José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Eskuarki
«Jesusen antzaldaketa» deitu ohi dugun kontakizun korapilatsu honen erdigunea
Ahots batek hartzen du; «hodei distiratsu» berezi batetik datorren Ahotsa da.
Biblian sinbolotzat hartzen da hodeia, agertzen eta, aldi berean, ezkutatzen
zaigun Jainkoaren misteriozko presentziaz hitz egiteko.
Ahotsak
hitz hauek jaulki ditu: «Nire Semea da hau,
nire maitea, nire kuttuna. Entzun berari». Ikasleek ez dute nahastu
behar Jesus beste inorekin, ez Moisesekin eta Eliasekin ere, Itun Zaharraren
ordezkari eta lekuko diren horiekin, alegia. Jesus bakarrik da Jainkoaren Seme
maitea, bere aurpegia «eguzkia bezala distiratsu» duena.
Alabaina,
Ahots horrek badio beste zerbait ere: «Entzun
berari». Antzina, Jainkoak bere borondatea Legeko «hamar aginduen»
bidez agertu zuen. Orain, Jainkoaren borondatea agindu bakar honek laburtzen
eta zehazten du: Jesusi entzun. Entzuteak eratzen du jarraitzaileen eta Jesusen
arteko egiazko harremana.
Hau
entzutean, ikasleak lurrera erori dira «izuturik».
Txunditurik daude Jainkoarekin izan duten hurbil-hurbileko esperientzia hartaz;
aldi berean, ordea, izuturik daude entzun dutenaz: bizi ahalko ote dira Jesusi
bakarrik entzunez, Jainkoaren misteriozko presentzia harengan bakarrik
aitortuz?
Orduan,
Jesusek «hurbildu eta, ukituz, esaten die:
Jaiki zaitezte. Ez beldur izan». Badaki Jesusek beraren giza
hurbiltasuna sentitu beharra dutela ikasleek: beharrezkoa dutela beraren eskua
ukitzea, eta ez bakarrik beraren aurpegiaren jainkozko distira ikustea. Geure
barnearen hondoko isiltasunean Jesusi entzuten diogun bakoitzean, hau digute
esaten haren lehen hitzek: Jaiki zaitez, ez beldur izan.
Jende
askok entzutez bakarrik ezagutzen du Jesus. Haren izena ezagun-ezaguna dute
agian; baina hartaz dakitena, haurtzaroko oroitzapen eta irudipen batzuetara
mugatzen da. Are gehiago, kristau direla esan arren, beren bihotzean Jesusi
entzun gabe bizi dira. Eta, esperientzia hori gabe, ezin ezagutu ahal da
Jesusen besterik ez bezalako bakea, ezta gure bizitza arnasteko eta
sostengatzeko duen indarra ere.
Fededun
batek, Jesusi entzutera ematen dionean, bere bihotzaren barnean honelako
zerbait entzuten du beti:
«Ez
beldur izan. Utzi zeure burua, xume-xume, Jainkoaren misterioan. Aski duzu
zeure fede arin hori. Ez kezkatu. Entzuten badidazu, konturatuko zara
Jainkoaren maitasuna beti zuri barkatzen bizitzea dela. Eta, hau sinesten
baduzu, aldatuko da zure bizitza. Nabarituko duzu bakea zeure bihotzean».
Apokalipsi
liburuan hauxe irakur daiteke: «Hara, atean
nauzu, deika; norbaitek nire ahotsa entzun eta irekitzen badit, sartuko naiz
haren etxera». Kristauen eta ez-kristauen atean jotzen du Jesusek.
Ireki diezaiokegu atea edota uko egin diezaiokegu. Alabaina, ez
da gauza bera Jesusekin ala hura gabe bizitzea.
|
||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario