José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Hunkigarria
da pasadizoa. Bideaz nekaturik, Jakoben putzuaren ondoan eseri da Jesus. Handik
laster, emakume bat iritsi da ur bila. Herri erdi paganokoa da, juduek
mespretxatzen duten herrikoa. Guztiz espontaneoki, hizketan hasi zaio Jesus. Ez
du hartzen inor ere mespretxuz, baizik maitasun handiz. «Emakumea, emadazu edaten».
Harritu
egin da emakumea. Nolatan ausartu da samariar batekin hizketan hastera? Nolatan
beheratu da emakume ezezagun batekin harremanetan hasiz? Are gehiago harrituko
da Jesusen hitz hauekin: «Jainkoak ematen
duena ezagutuko eta edatekoa nork eskatzen dizun jakingo bazenu, zeuk eskatuko
zenioke berari, eta hark ur bizia emango lizuke».
Jende
asko urrundu da, azken urte hauetan, Jainkoagandik, beraren barruan gertatzen
ari denaz egiaz ohartu gabe. Gaur, «izaki arrotz» gertatzen zaio Jainkoa.
Harekin erlazioa duen guztia, gauza huts iruditzen zaio, eta zentzurik gabeko:
haurren mundu, gero eta urrunagoko.
Ulertzen
diet. Badakit zer senti dezaketen. Ni neu ere urrunduz joan naiz pixkanaka
«neure haurtzaroko Jainko harengandik», neure baitan halako beldurra eta
atsekabea sortzen zidan harengandik. Segur aski, Jesus gabe inoiz ez nuen topo
egingo niretzat ontasun Misterio den Jainko batekin: presentzia adiskidetsu eta
abegikorra den harekin, zeinengan uste osoa izan baitezaket beti.
Inoiz
ez dut gustuko izan, neure fedea froga zientifikoekin egiaztatzen ibiltzea: uste
dut, errore bat dela Jainkoaren misterioa tratatzea, laborategiko gauza bat
izango balitz bezala. Dogma erlijiosoek ere ez didate lagundu Jainkoarekin topo
egiten. Soil-soilik, Jesusengan dudan uste onari utzi diot eraman nazan,
urteekin haziz joan den uste onari.
Ez
nuke asmatuko zehatz adierazten, nola eusten diodan gaur egun neure fedeari,
gainerako jendea bezala ni neu ere nahasten nauen krisi erlijioso honetan.
Soil-soilik esango nuke, Jesusek eragin didala Jainkoaz dudan neure fedea
bizitzera, era xumean, barru-barrutik. Entzuteko prest banago, Jainkoa ez da
isiltzen. Bihotza irekin badiot, Jainkoa ez da ezkutatzen. Uste ona agertzen
badiot, onartzen nau. Neure burua eskaintzen badiot, sostengatzen nau. Lur
jotzen badut, altxatzen nau.
Uste
dut, lehen esperientzia eta garrantzizkoena, Jainkoarekin gustura bizitzea
dela, «presentzia salbatzaile» bezala sumatzen dudala-eta. Pertsona bat
jabetzen denean zer den Jainkoarekin gustura bizitzea, jakinik, gure
eskastasun, errore, egoismoak eta guzti, garen bezalako onartzen gaituela, eta
bizitzari aurre egitera eragiten digula, nekez utziko du fedea. Jende askok
uzten du gaur egun Jainkoa alde batera, Hura ezagutu aurretik. Jesusek
kutsatzen duen Jainkoaren esperientzia ezagutuko balute, haren bila ibiliko lirateke.
|
||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario