Abenduko izarrak

lunes, 31 de julio de 2017

San Inazio Gorbeian 2017 45 argazki eta bideo bat



Bizkaian altuerarik handienean ospatu da mezea Igiriñako ermitanSan Inazio egunez
Klikatu hemen argazkiak ikusteko!!!

Argazkiak: Asier Astigarraga & Segundo Oar-arteta



Katedral naturala dogun Gorbeiaren magalean, 1.119 metrotara,  Bizkaian altuerarik handienean mezea ospatuko da, datorren astelehenean garagarrilaren  31n, eguerdiko 12:00etan, Elurretako Amaren baselizaren ondoan. Oraintsura arte domeka eta jai egun guztietan ospatzen zan mezea, uda-sasoian; gaur egun, San Inazio egunean baino ez.
2009

Aurten be abestuko da zeanuriztarrek hango Andra Mariari egindako himnoa, Andra Maria Igiñakoa deritxana. Ospakizunean gogoan izango dira aurten hildako mendigoizale eta artzain guztiak. Amaitzeko, San Inazio martxa kantatuko da eta ondoren, Zeanuriko Udalak ohiko  barauskarri  ezaguna eskainiko dau: ardao zuria eta gailetak. Txistulariek euren doinuekaz alaituko dabe giroa toki zoragarriotara bertaratuko diran guztientzat.

1929


Debozino edo fede handiagoko edo txikiagoko mezak izango dira; doinuz hobeto lagunduak edo ez…, baina ez jako inor gailenduko altueran Elurretako Amaren  baselizatxoan ospatuko danari. Ehunka lagun, mendizale eta artzain tarteko, batuko dira mezea ospatzera eta hamaiketakoa partekatzera. Zuia, Orozko, Galdakoa, Zornotza, Bilbo eta Arratia osotik etorritako jendea batzen da urtero landa-mezatan, gehienak tontorreko kurutzeari joan etorria egin ostean.

Baseliza txikia

 Edurretako Amaren baseliza porlanez eginda dago, upel bobeda modura eraikia, hegi harritsu baten sartuta. 3 x 2,225 metro neurtzen dau, eta atean jarritako burdin hesi batek ixten dau.

1943


1924an, Areatzan abade egoan Eulogio Gorostiaga zeanuriztarrak hauxe idatzi eban, Gurutzi Arregik Ermitas de Bizkaia lan eskergan (II. liburukian, 406. orrialdean) gogoratzen deuskunez: “Baseliza hau oraintsukoa da; bere eskaintza egin zan Arraban egoan beste baten oroigarri, artean zelai honetan sendategi bat egoala”. XIX mendearen amaieran egindako kapera dauka gogoan Gorostiagak, Zeanurin baseliza modura hartu ez zana. Ondoren, joan dan gizaldiaren hasieran bertan behera itxi zan.

Baselizatxo hau benetan txikia zan, barruan bi lagunentzako tokia baino ez egoan-eta. Hori dala-eta —halaxe gogoratzen deusku Gurutzi Arregik— On Benito de Atutxak baseliza handiagoa egiteko baimena eskatu eban “txangozale eta inguru haretako bizilagun apalentzat”. Planoak be gordetzen dira Labayru Ikastegian; baita baimen-eskaria eta dirua batzeko propaganda-batzordearen datuak be; baina ahalegina bertan behera geratu zan.

Jon Urutxurtu

Ojanguren argazkia. Data barik



POBREZIAREN AURKAKO ALDARRIKAPEN OZENA

            Jesuiten fundatzailea, Loiolako Iñazio gogoratzen dan egun honetan, Frantzisko aita santuagaz —gaur egungo jesuitarik ospetsuena— bat egingo da Gorbeiako ermitan, aita santuak berak deitutako Pobreziaren Aurkako Lehen Mundu Egunaren oihu argia aldarrikatuko da eta.

Gai honi buruz Angel Mari Peñagarikano bertsolariak egindako bertsoak kantatuko dabez bertaratutakoek. San Inazioren martxa, Edurretako Andra Mariaren ereserkia, eta pobreziaren aurkako bertsoak entzungo dira beraz aurten Gorbeian.

-1-

Ez dakit ondo osatzen garen
sinesmenez edo fedez,
Aita Santuak esan dauena
ausnar dagigun mesedez,
gaurko mundua ipini dogu
hankaz gora ta aldrebes,
pobreak holan geratu dira
ez laguntza ta ez babes,
mundu hontako ondasun gehien
gitxi batzuk jaten dabez.

                        -2-

Aspalditxoan aita Francisco
dabil esan eta esan,
zelan gagozan irakur leike
goizeroko gure prentsan,
batzuek gosez , aldiz besteak
milloi ederrak despentsan,
dirurik gehien gastatzen baita
armetan eta defentsan,
mundu txiki hau danona da ta
zabalak izan gaitezan.

                         -3-

Batzuk daukie sabela eta
sakela ondo betea,
ta beste batzuk sakela hutsik
ta gatxa zerbait jatea.
Eskuzabala izatea ez da
“Kristaua naiz” esatea.
Kristautasuna ez da bakarrik
mezetara joatea,
kristautasunak oinarri dauka
behar dabenei emotea.

Angel Mari Peñagarikano



No hay comentarios: