José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Mateoren
ebanjelioak Jesusen hiru dei jaso ditu. Haren jarraitzaileok arretaz entzun
beharrekoak. Izan ere, eraldatzen ahal baitute gure elkarteetako sektore
batzuetan arnasten den giroa, etsipen, neke, asperraldizko giroa.
«Zatozte nigana nekaturik eta larri bizi zaren guztiok. Nik neuk
lasaituko zaituztet».
Hauxe
da lehenengo deia. Erlijioa zama astun bezala bizi dutenentzat da. Ez dira
gutxi beren kontzientziak estuturik dituen kristauak. Ez dira bekatari handi.
Soil-soilik, honela hezi dituzte: beren bekatua beti begi aurrean izateko, eta
ez dute ezagutzen Jainkoaren etengabeko barkazioaren poza. Jesusekin topo
egiten badute, arindurik sentituko dira.
Bada
beste kristau-talde bat ere: erlijioa, ahitua den tradizio bezala bizi duena.
Jesusekin topo egiten badute, Jainkoarekin gustura bizitzen ikasiko dute. Gaur
ezagutzen ez duten barne poza aurkituko dute. Jesusi jarraituko diote, ez
obligazioz, baizik hark erakartzen dituelako.
«Hartu nire uztarria, eraman erraza baita eta arina nire zama».
Hauxe
da bigarren deia. Jesusek ez du inor estutzen. Aitzitik, gugan den alderik
hobena liberatu egiten du; izan ere, bizitza gizakoiago, duinago eta sanoago
eginez bizitzea proposatzen digu. Ez da erraza bizitzeko hori baino era biziago
bat aurkitzea.
Jesusek
liberatu egiten gaitu ikaratik eta estutasunetik, eta ez ditu eragiten; gure
askatasuna hazarazi egiten du, eta ez gure morroi-mirabetza; konfiantza
esnatzen du gu baitan, eta ez tristura; maitasunerantz erakartzen gaitu, eta ez
lege eta arauetarantz. On eginez bizitzeko gonbita egiten digu.
«Ikasi nigandik, bihotzez otzana eta apala naizela, eta izango duzue
atsedenik».
Hauxe
da hirugarren deia. Bera bezala bizitzen ikasi behar dugu Jesusengandik. Jesus
ez datorkigu geure bizitza korapilatzera. Argiago eta xumeago bihurtzen du,
umilago eta sanoago. Atsedena eskaintzen digu. Ez die sekula proposatzen bere
ikasleei berak bizi izan ez duen ezer. Berari jarraitu, berak egin duen bide
beretik jarraitzeko eskatzen digu. Horregatik, ondo asko ezagut ditzake gure
zailtasunak eta ahaleginak; horregatik, barka ditzake gure trakeskeriak eta
erroreak, beti ere jaikitzeko animoa emanez.
Honetara
bildu behar ditugu geure ahaleginak: Jesusekin bizi-harremanak eragitera,
arnasa-, atseden- eta bake-premia duten hainbat eta hainbat
gizon-emakumerengan. Tristura sentitzen dut ikustean, hain juxtu ere erlijioa
ulertzeko eta bizitzeko erak daramala aski jende, kasik ezinbestean, Jesusengan
konfiantzarik ez izateko esperientziara. Gogora datorkit hainbat eta hainbat
jende, Elizaren barnean nahiz kanpoan, «galdurik» bizi dena, zein ate jo ez
dakiela. Badakit, Jesus izan litekeela albiste handia halako jendearentzat.
|
||||||||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario