San Lukasen ebanjelioak
azaltzen dau, Jesusek bere predikua hasi ebanean, Nazareteko sinagogan,
larunbatez -ohitura zanez-, zutunik jarri eta egun hartako irakurgaia
irakurri ebala (egun horretan Isaias profetaren liburuko zati bat
irakurri eban). Behin irakurgaia amaitu eta esan eban: "Gaur bete da
entzun dozuen irakurgai hau".
Gaur egun, Jesusek sinagogan
egin eban moduan egiten dau irakurleak gure artean. Eta Hark bezain ondo
egiten saiatu behar dau. Danontzat irakurtzen doguna ez da izan behar aspaldi
bateko mezua, Jainkoak GAUR emoten deuskun mezua baino. |
ONDO
IRAKURTZEKO
SEI
ARAU
1.
Irakurtzen hasi baino lehen, mikrofonoa ondo jarri behar da, ahotik arra batera
gitxi gorabehera.
2.
Gorriz dagoana ez da irakurri behar ("Lehenengo irakurgaia" ez da
irakurtzen, adibidez). Irakurgaiaren izenburua doinuz irakurri behar da
(“Isaias profetaren liburutik”, adibidez), bertan dagozanei begiratu eta
segundo batzuk itxaron.
3.
Irakurtzean, kontuan euki behar da helburua ez dala arin irakurtzea. Irakurlerik
gehienek arin irakurtzen dabe. Helburua ez da lehenbailehen irakurtzea, bertan
dagozanek irakurgaia jarraitu eta ulertzea baino.
4.
Horregaitik ba, irakurgaian ageri diran koma eta puntuak garrantzi handikoak
dira. Koma baten ondoren geldiune txiki bat egiten da; puntuaren ostean, barriz,
geldiunea luzetxoagoa izaten da.
5.
Elizan irakurri baino lehen, pare bat bider irakurrita euki beharko dogu
testua. Horrela, zentzu handiagoz transmititzeko aukera izango dogu. Zentzua
emonda, errazago ulertuko da.
6.
Irakurgaia amaitu ondoren, hiru segundo itxaron, aurrekoei begiratu eta JAUNAK
ESANA esango dogu. Erantzunaren zain gelditu eta presa barik joan.
GURE
IRAKURLE ZERBITZUA HOBETZEKO
1. Irakurgaia
lehenago irakurri. Hobe izango da aurretik birritan irakurtzea: lehenengoa,
jakiteko zer esaten dan eta, bigarrena, informazioa gehiago zehazteko. Askoz hobeto,
ozen irakurtzen badogu.
2. Irakurgaiaren
hasiera oso garrantzitsua da, bai irakurtzen daunarentzat, baita entzuten dauanarentzat
ere. Irakurlea arinegi hasten bada edo zalantzan hasten bada, okerrerako bidea izan
leiteke. Entzuten dauanak hasieratik ulertzen ez badau, arreta galduko dau.
3. Ondo entzun
eta ulertzeko, ez da burua
jaitsi behar eta ahoa normalean baino apur bat gehiago ireki behar da. Burua
altxatuta, ahotsa argiago entzuten da eta tonua ere igo egiten da (beharrezkoa
bada, liburua altxatu geinke). Ahoa ondo ireki ezkero, bokalak biribilagoak eta
kontsonanteak kontrastatuagoak izango dira.
4. Egiten dogun zerbitzuan ilusioa mantentzeak hobeto irakurtzen lagunduko deusku (gure ahotsa Jainkoaren Hitza zabaltzeko erabiltzen gabiltz, kristau alkarteari begira). Gure ilusioak tonu atseginean irakurtzen lagunduko deusku, Jainkoaren edozein irakurgaik " albiste onak eta alaiak" dakarskuz eta.
5. Irakurgaien
liburutik irakurtzea komeni da, ez elizbarrutiko orrietatik, ezta meza
liburu txikietatik ere. Irakurgaien liburua horretarako dago; letra handiagoa
dauka eta testua ondo banatua dago.
6. Hitz batean
nahasten bagara, segundo batzuk itxaron eta berriro irakurriko dogu. Ez da
parkamena eskatu behar.
7. Lehendik testua
irakurrita izango dogunez, testuaren ezaugarriak jakingo ditugu, hau da,
narrazio bat edo gogoeta bat edo aholku bat dan jakingo dogu eta ilusioa
egingo deusku testua tonu egokiz irakurtzeak. Adibidez, testua narrazio bat
bada, bereizi egingo dogu narratzailearen doinua, alkarrizketarena etab. Ondo
egitea ez da gatxa, gogotsu eta senez egiten badogu.
8. Isiluneek garrantzi
handia dauke ondo irakurtzeko orduan. Isiluneek
-geldiuneek- argia
emoten deutsoe hitzari. Isiluneak errespetatu eta arnasa hartzeko erabiltzen
dituen irakurlea gustura entzungo dabe eliztarrek.
9. Besteen eritxia
jakitea ona da. Ideia ona da beste eliza batzuetan irakurtzen daben
pertsonak elkartzea, besteen eritxia jakiteko eta irakurketa ariketak egiteko.
Irakurgaiak baino lehenagoko sarrerak
Irakurgaien aurretik, horreen inguruko sarrerak edo oharrak irakurtzea komeni da, ospakizunean dagozanek irakurgaia hobeto ulertu dagien.
Ahal bada, ohar horreek ez ditu irakurgaia egingo dauan pertsona berak irakurri behar. Beste toki batetik irakurri beharko dira (anboia, Jainkoaren Hitza irakurtzen dan tokia, horretarako baino ez litzateke erabili behar).
Salmoen irakurketa
Lehenengo irakurgaiaren ondoren, salmoa abestea da aproposena. Baina abestu ezik, lehenengo irakurgaia irakurri dauan pertsonak ez egitea gomendatzen da. Hala eta guztiz ere, pertsona berberak irakurri behar badau, isilune bat egin beharko dau salmoagaz hasi baino lehen (testu biak lotzen baditugu, biei zentzua kentzen deutsegu). Hasieran EZ da Erantzun salmoa esaten.
Salmoa irakurtzen hasi baino
lehen, komeni da kantu labur bat egitea, eta salmoaren estrofekin txandakatzea.
Irakurgaien liburuan herriak
erantzun moduan erabili leikean esaldi bat agertzen da. Baina igandeko
elizkizunetan ez da komeni hori irakurtzea, arreta gehiago jarriko dabe-eta
esaldi hori irakurtzen salmoa entzuten baino.
Salmoak poesia moduko otoitzak
dira. Hori dala eta, irakurketak lasaia eta sentimenduz beterikoa izan behar dau.
Eiderrek moldatua, Centro de Pastoral LItúrgica etxeak
egindako material baten oinarrituta.
No hay comentarios:
Publicar un comentario