Erramu domekea Bermeon

viernes, 27 de marzo de 2026

Askatu hegoak Pazkoaldirako dinamikea

 

Askatu hegoak

Pazkoaldirako dinamikea

 Goiko irudia:

Tximeleta izan gura eban sakeleko telefonoa

Irudi indartsua da Pazkoaldirako eskeintzen jakuna. Tximeleta koloretsua, bizia, hegan. Pazko poza. Pazko bizia. Pazko alaitasuna. Horixe da lehen begiradan barruratzen jakuna.

Arreta estuagoa jartzen badogu, bihotz bat dauka tximeleta horrek. Sakeleko telefono baten irudia. Guretzat, garizuman zehar landu dogun Jainkoaren deiaren ezaugarria. Garizuma 5G deitu genduan. Espirituaren indarraz, orain izaki bizi bihurtu jaku. Ederra bezain ahula. Ahula bezain indartsua, jostalaria, alaia.    

 

Danok ez dogu balio danatarako. Baina guztiok balio dogu zeozertarako. Horretarako gure hegoak, ahalmenak, baloreak eta aukerak askatu, hedatu eta zabaldu behar ditugu. Berbiztuaren Espirituak laguntzen gaitu horretan. Kristo biztuak.

Hasieran kontuan hartu behar dogu Kristo Berbiztua Jesusen bidetik doala. Ez dira pertsona bi. Aukerak eta joerak mantentzen dauz (1). Pazko gaubelan eta Pazko domekean hau azpimarratu geinke.

Tomasen ebanjelioak laguntza ederra emoten deusku honetan sakontzeko. Zeintzuk dira Berbiztuaren markak, orbanak, zauriak? Eta horreetatik zeintzuk ageri dira guregan? Nigan? Alkartean? Eta aldi berean, Berbiztuaren seinaleak guregan, argitasunak, indarguneak landu daikeguz (2 eta 3).



Emauseko ebanjelioak (4. eta 5. bertsoak) porrotaren, kurutzearen zentzuan gure bizitzan, gizartean eta elizan azalduko deuskue. Eta bere bidea alkarteagaz bat egitea dala. Ez dago beste erarik. 5. Bertsoaren amaieran entzun, abestu eta otoiztuko dogu lehendabizi pazkoaldiko aurtengo leloa: Askatu hegoak.  Zelan? Nondik? Goazen! Baina, nora?

Jesus da atea eta bidea entzungo dogu hurrengo bi domeketan. Sei pista agertzen jaguz bertso bitan (6. eta 7.) Aukera bat baino ez da. Gehiago jarri geinkez. Baina nire ustez mamira goaz. Arrotza onartu; txarto tratau nauena maitatu; arazoak izan dodan horregaz baketu. Daukaguna eta gareana pobreakaz partekatu; otoitza gozatu, sakondu, handitu; herria eta gizartea zerbitzatu. Ziur askoz gehiago jarri geinkez. Beti Nazareteko Jesusen oihartzuna bizirik mantenduz.



Hau guzti hau ezinezkoa da gure indar hutsakaz Berbiztuaren Espirituaren laguntza behar dogu. Horixe prestatzen goaz hurrengo domekean. Igokundea eta Pentekoste laster datoz. 8. bertsoak horixe iragartzen deusku eta horretarako askatu daiguzan hegoak. Ez kapritxoz edo modaz hara horra ibiltzeko, gure gurariak betetzeko. Ez horixe! Askatu hegoak gure kateak etenda, barritu gaitezan kanpotik zein barrutik. Askatu hegoak! 

 


Askatu hegoak

 

I.             Pazko domekea

 

Kurutzeratua da

berbiztu jakuna,

bere marka berberak

arrasto astuna.

Ez dira bi pertsona,

bardina laguna:

kurutzean zan gaua,

biztuta eguna.

 

Kurutze marka dira:

porrota, ezina,

osasun arazoak,

artez ez egina,

harrokeriaz baztertu

txiki, ezbardina,

jokatu Jainkoa lez

izango bagina.

 

Biztuaren argia

guregan nabarmen,

behartsuakaz lagun,

etxean gozamen,

mundu hobea lantzen,

zabaltzen parkamen,

eguneko otoitzaz

eskertzen salbamen.

 

Kurutze bako kristautasuna

erdi ustel, erdi moda.

Berbiztuaren ikutuagaz

bizi iturri bero da.

Etika hutsa gainditu daigun,

helmuga ez da Golgota.

Argiz jantzirik, hegoak aske:

Kristo biztu da, gogora!

  

II: Pazkoaldian

 Kristo berbiztu danez

pozarren kantatu,

lagun arteko poza

astero ospatu,

ospatu dogun horrek

gagizan gu batu,

barruko batasunaz

hegoak askatu!

  

Aska hegoak arrotza eta

ezbardina onartzeko,

aska hegoak txarto tratatu

gaituana maitatzeko,

aska hegoak nogaz arazo

dogunagaz baketzeko.

 

Aska hegoak guk daukaguna

pobreagaz banatzeko,

aska hegoak otoitza gozo

sakontzeko, handitzeko,

aska hegoak herria eta

gizartea zerbitzeko.

 

Hegoak zelan askatu baina?

Gure indarra makala!

Bihotzez gura doguna beti

zuzen betetzen ez dala!

Kateak eten, erroz barritu

barrua eta azala.

Berbiztuaren Espirituak

horra eroan gaizala!

  


No hay comentarios: