Páginas

lunes, 8 de abril de 2024

Irakurlearen zerbitzu ona


     Gure elizkizunaren zatirik garrantzitsuena Jainkoaren Hitzaren irakurgaiek osotzen dabe. Testuok ondo irakurtzea behar-beharrezkoa da kristau elkartearentzat. Jainkoari ahotsa emoten deutsagu horretara, herriari hitz egin deion. Horregaitik guztiagaitik, oso garrantzitsua da Elizarako ahalik eta ondoen irakurri eta entzutea Jaunaren Hitza.


San Lukasen ebanjelioak azaltzen dau, Jesusek bere predikua hasi ebanean, Nazareteko sinagogan, larunbatez -ohitura zanez-, zutunik jarri eta egun hartako irakurgaia irakurri ebala (egun horretan Isaias profetaren liburuko zati bat irakurri eban). Behin irakurgaia amaitu eta esan eban: "Gaur bete da entzun dozuen irakurgai hau".

 

Gaur egun, Jesusek sinagogan egin eban moduan egiten dau irakurleak gure artean. Eta Hark bezain ondo egiten saiatu behar dau. Danontzat irakurtzen doguna ez da izan behar aspaldi bateko mezua, Jainkoak GAUR emoten deuskun mezua baino.









ONDO IRAKURTZEKO

SEI ARAU

1. Irakurtzen hasi baino lehen, mikrofonoa ondo jarri behar da, ahotik arra batera gitxi gorabehera.

2. Gorriz dagoana ez da irakurri behar ("Lehenengo irakurgaia" ez da irakurtzen, adibidez). Irakurgaiaren izenburua doinuz irakurri behar da (“Isaias profetaren liburutik”, adibidez), bertan dagozanei begiratu eta segundo batzuk itxaron.

3. Irakurtzean, kontuan euki behar da helburua ez dala arin irakurtzea. Irakurlerik gehienek arin irakurtzen dabe. Helburua ez da lehenbailehen irakurtzea, bertan dagozanek irakurgaia jarraitu eta ulertzea baino.

4. Horregaitik ba, irakurgaian ageri diran koma eta puntuak garrantzi handikoak dira. Koma baten ondoren geldiune txiki bat egiten da; puntuaren ostean, barriz, geldiunea luzetxoagoa izaten da.

5. Elizan irakurri baino lehen, pare bat bider irakurrita euki beharko dogu testua. Horrela, zentzu handiagoz transmititzeko aukera izango dogu. Zentzua emonda, errazago ulertuko da.

6. Irakurgaia amaitu ondoren, hiru segundo itxaron, aurrekoei begiratu eta JAUNAK ESANA esango dogu. Erantzunaren zain gelditu eta presa barik joan.



BEDERATZI IRADOKIZUN

GURE IRAKURLE ZERBITZUA HOBETZEKO

 

 

1. Irakurgaia lehenago irakurri. Hobe izango da aurretik birritan irakurtzea: lehenengoa, jakiteko zer esaten dan eta, bigarrena, informazioa gehiago zehazteko. Askoz hobeto, ozen irakurtzen badogu.

2. Irakurgaiaren hasiera oso garrantzitsua da, bai irakurtzen daunarentzat, baita entzuten dauanarentzat ere. Irakurlea arinegi hasten bada edo zalantzan hasten bada, okerrerako bidea izan leiteke. Entzuten dauanak hasieratik ulertzen ez badau, arreta galduko dau.

3. Ondo entzun eta ulertzeko, ez da burua jaitsi behar eta ahoa normalean baino apur bat gehiago ireki behar da. Burua altxatuta, ahotsa argiago entzuten da eta tonua ere igo egiten da (beharrezkoa bada, liburua altxatu geinke). Ahoa ondo ireki ezkero, bokalak biribilagoak eta kontsonanteak kontrastatuagoak izango dira.

4. Egiten dogun zerbitzuan ilusioa mantentzeak hobeto irakurtzen lagunduko deusku (gure ahotsa Jainkoaren Hitza zabaltzeko erabiltzen gabiltz, kristau alkarteari begira). Gure ilusioak tonu atseginean irakurtzen lagunduko deusku, Jainkoaren edozein irakurgaik " albiste onak eta alaiak" dakarskuz eta.

5. Irakurgaien liburutik irakurtzea komeni da, ez elizbarrutiko orrietatik, ezta meza liburu txikietatik ere. Irakurgaien liburua horretarako dago; letra handiagoa dauka eta testua ondo banatua dago.

6. Hitz batean nahasten bagara, segundo batzuk itxaron eta berriro irakurriko dogu. Ez da parkamena eskatu behar.

7. Lehendik testua irakurrita izango dogunez, testuaren ezaugarriak jakingo ditugu, hau da, narrazio bat edo gogoeta bat edo aholku bat dan jakingo dogu eta ilusioa egingo deusku testua tonu egokiz irakurtzeak. Adibidez, testua narrazio bat bada, bereizi egingo dogu narratzailearen doinua, alkarrizketarena etab. Ondo egitea ez da gatxa, gogotsu eta senez egiten badogu.

8. Isiluneek garrantzi handia dauke ondo irakurtzeko orduan. Isiluneek

-geldiuneek- argia emoten deutsoe hitzari. Isiluneak errespetatu eta arnasa hartzeko erabiltzen dituen irakurlea gustura entzungo dabe eliztarrek.

9. Besteen eritxia jakitea ona da. Ideia ona da beste eliza batzuetan irakurtzen daben pertsonak elkartzea, besteen eritxia jakiteko eta irakurketa ariketak egiteko.


Irakurgaiak baino lehenagoko sarrerak

Irakurgaien aurretik, horreen inguruko sarrerak edo oharrak irakurtzea komeni da, ospakizunean dagozanek irakurgaia hobeto ulertu dagien.

Ahal bada, ohar horreek ez ditu irakurgaia egingo dauan pertsona berak irakurri behar. Beste toki batetik irakurri beharko dira (anboia, Jainkoaren Hitza irakurtzen dan tokia, horretarako baino ez litzateke erabili behar).


Salmoen irakurketa

Lehenengo irakurgaiaren ondoren, salmoa abestea da aproposena. Baina abestu ezik, lehenengo irakurgaia irakurri dauan pertsonak ez egitea gomendatzen da. Hala eta guztiz ere, pertsona berberak irakurri behar badau, isilune bat egin beharko dau salmoagaz hasi baino lehen (testu biak lotzen baditugu, biei zentzua kentzen deutsegu). Hasieran EZ da Erantzun salmoa esaten.

Salmoa irakurtzen hasi baino lehen, komeni da kantu labur bat egitea, eta salmoaren estrofekin txandakatzea.

Irakurgaien liburuan herriak erantzun moduan erabili leikean esaldi bat agertzen da. Baina igandeko elizkizunetan ez da komeni hori irakurtzea, arreta gehiago jarriko dabe-eta esaldi hori irakurtzen salmoa entzuten baino.

Salmoak poesia moduko otoitzak dira. Hori dala eta, irakurketak lasaia eta sentimenduz beterikoa izan behar dau.

 

Eiderrek moldatua, Centro de Pastoral LItúrgica etxeak egindako material baten oinarrituta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario