José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Jaiotzez
da itsua. Ez berak, ez gurasoek dute inolako errurik, baina bere zoria markatua
du betiko. Jainkoak zigortu duen bekataritzat hartu du jendeak. Ikasleek
galdetu diote Jesusi ea zeinena den bekatua: itsuarena berarena ala haren
gurasoena.
Beste
era batean begiratu dio Jesusek. Ikusi duen momentutik, hura bere zoritxarreko
eskale-bizitzatik ateratzea erabaki du, jende guztiak gutxiesten badu ere,
bekataritzat hartuz. Jainkoaren deia sentitzen du Jesusek: hain juxtu ere,
baztertua eta umiliatua den jendea defenditzeko, onartzeko eta sendatzeko deia.
Itsuak,
berak ere Jesusekin lan egin eta sendatze neketsu baten ondoren, lehen aldiz
ikusi du argia. Jesusekin topo egin egin izanak kanbiatu egin du haren bizitza.
Noizbait ere, gozatu ahal izango du bizitza duin batez, inoren aurrean lotsatu
gabe.
Oker
pentsatu du, ordea. Gidari erlijiosoek beharturik sentitu dira erlijioaren
garbitasuna kontrolatzera. Haiek, berek dakite zein den bekatari eta zein
bekaturik gabe. Haiek, berek erabakiko dute itsu izana elkarte erlijiosoan
onartzekoa den ala ez.
Alabaina,
sendatua izan den eskaleak argiro aitortzen du Jesus izan dela hurbildu zaiona
eta sendatu duena; baina fariseuek uko egiten diote haserre bizian: «Guk badakigu gizon hori bekataria dela».
Eskaleak Jesus defenditzeari eutsi nahi dio: profeta bat da, Jainkoagandik
dator. Fariseuek ezin jasan dute: «Bekatupean
jaio zinen burutik oinetara, eta gure irakasle izan nahi al duzu?».
Ebanjelariak
dio: «kanpora bota zutela entzun zuenean,
haren bila joan zen Jesus». Labur mintzatu dira biak. Jesusek
galdetu dionean ea Mesiasengan sinesten duen, kanpora bota dutenak diotso: «Eta, nor da, Jauna, harengan sinets dezadan?».
Hunkiturik erantzun dio Jesusek: Ez da zugandik urrun. «Bera ikusten ari zara; mintzo zaizuna, horixe da».
Eta eskaleak: «Sinesten dut, Jauna».
Horrelakoa
da Jesus. Beti bidera irteten zaie erlijioak ofizialki onartzen ez dituenei.
Jesusek ez ditu zapuzten bere bila dabiltzanak eta maite dutenak, elkarte eta
erakunde erlijiosoek zokoratzen badituzte ere. Gure elizetan lekurik ez dutenek
leku berezi-berezia dute Jesusen bihotzean.
Zeinek
eramango die, gaur egun, Jesusen mezu hori talde horiei, edozein momentutan
gidari erlijioso itsuengandik kondena publiko zuzengabeak entzuten dituzten
horiei?, gure eukaristietan bakean ezin jaunartu duten horiei?, Jesusekiko
beren fedea beren bihotzeko isiltasunean, kasik era ezkutu eta klandestinoan,
bizi beharrean gertatzen diren horiei?
Adiskide
ezezagunok, ez ahaztu: kristauok uko egiten dizuegunean, bere harrera
eskaintzen ari zaizue Jesus.
|
||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario