Arratiako kultur ondare ez-materialaren erakusgarri
ditugu errogatibak. Ohitura honek bere inguruan batzen ditu Arratiako herri
guztiak. Baina ezin ulertu beste kultura eta sasoi ezbardinetako
erromesaldietatik aparte. Erreportaia honetan lau sinbolotan sakonduko dogu:
bidea, arbolea, mendia eta ura. Oraingoan arbolea.
Errogatibea eta arbolea
2011.eko errogatibean, Arratiako
haretxa eroan genduan Urkiolara eta, bedeinkatu eta gero, santutegiko
arduradunek esandako tokian landatu. Hantxe dago, igoerako eskeileratan,
eskoira, nahiko goian.
Ez genekian orduan erromesaldiak
eta arboleak, kultura eta mendeetan, izan daben hain lotura estu zabala.
Erromes edo
peregrinoaren bide lagun da arbolea. Bidean eta helmugan. Erromesak bilatzen
dauen misterioaren erdigunean eta ibileraren amaieran.
Arbola
bakoitzak bere esangurea dauka. Budista eta hinduen tenpluetako pippal
edo odol gorriko pikondoa emonkortasun ezaugarri da. Eskandinaviako lizar edo Yggdrasil
haretxa arbola mitikoa da, munduari eusten deutsona, erroak Jainken lurrean
sarturik. Attisen kultuaren pinondoak hilezkortasuna adierazten dau. Altare
sintoisten ondoan landatzen dan sakaki arbolaren moduan, beti berde,
beti bizi. Egiptoko sikomoroak jainkoen ziurtasuna eta babesa azaltzen dabe.
Eta kristau
kurutzea? Oso zaharra da kurutzearen ezaugarria. Badago Txinan, Egipton,
Knossos eta Kretan. Erromesaren sinbolo iraunkorra kristau erromesarengan.
Biziaren arbolea. Jakituriaren arbolea. Gizaki barri dan Kristoren biziaren
arbolea. Bariku santuan Kristoren odolaz bustia. Salbamen frutuaz betea Pazko
domekan.
Edengo
lorategiaren arbolan aurkitzen dogu bere arketipoa. Hirugarren egunean sortuak
izan ziran frutua emoten daben arbolak (Gn1,29). Ona eta txarra bereizteko
jakituriaren arboleak mugatzen dau giza izaera (Gn 3,22). Bere jaustea
adierazten dau, aldi berean bere jasoera, Jainkoak irabazleari biziaren
arbolaren frutua emongo deutso eta (Ap 2,7). Bibliaren hasieran eta amaieran.
Jesseren
arbolaren gainean egiten dau berba Isaias profeteak, handik sortuko da kimu
barria (Is 11,1-2). Kristau artean eta literaturan arbola horrek emoitza
parebage eta kontaezinak emon dauz.
Arbolea
sarritan kultugai izan da, biziaren ezaugarria, kosmoaren irudia. Zeru lurrak
batzen dituena. Izaki eta gizakien joan etorri etenbakoaren sinboloa.
Gizakiaren hazkundearen sinboloa. Erromesaren bidean hori guzti horren
oihartzunik badago. Konzientzia biztuz. Barritzeko beharrizana izartuz.
Bidearen helmugan aurkituko dauan sakratuagaz bat egiteko prestatuz.
Txiripaz
edo ez, azken ikasturte honetan, Arratiako familia askotan eta parrokietan Fedearen
arbolea gaia landu dabe, fedearen ibilbidearen argigarri. Kantuz,
eskulanez, katekesiz, ospakizunez.
Ur-ertzean bizirik
zenbat
zuhaitzondo
sasoian zelan
ez dau
fruiturik
emongo?
Uren pozez ez
jako
lehorrik
igongo,
danean ondo
eta
danontzako
ondo.
(1. Salmoa).
Aurten be,
Arteako herria izanik errogatibaren antolatzailea eta sakatzailea, arte landare
bat eroango da Urkiolara, artea eta urkia, bailara eta mendia, egunerokotasuna
eta betikotasuna, asteguna eta jaieguna buztartzearen ezaugarri moduan.
Jose
Mari Kortazar
(Testu honen oinarrian, ideia
asko honi zor deutsadaz: Julien Ries, El símbolo sagrado, Barcelona,
2013, 240-252. or)
No hay comentarios:
Publicar un comentario