Hona esandakoaren laburpen bikaina...
GARIZUMAKO ERRETIRORAKO
Oinarria: Antzaldatzea
—Krisia
—Erantzukizuna
—Erabagia
—Aita senideengan zerbidu, goratu,
aintzaldu
Agurrean
1) Nortzuk alkartu gara? Aurkezpen labur bat,
izena eta gitxi gehiago.
2) Ze zerbitzutatik gatoz? Ospatzaile, Katekista,
e.a.
3) Ze egoeratan bizi dogu zerbitzu hori?
4) Ze egoeratan bizi dogu gure sinismena?
Garapena
Eskerrik asko!
Eskerrak emonez
hasi gura dot ekitalditxo hau, honetarako duin aurkitu nozuelako. Nire
urduritasunetik eta epelkeriatik emongo deutsuet ahal dodantxoa.
Baina eskatu ere
egingo deutsuet. Badakizue: mahaikadea ederrenetarikoa izan arren, gogo barik
hurreratzen bazara haretara, ez zarala asetuko; gosez hurreratzen bazara,
barriz…
Hasi gaitezan
geure burua aurkeztetik, eta Jainkoaren edo ingurukoen jakinaren gain jartetik.
Neure buruaren aurkezpena
—Ezagutzen ez nozuenontzat… Mikel naz
(Txo). Lemoan sei urtez zerbidu neban, eta orain Gernikaldean nago, Gernikako
abadetxean, ezagutzen dozuezan Iñaki eta Joseba abadelagunekaz bizi izaten, eta
Kortezubi, Gorozika, Ibarruri eta Ajuria elizetaz arduratuta. 68 urte egiteko
nago, hondo hestetik operatuta, eta jubilatuta egon behar izango neukela uste
dot, bestela Elizara laikoen aldia ez dala-ta helduko.
—Nor zaree zuek? (…)
Gaiaren aurkezpen lez
Hiru arlotan lez
banatuko dot ekitaldi hau neure kezkei erantzun guran. Hau da: otoitzaldi hau
neuretzat izango litzateke, ba, lehenengo ta behin, eta ea zeuei ere balio
deutsuen. Poztuko nintzateke.
A) Nik sinismena lantzeko aukerea izan dot, eta
benetan nago eskertuta hori dala-ta. Gauza edertzat daukat sinismena eta, bera
barik, ni ez nintzatekela neu izango uste dot. Holango aukerak, ba, gogoz
aprobetxatzen dodaz onuragarri dodazalako. Eskerrik asko, ba, barriro ere,
aukera hau emoten deustazuelako.
Era berean, sinismena lantzeko aukerarik
izan ez dabenak dakardaz gogora eta otoitzera, aukerarik balebe aprobetxatu
daiela eskatuz. Sinismena (?) zama (karga) astuna dalako, lantzen ez bada,
bizitzako hautaketea ez bada; Jesusi jarraitze lez ulertzen ez bada; gidaritzat
Ebanjelioa hartzen ez bada… Zama astuna eta alperreko
gauzea; onenean ilusino hutsa.
Landutako sinismena argi bihurtzen da;
helburu batera bidean bakarrik barik lagunagaz joatea da, eta norbere buruari,
ondokoei eta inguruari balio barri bat emoten laguntzen dau.
Ez dau bizitzea errazten; ez dauz arazoak
konpontzen edo kezkak ezabatzen… Baina bai bestelakotzen
dauzala guztiak: neure sudurpekoak izatetik Jaunarenak lez ulertzera
eroaten dau. Eta hau barruan bizten danean zein deskantsugarri dan, zelango
lasaitasun eta itxaropen bihurtzen dan…
B) Nire abadetza
aldian zehar hainbat eliztar zintzo ezagutu dodaz, laguntzeko beti prest
egozanak, dei guztiei erantzuten eutseenak, borondate onekoak… Ezagutzen dodaz
baita mezatara zeozer egiten edo zerbitzuren bat beteten hurreratzen
ziranak eta gaur egun aldenduta dagozanak. Eta neure buruari zerau galdetzen
deutsot: non dira gaur egun bai batzuk eta bai besteak, asko eta asko elizatik
agertu ere ez dira-ta egiten? Zer jazo jake? Eta baita beste hauxe ere
galdetzen deutsot: zergaitik jarraitzen dot nik nagoan lekuan, edo lanean edo
zerbitzuan?
Batzuk aldendu badira, edo haserre
bategaitik izan da, edo egiten ebena egiten ez dalako gaur edo beste batek
egiten daualako; edo abadea aldatu dalako…, edo ezin dabelako.
Eta hauxe da erantzuten dodana: eliz
lanetan edo haren inguruan diharduenek eta kezkaren bataz hurreratzen diranek,
euren sinismena lantzeko aukerea balebe, eta aprobetxatuko balebe, ez litzateke
beste gauza bat jazoko?
D) Baita beste kezka hauxe ere bajatort burura.
Jainko ze irudi jaso dogun, eta Jainko irudi horrek zenbat kontraesan,
ulertezin eta barregura sortuazoten dauzan. Askorentzat umekeria da; baina
kalterik egiten ez dauanez ondo eroan daitekena. Beste batzuk, holangorik jasan
ezinda, bertan behera itzi dabe, eta oraindino horretan jarraitzen dabenei
(dogunoi) barre egiten deutsee (deuskue), eta aurpegira botaten deuskuez gure
kontraesanak, hutsegiteak eta epelkeria…
eta ez dabe arrazoi faltarik.
…
Guzti hau kontuan
hartuta, eta aurreko domekako (Garizuma aldiko 2.eko) ebanjelioaren argipean,
gure sinismen hau KRISIAN jarri beharra daukagula bururatu jat. Ba dakit
krisiak mingarriak izaten dirana; baina baita, handik urtetean, hartzen dan
poza ere ba dakit. Eta honetan lagundu gura izango neuskizue, argi itziz zeuen
ahaleginaren araberakoa izango dala arrakastea.
Bakotxaren kokapena…
—Nire sinismena
hartua eta landubakoa da, inguruaren arabera bizi dodana? Noiz, zelan eta
zenbat landu dot? Katekista, Ospatzaile edo Liturgian Irakurle izateak berez,
beste barik, lantzen dau nire sinismena?
—Hainbat ezagutzen
dogu, eta urrun joan barik, geure hurreko inguruan bertan baino, eliztar
izateari (mezatara joateari, sakramentuak hartzeari edo otoitzari ere) itzi
deutsonik. Eta ez dagoz urduri; lasai bizi dira… Zerk eragiten deusku guri
egoera horretan ez jausteko?
—Zer bilatzen dot
nire eliztar ibilbide honetan (Katekista lez, Liturgi-laguntzaile lez edo
sinismenaren bilatzaile lez…): hobea izate bidean urrats bat gehiago emotea? Eskatu
deustanari ahal dodan laguntzea emotea? Hartutako bizitzea Jainkoari eskertzea
eta, horretarako, Jesusek lez sinistea?
Sarrera orokorra
Garizuma aldiko
berbea «BIHOZBARRITZEA» dogu.
Askotan aitatu dogu, eta aitatzen eta aitatuko dogu oraindino. Etxe-etxeko
dogu. Baina, ze esangura emoten deutsogu? (----)
Zure aurpegi bila abesten
dogunean, barrutik eta antsiz dinoguz berbok? Benetan gara Jainko egarri?
Autortzen dogu Jainkoari begira barik, geure egunerokoari begira gagozala, eta
han aurkitu geiken ezinak jarten gaitula eskale Jainkoaren aurrean, baina berak
guretzat zer daukan bilatu edo galdetu ere egin barik?
Bihozbarritzea
beste hauxe ez ete da, ba?: Jainkoari begira jartea eta harengandik niretzat,
guretzat (talde, familia, ea.) zer daukan hartzea? Eta non aurkitu geike haren
erantzuna?
Aurreko domekako
(Garizuma aldiko 2.eko) ebanjeliora hurreratuko gara, baina aurretik azalpen
batzuk emonez, edo ohar gogoangarri batzuk eginez. Bilatuko doguna hauxe da:
gure sinismena bizi izateko erea krisian jartea, eta bizikera barri bateko
lehen urratsak emotea, edo emoten diharduguzan urratsak sendotzea. Hasi gaitezan
abesten:
Kantua: «ZURE AURPEGI BILA»
R/. Zure aurpegi bila gabiltza gu, Jauna,
zu zaitugu argi eta salbamen,
zu, Jauna, biziaren babes.
Uste on izan Jaunagan eta izan gizon,
jaso bihotza eta Jaunagan sendo egon.
Zelan dan aita bere umeentzat bihozbera,
halantxe da Jauna fededunentzat onbera. R/.
Ez gaitu hartzen gure hobenen neurrietan,
ezta joten ere gure erruen ordainetan.
Berak deutsuz, bai, parkatzen zure hobenak
eta osatzen deutsuz harek zuri gatxak danak. R/.
GAIA: «Jesusengan sinistu? Jesusek lez sinistu!»
Ohar gogoangarriak
Ezagutzen dogula
Jesus, uste dogu? Geuk bilatu dogu ezaupide hori? Ze bilaketa pertsonal egin
dogu emona izan jakun Jesusen irudiaz? Ze ibilbide egin dogu umezaroko Jesusen
ezaupidea garbitzeko, sakontzeko, gaurkotzeko, norberetzeko, bizitz aukeraketa
bihurtzeko? Hainbeste zerbitzu eta lan egin izango genduzan gaur arte…
hausnarketaz eta otoitzez norberaganatuak? Hauxe litzateke une egoki bat.
Bateatzailearen
aurrean ikusten dogu Jesus Bateoa hartzen. Urten egin dau etxetik. Bila dabil.
Zeozer aurkitu dau basamortuan deadarka dabilan harengan. Harek ikututa, jota,
itzi dau, eta basamortura egiten dau ihes, bakardadea eta isiltasuna bilatuz,
baraurik, bere buruagaz topo egin guran dihardu.
Eta erabagi bat
hartu dau. Hartutako erabagia, Aitari zintzoa izatea eta haren erreinua
iragartea eta gauzatzea dala esan geike bere ibilbidetik. Badirudi ezerk ez
dauala desbideratuko bizikeran eta egintzetan gauzatzen dan aukeraketa
horretatik.
Guk azaletik
holantxe ezagutzen dogu Jesus: erreinua iragarten (parabola bidez); erreinua
gauzatzen (osakuntzez, parkatuz, harrera on eginez); zuzengabekeriak eta
gehiegikeriak salatzen eta gaitzesten; errukira, parkamenera eta maitasunera
deitzen; eta, guzti horregaitik, bizia emoten.
Zerk eusten deutso
bere eginbide horretan? Otoitzak; Aitagazko hartu-emon estuak; eta egintzek
eurek.
Baina Jesusen
ibilbidea ez zan laua izan…
Galderea:
—Umezaroko sinismenean jarraitzen dot, ala jarri dot
krisian eta aukeraketa bat eginez dihardut sinismena ulertzeko era barrian?
Zein da era hori? Zelan garatzen dot?
Jesusen KRISIALDIA
Bere herrian ez
dabe onartzen Jesus: badaezpadakotzat dauke… Gizataldeak gustura entzuten
deutso eta osakuntzetarako bilatzen dabe, baina ez dauke argi nor dan. Eta
hareen artean ez dau lagun edo jarraitzaile askorik egingo. Baina bere ikasleek
ere, Jainkoaren Seme eta Mesias autortu arren, ezin dabe iruntzi haren amaia
heriotza lotsagarria izango dana, hirugarren egunean biztuko bada ere.
Heriotzara daroan ibilbide horretatik desbideratu gura izango dau Pedrok, eta
gogorrak entzun behar izango dauz.
Pedrok kristau
autormen argia egiten dau, oso-osokoa; baina ez dauz onartzen haren ondorioak:
eginkizunean bizia galdu beharra. Jesusek argi izten dau heriotzea ez dala
azkena, amaia; baina…
Pedroren irudi
honek gure izakerea, ibilbidea, jarrerak eta lan guztia argitu daikez: ba dau
uste on Jesusengan? Zenbaterainoko uste ona dogu Jesusengan? (Hausnarketarako).
Jesusek bere ikasleei eskeintzen deutsena (deuskuna)
1 Jesusen ustea: bere ikasleak eragin handi
baten beharrean dagoz, bultzakada handi baten beharrean dagoz. (Guretzat hauxe
otoitzaldi-hausnarketa hau izan daiteke bultzakada eder hori…).
2 Euren uste "onetatik" bere
usteetara, onartuak ez diranetara, ulertzen ere ez diranetara, eroan behar dauz:
gauzea ez da Legea betetea eta Profetak
entzutea, bizikeraz aldatzea baino.
Ulertzen ete dogu guk hau? Zer dogu bizikeraz aldatzea?
3 Ondo ezagutzen daben bizipenean sartuko dauz
Jesusek (Exodoko bizipenean): Moises, argitasuna, hodeia, Jainkoaren ahotsa,
bildurra… Baina guzti horrek ez dau Jainkoaren herri zintzoa sortuazo. Herri zintzoak
Jesusengan oinarritu behar dau: «Hauxe
da… Entzun eiozue!»
4 Pedrogan aurkitu geike ze arriskutan jausi
geintekezan: «Bai ederto gagozala hemen…» Oraindino ez dago Jesus aparteko mailan.
Pedrorentzat Moises eta Eliasen pare dago. Baina Jesus ez da maisu bat gehiago, bakarra baino.
Eta zein gatx egiten jakun hau onartzea. Ez
da bat-bateko gauzea izango; ibilbide luzea egin behar izango dabe, bihurria,
gora-behera askoduna, ukapenez-eta josia… baina zintzoa. Ez ahaztu: saldukeria eta guztiz ere maite dau Pedrok Maisua,
Jesus.
—Zer esan gura deusku guzti honek?
—Bilatu daiguzan gure
* ulertezinak,
* bildurrak,
* saldukeriak,
* … zintzotasuna?
** Zer behar dogu horretarako?
5 Jesusek ikutu
egingo dauz, eta agindua emongo deutse: ez
inori esan… harik eta…
Jesusek ikutzen bagaitu (non, zelan jazo
daiteke hori?), bildur guztiak aldenduko jakuz…
Jesusek geure oinen gainean, geure
izantasunean, jarten gaitu: zutunik.
Eta bere eginkizunera gehituko gaitu…,
baina biztuerearen esperientziaz. Bitartean zer egin behar izango dabe? Begitu,
galdetu, ikusi eta ikasi…
Ondorioetarako OHARRAK
1 Jesusek heriotzan hondatuko ez dan
bizitzearen barri emongo deutse bere ikasle minei, eurenean tinko dagozanei.
2 Honeek Jesus Itun Zaharrean kokatu gura
dabe, Moisesen eta Eliasen parean.
3 Pedrok bere zoria agertuazoten dau,
abertzaletasun giroan, eta hantxe geratu gura dau.
4 Hodeiak
estaldu behar dauz ezer ulertu gura badabe. Eta horretarako norbere historiara
jo beharra dago (Exodo).
5 Jesusek ikutu behar deutse izu horretatik
urteteko, Jainkoari begira jarteko bildur guztiak uxatzeko.
6 Jainkoaren ahotsak bildurtu, izutu eta
lurreratu egiten dauz.
7 Ahotsak Jesus baino ez dau beste inor aintzat
hartzen (ez Moises, ez Elias…); beragaz hasten da bizikera barria, Jainkoaren
herri barria.
8 Eta hori egunerokoan egiten da, esanak-eta
aztertuz eta norbere ardurapean hartuz, norberez pentsatuz eta inguruari eta gauzei
Jesusen ikuspegitik begitu eta hareik aintzat hartuz.
Amaitzeko
Sinismena
ikaragarrizko onurea izan daiteke umezarotik
helduarora eroaten badogu; bestela barregarria izango da. Eta halantxe da
askorengan.
Zelan jarri gure
sinismena garapen bidean? Ebanjelioagaz; Jesusi jarraitze lez ulertuz; holango
otoitzaldietan-eta esku hartuz; eta beti kritiko edo azterlari jokatuz..
Ez gaitezala jausi
zein ederto gagozan hemen: egin daiguzan
hiru txabola esatean. Sumatu daigula Jainkoaren ahotsa: Urten zeure lurraldetik, zeure aitarenetik,
eta zoaz neuk erakutsiko deutsudan lurraldera…
Sinismenaren abentura (edo ibilaldi) honetan bilatu
lagunak, ahal bada, alkar hartuta eta alkarren zuzenketan Jesusen jarraitzaile
izateko. Haren inguruan Jainkoaren HERRI
BARRIA garala sumatu, behartsuen ondoko eta senide eginez.
Pagolaren «JESUSEN TALDEAK» bide ona litzateke
honetan lantzeko eta aurrera urratsak emoteko.
Urten egin behar
da beti-betiko kritikak eta mormoxetak egitetik, ate-leihoak zabalduz eta gauza
barriak ikusiz Ebanjelioaren argipean.
Eta ikasiko dogu
harrera on egiten, aniztasuna onartzen, errukitasunez jokatzen eta parkamenaren
eta adiskidetasunaren testigu izaten.
Jardun daigun
otoitzean horretarako.
Irakurteko:
Testuak
Mt
16, 13-23
13 Feliperen Zesareara heldu zanean, galdera hau
egin eutsen Jesusek bere ikasleei:
—Gizonaren Semea nor dala dino jendeak?
14 Hareek erantzun:
—Batzuk Joan Bataiatzailea dala; beste batzuk Elias; besteek Jeremias
edo profetaren bat.
15 Jesusek galdetu eutsen:
—Eta
zuek, nor nazala dinozue?
16 Simon Pedrok erantzun:
—Zu
Mesias zara, Jainko biziaren Semea.
17 Orduan, Jesusek esan eutson:
—Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez deutsu-ta hazur-mamizko
inork agertu, zeruko neure Aitak baino. 18 Eta nik hauxe dinotsut: Pedro zara zu, eta
hatx horren gainean eraikiko dot nik neure elizea; eta herioaren indarrak ere
ez dau menperatuko. 19 Jainkoaren erreinuko giltzak emongo deutsudaz; zuk
mundu honetan lotua zeruan ere loturik geldituko da, eta zuk mundu honetan
askatua zeruan ere askaturik geldituko da.
20 Orduan, bera Mesias zala inori ez esateko
agindu eutsen Jesusek ikasleei.
21 Une haretatik hasi zan Jesus bere ikasleei
azaltzen, berak Jerusalemera igon eta zahar, abadeburu eta lege-maisuen aldetik
asko sufritu behar ebala; hil egingo ebela eta hiru egun barru biztu egingo
zala. 22
Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi jakon:
—Ez
daiala Jainkoak nahi, Jauna! Ez jatzu horrelakorik jazoko.
23 Baina Jesusek, bihurturik, esan eutson
Pedrori:
—Alde
nire ondotik, Satanas! Oztopo haz niretzat, hire asmoak ez dozak-eta
Jainkoarenak, gizakiarenak baino.
Mt
17,1-13
1 Handik sei egunera, Jesusek Pedro, Santiago
eta honen anaia Joan hartu eta mendi garai batera eroan ebazan aparte. 2 Eta antzaldatu egin zan hareen aurrean:
aurpegia eguzkia baizen distiratsu bihurtu jakon eta jantziak argia baizen
zuri. 3
Haretan, Elias eta Moises agertu jakezan Jesusegaz berbetan. 4 Pedrok esan eutson Jesusi: «Jauna, bai ederto
gagozala hemen! Gura badozu, hiru txabola egingo dodaz bertan: bata zeuretzat,
bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat».
5 Oraindino berbetan ziharduala, hodei argi
batek estaldu ebazan, eta ahots batek hodeitik esan eban: «Hauxe dot neure Seme
maitea, hauxe dot atsegin. Entzun berari!»
6 Hau entzutean, ikasleak ahozpez jausi ziran
bildur-ikaraz. 7 Hurreratu jaken Jesus, ikutu eta esan eutsen: «Zutundu
zaiteze. Ez bildurtu!»
8 Begiak jasorik, Jesus baino ez eben ikusi, eta
besterik inor ez.
9 Menditik beherakoan, agindu hau emon eutsen
Jesusek: «Ez esan inori ikusi dozuena, harik eta Gizonaren Semea hilen artetik
biztu arte».
10 Orduan, ikasleek galdetu eutsoen:
—Zergaitik dinoe, ba, lege-maisuek lehenengo Eliasek etorri behar
dauala?
11 Jesusek erantzun eutsen:
—Bai,
Eliasek etorri behar eban eta dana Jaunaren gurarira erabarritu. 12 Baina, egia esan, etorri da Elias, eta, onartu
beharrean, gogoak emondako guztia egin deutsoe. Era berdinean sufrituazoko
deutsoe Gizonaren Semeari ere.
13 Orduan, Joan Bateatzaileaz ziharduala jabetu
ziran ikasleak.
Mt
20, 17-23
17 Jerusalemera igoten ziharduala, Jesusek hamabi
ikasleak aparte hartu eta esan eutsen bidean: 18 «Hara, Jerusalemera igoten dihardugu, eta
Gizonaren Semea abadeburuen eta lege-maisuen eskuetara emongo dabe; heriotzara
kondenatuko dabe 19 eta atzerritarren eskuetara emongo, haren lepotik
barre egiteko, zigortu eta kurutzean josi daien; baina hirugarren egunean biztu
egingo da».
20 Zebedeoren emaztea bere semeekaz Jesusi
hurreratu eta aurrean ahozpeztu jakon eskabide bat egiteko. 21 Jesusek galdetu eutson:
—Zer
gura dozu?
Eta
harek:
—Agindu eizu nire seme biok, zu errege izatean, bata zure eskoian eta
bestea ezkerrean jarri daitezala.
22 Jesusek erantzun:
—Ez
dakizue zer eskatzen diharduzuen. Gauza zaree nik edan behar dodan edari
saminetik edateko?
—Bai,
gauza gara —esan eutsoen.
23 Jesusek, orduan:
—Nire
edari saminetik edan bai, edango dozue; baina nire eskoi-ezkerretan jesarri
ahal izate hori ez dago nire esku inori emotea; nire Aitak norentzat prestatua
dauan, harexi emongo jako.
Sarritan egiteko otoitza
Jesus, gure Maisu
eta Jauna,
Elizearen egoereaz
arduraturik
zeugana joten dot
laguntza eske.
Borondate oneko
naz
eta maite-maite
dot Elizea,
eta horregaitik,
behar bada,
eskatzen jat
gehiago eta gehiago.
Atara naizu nire
bildurretatik,
atara nire
erosokeriatik, atara
nire ohikeria eta
ardurarik ezatik,
guretzat zeuk gura
dozun
gaurko eta hemengo
Eliza izateko,
urten eta
bazterretara heltzeko,
euretan ere zure
Barri Ona iragarteko:
Zeugan nire uste
on osoa, Jesus.
Elizearen Ama,
Maria: zuzendu naizu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario