Abenduko izarrak

domingo, 10 de marzo de 2019

Bakardadea hotza da: Rufino Iraola

El próximo jueves, 14 de marzo, Pili Castro hablará sobre la "Soledad" en al kultur etxea de Igorre, invitada por la Asociación de Jubilados de Igorre.
Como aperitivo traemos aquí un artículo, de este semana, de Rufino Iraola.


Telediarioak dioenez, bi miloi pertsona bizi da bakarrik espainiar estatuan. Bakardadea hotza da sutondoan ere. Bakardadea hotza da kalefakzioa piztuta ere. Bakardadeak pentsamendu hitsak sortzen ditu. Paradoxikoki, lagun gehien izan duenari erasaten dio bortizkien bakardadeak. Bakardadeak esan nahi du lurrak irentsita bezala desagertzen direla lagunak. Gero azalduko dira, hori bai, zu lurrak estaltzear zaudenean, besarkadak eta doluminak banatzera senideen artean, garai bateko apaizek ur bedeinkatua bezala.

Bakardadea hotza da udaberrian ere. Pagotxa soroan borla gorriz dotore jantzita dagoenean ere. Uda beteko eguzki printzak baino ere indartsuagoa da bakardadea, eta etxeko leihoetan ez dago zirrikiturik bakardadearentzat baizik. Bakardadea mingarria da, batez ere, lagun minen eskutik datorrenean. Bakardadea, norberak hautatua ez denean, puñala da bihotzean trabeska. Inoiz ere imajina ez zenezakeen egoeran aurkiarazten zaitu. Eta hori sekulako frustrazioa da lagunak, ustez, erregalatzeko ere bazituela pentsatzen zuenarentzat.

Inork ez du beste inor borondate txarrez bakardadera bultzatzen. Giza erlazioak ulertzeko modu berria sortu da, eta kontua da hortik begiratzen diogula gure artean mugitzen den guztiari.

Gaitz endemikoa bezain aspaldikoa da bakardadea. Gaixoari bigarren gaixotasuna eransten dio. Batzuetan, ez dakigu zein den soportatzen errazagoa. Behinola, bertsolari ospetsu batek ‘mututu’ eta  etxean geratu behar izan zuen, nahiz eta publikatu zituen liburu pare bat, bere bakardadean Antonio Zavalak lagunduta. Zavalaren laguntzak asko arindu arren samina, inoiz ez zuen zeharo gainditu. Behin baino gehiagotan galdetu ohi zuen: “Non da, bada, orain, hainbeste estimatzen gintuen herri hori?” Hartuko zuen, hartuko zuenez, bisitan jende gehixeago.

Aipatu dudan horrez gain, beste bi esperientzia bizi izan ditut gertutik. Bata duela hamar urte pasatxo. Goierri aldean hagitz popularra den pertsona bati oso gertutik jarraitu behar izan genion urtebeteko gaixoaldi luzean. Erruz zituen lagunak ordura arte. Baina gaixoak jo zuenean oso bakarrik geratu zen; ez hura bakarrik, neu ere bakarrik sentitzen nintzen. Hura hil zen, eta orain, beste pertsona batekin, antzeko esperientzia bizi dugu. Ez dut inor markatu nahi, ez diot inori ezer leporatu nahi, baina bai gogoeta egin. Ohar gaitezen errealitatea zein den, eta presta gaitzen, gero, epoka datorrenean,  lantuan ito ez gaitezen.

No hay comentarios: