Joxin Iturriotz
Laikotasunaren
definizioak luze joko luke. Nire iritziz, laikotasunak, pentsaera guztien
babesle den heinean, bere barnean behar du erlijioaren errealitatea, erlijio
zehatz bati nagusitasuna eman gabe. Laikotasunak ez du ateismoa bakarrik
bereganatu behar. Azken batean, ateismoa oinarrizko galderei emandako erantzun
bat gehiago da. Erlijio guztiekin batera, beste erantzun bat gehiago.
Laikotasunak guztiak berdintasunean jaso behar dituelakoan nago.
Erlijio
irakaslea naiz. Ez naiz irakasle finkoetakoa. Ordezkaketak egiten dihardut
hezkuntza publikoan. Nire esperientziaren araberako ondorioak eta etorkizuna
plazaratu nahiko nituzke.
Hasteko,
erlijio gaia ez dagoela modan nabarmena dela badakigu. Ikastetxe gehienetan
aurkituko ditugu erlijioaren gaia ezabatu nahi duten irakasle eta
zuzendaritzako kideak. Bi dira horren arrazoiak. Lehenengoa ikastetxe bertako
antolaketa sisteman eragozpen handiak sortzen dituela. Erlijio gaia hautazkoa
izanik, taldeak, ordutegiak, banaketak egiteko asko konplikatzen da egoera.
Esan dezakegu antolaketa bera dela konplikatua, baina egia da erlijioaren
aldagaiak antolaketan asko eragiten duela erabakiak hartzeko orduan.
Bestea,
konfesionaltasuna da. Hau da, guk, ofizialki, ez dugu erlijio gaia ematen,
erlijio "katolikoa" baizik. Eta horrek eztabaida luzeetarako ematen
du: "Publikoa den aldetik, hezkuntzak ez luke konfesionaltasuna barneratu
behar. Hezkuntza publikoak laikoa behar du".
Hezkuntza
publikoaren laikotasuna defendatzen dutenak bi multzotan banatuko nituzke,
zatitzeko marra lausoa baldin bada ere. Hau da, laikotasunaren definizioa modu
ezberdin askotan egin daiteke, baina ni bi arlotara mugatuko naiz, artikulu hau
ez baita laikotasunari buruz. Multzo bat litzateke erlijio gaia, edozein dela
formatua, modua, presentzia..., oso-osorik hezkuntza publikoaren sistematik
baztertzearen aldekoek osatzen dutena. Praktikan, laikotasuna ateismoaren
defentsarekin lotzea litzateke orokorki. Nire ustez, gaizki ulertutako
laikotasuna litzateke. Laikotasunak, besteak beste, guztion aukera berdintasuna
esan nahi du, inori lehentasuna eman gabe, baita erlijio arloan ere.
Bigarren
taldea erlijioaren presentzia onartuko luketenek osatzen dute, erlijioa
orokorrean, noski, ez kristautasuna, islama, eta horrelakorik. Kultura
erlijiosoa, besterik gabe, nolabait esateko. Konfesionaltasuna kenduz gero,
nolabaiteko erlijio gaia ematea onartuko lukete. Badira defendatzen dutenak
artearen gaian, filosofian, historian, etab., erlijioa dagoeneko sartuta
dagoela. Baina guzti hauen arazoa ez da erlijioaren gaia, konfesionaltasuna
baizik.
Laikotasunaren
definizioak luze joko luke. Nire iritziz, laikotasunak, pentsaera guztien
babesle den heinean, bere barnean behar du erlijioaren errealitatea, erlijio
zehatz bati nagusitasuna eman gabe. Laikotasunak ez du ateismoa bakarrik
bereganatu behar. Azken batean, ateismoa oinarrizko galderei emandako erantzun
bat gehiago da. Erlijio guztiekin batera, beste erantzun bat gehiago.
Laikotasunak guztiak berdintasunean jaso behar dituelakoan nago.
Antolaketa
dela eta, esan beharra daukat hezkuntza publikoan martxan dagoen ordezkaketa
sistemak ez duela balio erlijio gairako. Hautazkoa izanik, irakasle berri batek
ezin du erlijio gaira mugatu. Bizi behar badu, bestelako hautua egin beharra
dauka. Erlijio gaiak ezin dio ziurtatu urteroko lanik, are gutxiago ihardunaldi
osoko lanik. Egoera, baina, hori baino gordinagoa dela deritzat. Gaur egun
dauden irakasle gehienak finkoak dira, eta ihardunaldi osoa ziurtatuta daukate,
transferentziaren akordioan jaso zenez. Baina irakasle horiek utzi ahala
(jubilazioak, uzteak, bajak...), ordezkatu behar dutenek ez dute izango ez
finkotasunik, ez ihardunaldi osorik (ez esateagatik erlijio gaiaren
oposaketarik inoiz ez dela izango, gaia hautazkoa den neurrian). Eta baldintza
horietan ez da irakaslerik izango. Hau da, urte batzuk barru, arazo nagusia ez
da izango erlijio gaiaren aurkako jarrera, dauden taldeentzako irakaslerik eza
baizik. Gaur egungo antolaketak gero eta zailtasun gehiago izango ditu erlijio
irakasleak bilatzeko. Berriro diot, erlijio gaiaren arazoa ez da izango
ikasleek hautu hori egin nahi ez izatea, hautu hori egin dutenentzako
irakaslerik eza baizik.
Egoera
zail honetan, irtenbideak ere ezin dira errazak izan. Laikotasunaren aldekoei
arrazoia eman beharra dagoela deritzat, hezkuntza publikoan konfesionaltasuna
ez dela egokia diotenean. Baina hori esanda, aitortu behar da edozein hezkuntza
sisteman erlijioaren gaiak presente izan behar duela, ezinbestean. Ez da
posible pertsonaren alderdi garrantzitsuenetakorik gabeko hezkuntza sistema
bat. Pertsonaren oinarrizko galderek, eta emandako erantzunek (ateismoa barne)
pertsonaren heziketan ezinbestekoak behar lukete. Pertsona bat bizitzarako
analfabetoa litzateke berak ere badituen kezka eta galderei emandako erantzunik
ezagutu ere ez balitu egingo. Edozein heziketa prozesuk ziurtatu beharko luke
gutxiengo ezagutza bat arlo horretan ere.
Frantzian,
François Mitterrand aginteburu zenean, ikerketa agindu zitzaion Régis Debray
filosofo eta idazle marxistari. Bertan, Frantziako gobernuak eskolan erlijio
gaia ematearen egokitasunari buruz txostena egin zezan eskatu zion[1]. Debray-ren ondorioa izan zen
erlijio gairik gabeko eskola hankamotz gelditzen dela. Hau da, heziketaren arlo
handi bat osatu gabe gelditzen dela erlijio gairik gabe. Gaur eguneko gizartea
ezin da ulertu erlijioek, orokorrean esanda, eta beraien erakundeek egin dutena
eta izan duten eragina ezagutu gabe. Beraz, erlijioa gaia ezinbestekoa dela
hezkuntza publikoan. Zoritxarrez, informe horretan dakarrena ez du indarrean
jarri Frantziako gobernuak.
Baina
irtenbideak bide horretatik etorri behar duela uste dut. Erlijio gaia ezabatzea
ez da irtenbidea, hutsune ugari lituzkeeelako. Esango nuke egun dagoen erlijio
eta balore etikoen hautazko sistema ere ez dela egokiena. Ikaslearen, eta
pertsona ororen, garapenerako ezinbestekoa da oinarrizko galderei emandako
erantzunak ezagutzea[2]. Irtenbidea derrigorrezko
erlijio gaia ematea da. Erlijioa, orokorrean, ez erlijio katolikoa, edo beste
erlijio konfesionalak.
Horretarako,
konfesionaltasuna baztertu beharrekoa da. Eta ez bakarrik erlijioaren gaiak
jarrai dezan hezkuntza publikoan, gizarte laikoan bizi garelako baizik. Eta
horrek berdintasuna esan nahi du guztiontzako. Baina ez dirudi gotzaiek prest
daudenik horretarako. 1979ko konkordatoak eman zien botere maila horri eutsi
nahi diotela dirudi, nola edo hala. Elizak ere egokitu beharra dauka, bere lana
ondo egingo badu. Hortan ere sakondu beharko genuke.
Eta
erlijio gaia derrigorrezkoa da gazteek, eta orokorrean, pertsona guztiek,
heziketa osoa jaso dezaten, edozein dela ere egiten duten bizitzako aukera.
Kultura erlijiosoaren antzeko zerbait esango lukete laikotasunaren aldekoek.
Nik nahiago dut erlijioaren fenomenologia proposatu. Alde batetik erlijio
bakoitza nolakoa den ikusi eta ikasi, eta bestetik erlijio guztiek dituzten
antzekotasunak eta sinbolo komunak aztertu. Baina eztabaida horretara iristeko
gehiegi falta zaigu oraindik.
Joxin Iturriotz
[1] Régis Debray, L’Enseignement du fait religieux dans l’école laïque. Rapport au ministre de l’Éducation nationale.
(Préface de Jack Lang), Paris, Odile Jacob, Franche-Comté, SCEREN, 2002ko
apirila, 60 orrialde. Gaztelaniaz: La
enseñanza del hecho religioso en la escuela laica. Religión y Escuela
aldizkaria, 2002 urtea, 163 zenbakia, 18-19 eta 27-32 orrialdeak.
[2] "... es necesario que la historia
de las religiones sea enseñada de manera aconfesional y crítica; ... como
interrogación y búsqueda sin fin, como llamada al respeto y la bondad, como
invitación a la paz y la tolerancia", in Joxe Arregi: Laicidad. Haran 11. Erein, Donostia, 2014. 32. orr.
Artikulu hau HEMEN erlijio gogoetarako aldizkarian argitaratu da, 63. zenbakian. Egilearen baimenaz ataratzen dogu hemen. Eskerrik asko Joxin!
Artikulu hau HEMEN erlijio gogoetarako aldizkarian argitaratu da, 63. zenbakian. Egilearen baimenaz ataratzen dogu hemen. Eskerrik asko Joxin!
No hay comentarios:
Publicar un comentario