Abenduko izarrak

jueves, 1 de abril de 2021

Adiskide eta senide: atseginez zaindu

 



Bizkaia Irratia 2021

Adiskide eta senide: atseginez zaindu

 

Eguen Santu barri batez, zuekaz guztiekaz bat egiten dogu Bizkaia Irratiari esker. Ez dakit zenbat urte, egun honetan goizean, zeuokaz bat egiten dogula Arratiatik Bizkaira, Gorbeia magaletik Kantauri itsasoraino. Handia eta zabala da Eguen Santuko mahaia. Handi eta zabalagoa egin daikegu irratiari esker. Nahiz eta ez ikusi, Jaunaren Berbeak batzen gaitu.

Ibilbide hau gugaz hasi eben batzuk hil dira eta ez dagoz gugaz. Batzuk etxekoak eta familikoak. Bihotzean, gogoan eta otoitzean ditugu. Beste batzuk gaixorik entzuten dozuez gogoeta honeek. Jainkoaren laztana ez daitela inoiz falta zuen ohe ondotxuan. Beste  batzuk kotxean edo sukaldean, beharrean entzuten dozuez. Danok osatzen dogu alkartea.

Urte gogorra izan dogu. Eta nekean aringarri izan dogu eukaristia, komuninoa, alkartea. Eta zalantzatan argigarri izan jaku Jaunaren Berbea, komunioaren osagarria. Eta bakardadean lagungarri izan jaku mezea, alkartea, senideak. Senide eta adiskide. Adiskide eta senide. Eukaristia, mezea dan iturritik ur asko, bizigarri eta freskoa sortzen da. Gaur holako ur bi dastatuko ditugu otoitzean. Hausnartuz. Barruratuz. Astia eta sasoia emonaz: atseginak izan gure artean eta alkar jagotea, zaintzea. Baina lehendabizi, jo daigun iturrira, bertan ezagutzen dogu maite gaituan Jainkoa, zaintzen gaituan Jainkoa.

 

 

Jesu Kristo gure Jaunaren Nekaldia San Markosen liburutik

K Afaltzen ziharduela, Jesusek ogia hartu eban eta, bedeinkapen-otoitza eginez, zatitu eta emon eutsen, esanez:

         - «Hartu egizue: hau nire gorputza da».

         K Gero, kaliza hartu eta esker oneko otoitza esanez, emon eutsen, eta guztiek edan eben bertatik. Eta esan eutsen:

         - «Hau nire odola da, itunaren odola, guztien alde isuria. Benetan dinotsuet: Ez dot gehiago ardorik edango, Jainkoaren erreinuan ardo barria edango dodan egunera arte».

 

 

Atseginak izan gure artean

 

Mahaian bazkaltzen gagozela, gogorra izaten da senidetasuna apurtzea. Atseginak izatea mahaian zein bizitzan. Atseginez portatu eta tratatu, adeitasunaz, maitetasunez. Maitasunaren berba bat da atsegina izatea. Puntu hau inportantea izango da Frantzisko aita santuak hiru zenbaki (222-224) eskaini badeutsoz bere azken entziklikan, Fratelli tutti, hau da, Danok senide, Danok neba-arreba deritzan entziklikan.

Gure gizartean nagusitu dan indibidualismo konsumistak prisa ekarri dau. Besteak lankide baino gehiago, oztopo lez hartu daikeguz, gure helburuak atzeratzen dabezan oztopoak. Oztopo edo eragozpen izatetik arazo izatera pasatu daitekez. Hau larriagotu egiten da krisi sasoietan, gaur bizi dogun egoera honetan, adibidez. Norberak bere burua salbatu eta kito. Halan da guztiz be, arazoak arren, badira atseginak izaten ahalegintzen diran lagunak. Argiak dira iluntasunean.

Mezatan Jesusen Espiritua eskatzen dogu, bertara eroango doguzan ogi ardoak Jesusen gorputz odol izan daitezen. Jesusen Espirituaren dohaia da, San Paulok dinoanez (Ga 5,22), maitasuna, poza, bakea, pazientzia, bihotz ona, onginahia, leialtasuna.  Espiritu hau daukan pertsonea ez da legorra, gogorra. Espiritu hau daukan pertsoneak lagundu egiten dautso hurkoari, eutsi, bere kargak eta zamak eroaten lagundu. Holan igartzen da Jesusen mahaitik jan dauan pertsonea: atsegina tratuan, ez dau zaurituten bestea ez berbaz ezta keinuz, aringarri jako lagunari. Adiskide eta senide. Adore berbak esango ditu, indargarriak, laguntzen daben berbak. Eta ez umiliatzen eta beheratzen dabezan berbak, zapaltzen dabezanak, hasarratzen dabezanak.

Tristea bada, gogor tratatzea beharrean edo gizartean, askoz tristeago da kristau alkartean holan ibiltzea, familian holan ibili beharra. Bere prisa eta larriak alde batera itxi eta atsegina dan pertsonea zorte handia da. Miraria da. Eta miraria da, batez be, hori dana alde batera itxiz, adorez betetako berba bat badino, tartea baduaka entzuteko, irribarre bat oparitzeko.

Atsegina izatea ez da azaleko kontu bat edo ohitura burges bat. Atsegina izatea laguna baloratzea da, kontuan hartzea, aintzat hartzea, maitatzea, errespetatzea. Eukaristiaren Espiritua bizitzara eroatea da. Bestea senide lez tratatzea da. Eta senidea adiskide lez.

Eta senide eta adiskide izate hau mundu guztian zabaltzea. Hortxe erronka. Horixe bai hordagoa. Frantzisko aita santuak, bere azken entziklika honetan, otoitz eder bat oparitu deusku. Hona euskeraz ipinita, doinu ezagun batez.

 

Gizon emakumeen

Aita zaituguna:

duintasun berarekin

sortu dozuzana.

Senidetasun hatsa

isuri gugana,

bategite, bakea

ta zuzentasuna.

 

Pobre barik mundua,

goserik bakoa,

gerra bako gizarte,

poz sekulakoa.

Eskertu daigun beti

Zuk ereindakoa.

Mundu hau izan dadin

Zuk asma lakoa.

 

Holan lortuko dogu

batasun-lotura,

esperantza guztiak

lotzeko kultura,

asmoak partekatuz

hori dogu gura

herri guztiak batuz

Zuk sortu modura.

Doinua: Izotz ondoko eguzki

 

https://youtu.be/lyl9uJKD2pY )

 

Zaindu, jagon

 

Jagon, zaindu, arduratu, kargu hartu, kasu egin, kontu egin, begiratu. Era asko gauza bera edo antzekoa azaltzeko. Alkarri lagundu. 2.000 urte inguru dira San Paulok hau idatzi eutsiela Galaziako fededunei. Pandemia hau dela eta, zenbat aldiz ez ete dogu hau berau entzun. Nork zaindu? Nor jagon? Zelan arduratu?

 Urteak eroan doguz, nire gorputza nirea dala eta nire gorputzagaz nik gura dodana egin behar dodala. Eta bat batean, kontuz! Nik egiten dodana nire gorputzagaz eragina daukala bestearengan! Eta ez abadeak hori esaten, zientzialari zentzundunak baino. Ez ete da ardura hau askoz kristauagoa?

Lehengo eta behin gure burua zaindu. Gu geu. Gu ez bagagoz ondo zelan lagundu besteari? Zelan jagon elkar? Bizimodu prisatsu honetan, beti arineketan hona eta hara, prisaka eta arineketan lotu barik, tartea atara gelditu eta hausnartzeko, otoitz egiteko, gaixo bati edo lagun bati deitzeko. Hainbat zeregin daukagun gizarte honetan, ausartak eta balienteak izan inportanteena aukeratzeko, gure barrua lantzeko. Hainbeste dispertsino eta arreta gune dituan gizarte honetan, erdigunea bilatu eta jagoteko aukerea hartu. Gaixorik banago, ezinduta, ibili ezinik, medikuak edo etxekoak esandakoa betetzen ahalegindu.

Bigarren, maite dogun hori jagon, zaindu. Etxeko edo familikoa, hurrekoa eta urrunekoa. Gozotasunez zuzendu, zuzendu beharra badago. Lagundu batak besteari alkarren kargak eroaten, ze, holan beteko dozue Kristoren legea (Ga 6,2). Ez ibili besteagaz konparatzen. Ez aspertu ona egiten. Adorea galtzen ez badogu, jasoko dogu uzta bere sasoian. Erea daukagunean, egin deiegun ona guztiei, batez be fedean senide doguzanei.

Eta holan, hirugarrenez, elkar maite, elkar jagon, elkar zaindu. Danok goaz barku edo txalupa berean. Nik egiten dodan ona, danon onerako da. Egiten dodan kaltea, danon kalterako izango da. Nik egin barik itxi dodana, beste baten lepoaren gainera joango da.

Eta hemen, Jesusen mahaitik jaten dogunok, suerte handi bat dogu. Gure burua zaindu, maite doguna zaindu, elkar zaindu. Baina jakin dakigu Jesusen Jainkoak gu zaintzen gaituala.

Egin gaitualako. Maite gaitualako. Gure zoriona gura dauelako. Zorioneko hau jakin bakarrik ez, bihotz bihotzez hau ezagutu, sentidu, gozatu dauenak. Ez gagoz bakarrik bidean. Senide eta adiskide asko ditugu. Batez be Jesus, lagun eta bideko.

Harek zaintzen, jagoten gaitu.

Kopla honegaz amaituko dogu. Esan edo kantatu eizu ugari, sarri, askotan, eten barik. Egizu kanta baino gehiago, egizu otoitz, errezu, eskari eta esker otoitz…

Zaindu egizu zeure burua

ta zaindu maite dozuna,

zaindu gaitezen alkar guztiok

bat dogu etorkizuna.

Harroak gara, pentsatu dogu:

“Gure esku dana dago”.

Birusak dino: ez gagozela

Jainkoa baino gorago.

Zaindu egizu zeure burua

ta zaindu maite dozuna,

zaindu gaitezen alkar guztiok

bat dogu etorkizuna.

 

https://youtu.be/aWk_ahZ2yJs )

No hay comentarios: