Katakonbetako Ituna Etxe Komunaren alde
Aurpegi amazoniar, behartsu eta zerbitzari,
profetiko eta samariardun Elizaren alde
Guk, Sinodo
Pan-Amazoniarreko partaideok, poz hau partekatu nahi dugu: Planetako lurralde
erraldoi honetako herri indigena askoren, kilonbolen, ribereinoen,
migratzaileen, berorien aldiriko elkarteen artean bizitzearen poza, alegia.
Beroriekin esperimentatu dugu txikiengan diharduen Ebanjelioaren indarra. Herri
horiekin topo egitea erronka gertatu zaigu, eta biziera sinpleago eta doakoa
bizitzera gonbidatu gaitu. Berorien intziri eta malkoak entzuteak eraginik,
bihotzez onartzen ditugu Frantzisko aita santuaren hitz hauek:
«Anai-arreba
asko ari dira jasaten Amazonian
gurutze
astunak,
eta
Ebanjelioaren kontsolamendu askatzailea
eta
Elizaren fereka edo musu maitekorra
espero
dute.
Bide
egin dezagun elkarrekin
beroriengatik,
beroriekin ».
Esker onez gogoratu
nahi ditugu gotzain haiek: [Erromako] Santa Domitilaren Katakonbetan, Vatikano
II.a kontzilioa bukatzean, Eliza zerbitzari eta behartsu baten alde Ituna
sinatu zutenak. Begirunez gogoratu nahi ditugu martiri haiek guztiak: oinarriko
eliz elkarteetako kideak, elkarte pastoraletako eta mugimendu herrikoietakoak,
lider indigenak, misiolariak (gizon eta emakume), laikoak, apaizak eta
gotzainak: beren odola isuri zutenak aukera hau egin zutelako: pobreen aldekoa,
bizia defenditzea eta geure Etxe Komuna salbatzeko borroka egitea. Berauen
heroismoa eskertzeari, geure erabaki hau gehitu nahi diogu: berauen borrokari
jarraipena ematea, irmo eta adoretsu. Premiazko sentimendua da, gaur egun
amazoniar lurraldea sarraskitzen ari diren erasoek eskatzen ari diren sentimendua
da, sistema ekonomiko harrapatzaile eta kontsumistaren indarkeriaren mehatxua
eskatzen ari den sentimendua da.
Hirutasun
Santu-santuaren aurrean, Espiritu Santuari dei egin nahi diogu eta segidako
konpromiso pertsonal eta elkarteko hau hartzen dugu, Pedro eta Paulo apostoluen
oinetan eta Erromako, Amerika Latindarreko eta, bereziki, geure Amazoniako
martirien oinetan, Pedroren ondorengoarekin elkartasun sakonean, geure lekuko
Elizek, Amerika Latindarreko eta Karibe Elizek eta Afrikan, Asian, Ozeanian,
Europan eta amerikar kontinentearen iparraldean solidario diren Elizek:
1.-Konpromiso hau
hartzea, berotze globalaren mutur-muturreko mehatxuaren eta berezko baliabideak
ahitzearen aurrean: defenditzea geure lurraldeetan eta geure jarreraz, zutik,
amazoniar oihana. Beronetik datoz, bai ur-emaitzak Hego Amerikako lurralde-zati
handi batentzat, bai ekarpen handia karbono zikloarentzat eta klima globala
erregulatzeko, bai giza askotarikotasun aberatsa gizadiarentzat eta Lur
osoarentzat.
2.-Aitortzea, ez garela
ama lurraren jabe, baizik eta beraren seme-alaba, lurreko hautsez eratuak
(Hasiera 2,7-8), apopilo eta erromes (1 Pedro 1,17b eta 2,11), bera arduraz
zaintzera deituak (Hasiera 1,26). Horrenbestez, konpromisoa hartzen dugu
ekologia integral baten alde, zeinetan dena baitago korapilatua, nola gizadia
hala kreazio osoa, izaki guztiak lurraren seme-alaba baitira eta zeinen gainean
Jainkoaren Espiritu baitabil (Hasiera, 1,2).
3.-Onartzea eta
berritzea egunero, Jainkoak kreazio guztiarekin egina duen ituna: «Ituna egiten
dut zuekin eta zuen ondorengoekin, baita zeuekin dituzuen bizidun guztiekin
ere: hegazti, abere eta piztiekin, ontzitik atera diren guztiekin» (Hasiera
9,9-10; ikus 9,12-17 ere).
4.-Berriztatzea
geure elizetan behartsuekiko lehentasun-aukera, bereziki jatorrizko herriekiko,
eta bermatzea, beroriekin batean, gizartean eta Elizan protagonista izateko
eskubidea.
Laguntzea beroriei
gordetzen beren lurrak, kulturak, hizkuntzak, historiak, nortasuna eta
espiritualtasuna.
Haztea kontzientzia
eta ustea ezen errespetua zor zaiela, bai lekuan berean, bai mundu osoan eta,
ondorioz, hauspotzea, eskura ditugun baliabide guztiez, onartuak izan daitezen
pare-pareko bezala beste herrien eta kulturen mundu-abenikoan.
5.-Alde batera
uztea, ondorio gisa, geure parrokietan, elizbarrutietan eta taldeetan
mentalitate eta jarrera kolonizatzaileen mota guztiak, askotarikotasunari
harrera eginez eta balioa aitortuz, mundu kultural, etniko eta hizkuntzakoan,
errespetuzko elkarrizketan tradizio espiritual guztiekin.
6.-Salatzea herri
indigenen autonomiaren eta eskubideen, berorien nortasunaren, lurraldetasunaren
eta bizieraren aurkako indarkeria eta eraso guztiak.
7.-Hots egitea Jesu
Kristoren ebanjelioaren berritasun askatzailea, bestea eta desberdina
onartzeari dagokionez, Pedrorekin gertatu zen bezala Kornelioren etxean: «Dakizuen
bezala, judu batek debekatua du atzerritarrekin inolako harremanik izatea nahiz
haien etxean sartzea. Baina niri Jainkoak erakutsi dit ez dudala inor lohi edo
kutsatutzat hartu behar» (Eginak 10,28).
8.-Bide egitea,
modu ekumenikoan, beste kristau-elkarteekin ebanjelioa era inkulturatuan eta
askatzailean hots egitekoan; baita beste erlijioekin eta gogo oneko jendearekin
ere, solidario jokatuz jatorrizko herriekin, herri behartsu eta txikiekin,
berorien eskubideak babeste aldera eta Etxe Komuna zaintze aldera.
9.-Ezartzea gure
lekuko elizetan sinodo-biziera, zeinetan jatorrizko herrien ordezkariek,
misiolariek, laikoek, hartua duten bataioa dela bide zor zaienez eta berorien
artzainekin bat eginik, ahotsa eta botoa izango baitute elizbarrutiko
batzarretan, kontzeju pastoraletan eta parrokietan; hitz batean esateko,
elkarteen gobernuan dagozkien guztietan.
10.-Konpromisoa
hartzen dugu, eragile pastoralek, katekista indigenek, Hitzaren zerbitzariek
gauzaturik, elkarteetan jada existitzen diren eliz ministerioak premiatasunez
onartzeko, lehentasuna zaurgarrienak eta baztertuak direnei emango zaielarik.
11.-Gauzatzea edo
efektibo bihurtzea, gomendatu zaizkigun elkarteetan bisita pastoraletik
presentzia pastoralera pasatzea, segurtatuz Hitzaren Mahairako eta
Eukaristiaren Mahairako eskubidea izatezkoa izan dadin elkarte guztietan.
12.-Aitortzea
Amazonian gaur egun elkarteak gidatzen dituzten emakume-kopuru handi baten
zerbitzuak eta izatezko diakonia, eta halakoak nola sendoagotu saiatzea
elkarteetako emakume liderri dagokien ministerio egokia aitortuz.
13.-Ekintza
pastoralerako bide berriak bilatzea lan egiten dugun hirietan, laikoen eta
gazteen protagonismoaz, arreta bizia eskainiz bertako aldiriei eta
migratzaileei, langileei eta langabetuei, ikasleei, hezitzaileei, ikertzaileei
eta kulturaren eta komunikazioaren munduari.
14.-Aurre egitea
kontsumismoaren oldarrari pozezko biziera soil eta laua biziz, eta gutxi edo
ezer ez dutenekin solidario izanez; murriztea, bai zaborraren ekoizpena, bai
plastikoen erabilera; faboratzea produktu nekazari eta ekologikoen ekoizpena
eta merkaturatzea; garraioa publikoa erabiltzea ahal den guztietan.
15.-Pertsegituak
direnen alde ateratzea, dela salaketaren zerbitzu profetikoa eginez, dela
zuzengabekerien kalte-ordaina bideratuz; lurraren defentsa eta txikienen
eskubideak zaintzea; migratzaileei eta aterpetuei harrera eta sostengua
eskaintzea.
Erronka hain galant
eta larri hauen aurrean geure ahuldadea, geure pobretasuna eta txikitasuna
gogoan ditugularik, Elizaren otoitzari gomendatzen gatzaizkio. Geure eliz
elkarteek, bereziki, lagundu gaitzatela beren erreguaz, Jaunaganako txeraz eta,
behar izango denean, anai-arreba arteko zentzarazpen maitetsuaz.
Bihotza zabal
onartzen dugu Hummes kardinalaren gonbita, Sinodoaren egun hauetan eta geure
elizetara itzuliko garenean Espiritu Santuak gida gaitzan uztea:
«Utzi,
Jainkoaren
Amaren
eta
Amazoniako Erreginaren mantuak
bil-bil
zaitzaten.
Ez
dezagun utzi,
buru-erreferentzialitateak
(nor
bere zilborrari begira egoteak)
garaitu
gaitzan,
baizik
eta errukiak
pobreen
eta lurraren garrasiaren aurrean.
Otoitz
asko egin beharko dugu,
gogoeta
eta bereizmena beharko ditugu,
baita
eliz elkartasuna eta sinodo-espiritua
zehazki
praktikatzea ere.
Sinodo
hau mahaia-edo da,
Jainkoak
pobreentzat prestatua,
eta
mahai-zerbitzari izan gaitezen
digu
eskatzen guri».
Itunaren Eukaristia
hau «maitasun kosmikoaren egintza» gisa ari gara ospatzen. Bai, kosmikoa!
Zeren-eta herrixka bateko eliza bateko aldare txikian ospatzen denean ere,
Eukaristia beti, nolabait esateko, munduaren aldarean ospatzen baita».
Eukaristiak bat egiten ditu zerua eta lurra, kreazio osoa besarkatzen du,
guztia hartzen du. Eukaristian, Jainkoaren eskuetatik irtena den mundua,
Jainkoagana beragana itzultzen da zoriontsu eta adorazioaz blai: Ogi
Eukaristikoan «kreazioak bere burua jainkotzera jotzen du, ezkontza santura,
Kreatzailearekin bat egitera». «Horrengatik, Eukaristia
argi-iturri ere bada, ingurumenaz ditugun geure kezken motibazio ere bai, eta
kreazio osoaren zaintzaile edo jagole izatera eragiten digu».
Santa Domitilako
Katakonbak. Erroma 2019-10-20
No hay comentarios:
Publicar un comentario