien artean?
Anderrek esan euskun lez, eleiza handietan badagoz hiru gauza ermitetan ez dagozanak: sagrarioa, ortu santua edo hilerria eta pontea. Horregaitik, gaur egun ermita edo eleiza txiki diran batzuk inoiz parrokia izan dirala dakigu, ezaugarri horreetakoren bat gordeten dabelako. Esaterako, San Migel Altzustakoan, San Juanen edo San Lontzon antxinako hilobien arrastoak dagoz.

Andra Mari parrokia

Nork eraiki eban?
Herritarrek eraiki eben, baina ordaindu etxe aberatsek. Hiru etxe egozan oso aberatsak: Alkibar, Aspekoa eta Akaurikoa (Asterrian). 




Noz eraiki zan?
Eleizea gaur egun dagoan moduan 1702an eraiki zan, eleizaren atearen ganean ipinten dauan moduan. Idatzi horretan Martin Olabide kanteruak eraiki ebala dago idatzita eta ordaindu ebenen izenak be agertzen dira.
1702an eleizearen atal bat egin zan, torrea barik. Berrogeita hamar urte geroago torrea egin zan. Esaten da torrearen zimentuak errekaraino heltzen dirala eta oinarrian egur-ikatz kargak dituala. Antza danez, egur-ikatza harri egiten danean, zimentazino sano ona ei da. Eta horreri esker ez da jausi eleizea, ze eleizearen beste atalean oinarria arbelezkoa da, eta mobidu egin zan, baina torrearen zimentazinoari esker ez zan jausi.
Eleizearen aurrealdean antxinako kanposantua dago.

Zergatik dago parrokia herrigunetik urrin?
Parrokia egin zanean plazea ez egoan gaur dagoan moduan. Errepide nagusia be ez zan pasetan gaur doan lekutik. Eleizea egin zan sasoian bidea Otzarretatik etorren; Undurragatik, Altzibergo zubitik, Arregitik, gaur eskolak dagozan lekutik, Aldatzeko sakonetik, eta Piedadetik joian.


Piedadean orduko errepidearen (erregearen bidea) arrastoak dagoz.
Horrezaz ganera, kondaira batzuk be badagoz eleizearen kokaguneari buruz. Esaten da eleizea ordaindu ebela herriko hiru etxe aberatsak eta eurek erabagi ebela eleizea non egin. Kondairak dinoanez, euren etxetik oinez urten eta alkar topatzen ziran lekuan bertan egitea erabagi eben. Horregaitik esaten da parrokia plazatik urrin baina beste leku batzuetatik hurrago dagoala.
Beste kondaira batek dinoanez, hasi ziran egiten eleizea behean, baina gauez aingeruak eroaten ebezan harriak goiko eleizara gurdian. Ama Birjinak berak aukeratu ei eban goiko eleizea egiteko lekua eta horregaitik esaten da leku santua dala. Herriko jenteak esandakoak dira horreek.

Piedadea
Piedadea parrokiaren ondoan dagoen ermitea da eta bertatik pasetan zan lehenagoko bidea. Handik pasetan ziranak kurutzeari errendia egiten eutsien (makurtu), eta holan adierazoten eben eurak kristauak zirala. Horregatik deitzen jake horrelako ermitei “umilladero” erderaz. Holango ermitak, barrutik bidea daukienak, egoten dira eleiza nagusien ondoan, eleizara sartu baino lehenago errespetua erakusteko kurutzeari. 

gure eleizearen zaindaria
Eleizearen zaindaria Andra Mari da. Erretaulan ikusi geinken moduan, ezarrita dago altzoan ume Jesus dauala. Horixe da Andra Mari, ezarrita dagoan Ama Birjinea. 

zenbat altara dago parrokian?
Altara bat dago, baina lehenagoko denporetan bost altara eukazan. Hurrengo baterako itxiko doguz erretaula ederraren gorabeherak, oso polita dalako. Urrinetik ekarritako koadroak daukaz, Flandeetatik-eta.

Ander Manterolagaz egindako berbalditxoan gauza asko ikasi genduzan. Hemen idatzitakoa zuon interesekoa be izango dala pentsetan dogu.
Jon, Olatz, Beñat, Leire,
Batirtze, Maite, Arantxa, Miren
2011.urtean argitara emona

No hay comentarios: