Abenduko izarrak

domingo, 2 de junio de 2013

400 arratiar baino gehiago batuko dira Urkiolan errogatiba egunean


“Urkiolara joan, zapatak urrutu…”
 Bagilearen 15an egingo da Arratiatik Urkiolarako errogatibea

“... Aita San Antoniok barriak egingo ditu” dino kopla zaharrak, eta oinetakoak urrutzeko aukerea izango dabe Arratiako oinezko errogatiban parte hartu gura dabenek.
Bagilearen 15an, zapatuan, egingo da Urkiolara, Paduako San Antonioren santutegira errogatibea; tradizinoa jarraituz, San Antonio egunaren osteko zapatuan izaten da arratiarren errogatiba eguna; lehenago herri bakotxak bere errogatibea antolatzen baeban be, azken urteotan,  Arratiako parrokia guztiak aldi berean joaten dira Urkiolara, bailarako abadeakaz batera; horretarako, Mankomunitateak autobus bat ipiniko dau. Dana dala, erromes guztiak ez dira autobusean joango, batzuk euren kotxeetan eta beste batzuk oinez joango dira eta. Ganera, Zeanuritik eta Dimatik Urkiolara oinezko ibilaldi gidatuak be prestatu dira.


Egitaraua
Aurtengo errogatibea “Senidea ala dirua” lemapean egingo da.
Hamaikak baino lehentxoago, ongietorria emongo jake oinez, autobusean edo euren kotxeetan Urkiolara hurreratutako arratiar erromesei. Ondoren, eta aspaldiko usadioa jarraituz, letaniak abestuz sartuko dira erromesak Urkiolako Santutegira, 11:00etan Arratiako abadeak emongo daben mezea ospatzeko. Meza ostean, Bediako parrokiako umeak eta gaztetxoak aurtengo errogatibearen lemeagaz bat datorren sinbolo bat eskainiko deutsee Urkiolara hurreratu diranei. Eta ekitaldi honegaz  egitarauari amaierea emongo jako. Autobusean etorritakoak 13:00etan euren herritara itzuliko dira.

Oinezko ibilaldi gidatuak

Igaz legez aurten be Arratiatik Urkiolara joateko  ibilaldi gidatuak egiteko aukerea izango da. Orain arte be Dimatik, Igorretik, Areatzatik... hainbat jende joaten izan da oinez Urkiolara, baina aurten Dimatik eta Zeanuritik abiatuz, ibilaldi gidatuak egiteko aukerea izango da, holan, Arratia eta Urkiola lotzen dauzan bide klasikoetako bi ezagutzera emoteko. Urteereak Dimako plazan goizeko 06:00etan izango da eta Zeanuriko plazan 08:00etan.



Liburua zabalduko da


Arratiako errogatibak Urkiolara” izenagaz liburu bat kaleratu dau Arratiako Elizak. Bertan errogatiben ohituraren nondik norakoak azaltzeaz gain, Basilio Pujanaren bertsoak batu dabez, eta azken hiru urteotako gogoetak eta argazki ugari ere bai. 
Egileen artean Joseba Lejarza Urkiolako abadea agertzen da. Basilio Pujana Zeanuriko semea izan zanaren bertsoak, eta abar luze bat aurkituko dauz irakurleak argitalpen honetan. 
Argazkien egileak ditugu: Iker Barrutieta, Celina Gorostizagoiza, Jose Mari Kortazar, Indalecio Ojanguren, Xabier Sanchez Robles, Jon Urutxurtu.
Liburutxo hau Arratiako sortako 8. zenbakia da.

No hay comentarios: