Eguen
Santua aparteko eguena dogu. Gurena. Gogokoa. Gurea.
Aintzaka eta goraka eta aupaka emon geuntsan ondo etorria Jesusi Erramu
domekan. Erramuak eta bihotza jasorik, haren ametsagaz, haren asmoagaz, haren
barrionagaz bat egin gura dogula esan eta kantau genduan. Orduan eta aste osoan
zehar.
Horixe barritu gura dogu gaur, eguen santu honetan, bihotza bero.
Pasinoak esangura bi ditu gitxienez. Bata nekaldia, nekea,
sufrimendua... Askotan eta sarritan horregaz geratzen gara, Jesusek berak
sufridu eban legez sufridu, kurutzea eroan, irainak eta torturak jaso. Hor
geratzen bagara, aste santua bariku santuan amaitzearen modukoa litzateke.
Pasinoa zaletasuna ere bada, zaletasun
bizi eta eraginkorra. Danok ezagutzen doguz apasionata bizi diran lagunak:
maitale bategaitik, kirol bategaitik, lan bategaitik, herri bategaitik...
Jesusek ere bere pasioa eukan, zaletasun bizi bezain erakargarria: kurutzetik
jaitsi biktimak, pobreak.
Horixe barritu gura dogu gaur, eguen santu honetan, bihotza bero.
Eguen Santuko maitasun ereduagaz, alkarbanatzeko grinaz... pasio hori
zelan bete erakusten dausku Jesusek. Gosearen kurutzetik jaitsi gose direnak.
Indarkeriaren kurutzetik jaitsi biktimak. Pobreziaren kurutzetik jaitsi
behartsuak. Bakardadearen kurutzetik jaitsi bakarrik bizi direnak. Maitasuna
eta alkarbanatzea erabiliaz, jaitsi kurutzetik gaisoak eta biktimak.
Horixe barritu gura dogu
gaur, eguen santu honetan, bihotza bero.
Eta aste santuko gure konpromisoa, Jesusen pasioa, zaletasun sutsua
jarraitu gurean hauxe izan daiteke: kendu ahal diran kurutzeak kendu, kendu
ezin diranak (gaixotasuna, ezbeharrak, zahartzaroa...) eroaten lagundu, eta
geuk ez inori kurutzerik ezarri, ez inori minik emon.
Horixe barritu gura dogu
gaur, eguen santu honetan, bihotza bero.
Ene
maiteok,
maitatu daigun alkar,
maitasuna Jainkoarengandik dator-eta,
eta maite dauena
Jainkoarengandik jaioa da
eta ezagutzen dau Jainkoa.
Maite ez dauenak ez daki ezer ere Jainkoaz,
Jainkoa maitasuna da-eta.
Hara zelan agertu dan Jainkoaren gureganako
maitasuna:
Jainkoak bere Seme bakarra mundura bialdu eban,
beronen bidez bizia izan dagigun.
(San Joanen lehenengo epistolatik, 4. kapitulua,
7-9 txatalak)
Esker oneko izateko dei ozen, argia, garbia dogu testu hau.
Esker
onekoak gara, etxekoakaz, jendeagaz, Jainkoagaz?
Zoritxarrez ez beti.
Eskerrik
asko esaten ikasi behar dogu, sarritan, ugari. On egiten dau. On egiten dautso hurkoari.
On egiten dautso esaten dauenari.
Daukagazun
gauzak eta zerbitzuak, neurriz erabiltzera eroan behar gaitu esker onekoak
izateak.
Jatekoak,
erropak, ikas orduak, erakunde zibilen prestazioak...
Mahaia
bedeinkatzea, adibidez, jatorduaren aurretik, honen ezaugarri jator eta polita
izan da, jaten doguna, jaten dogunakaz, jatekorik ez dabenakaz,
Jainkoaren
bedeinkapenaren argipean jarri otoitz labur bezain mamitsu bategaz.
Nire
otoitzak, eskatuz aparte, ba al daki eskerrak emoten?
Otoitzak, batzutan,
debaluazio hori euki dau. Larrialdi baten orduan, beharrizan baten aurrean,
bai. Eta eskerrak emotekotan?
Maitasunaren
eguna ere badogu gaurkoa.
Maitasuna zabaldu etxean,
herrian, lagun taldean, munduan...
Nire keinuak, berbak,
pentsakerak maitakorrak, samurrak egin...
Gorrotoa, banaketa,
liskarrak gitxitu inguruan...
Maitasuna mundu osora
heldu behar dala jakitun egon,
misioetako herriak eta
misiolariak ere kontuan izanik...
Musika:
Bidean
abiatzera joiala, gizon bat etorri jakon lasterka eta, aurrean belaunikaturik, itaundu
eutson:
- Maisu ona, zer egin behar dot betiko bizia
ondaretzat jasotzeko?
Jesusek erantzun eutson:
- Zergatik esaten deustazu ona? Inor ez da ona
Jainkoa baino. Badakizuz aginduak: ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu,
ez egin guzurrezko testigantzarik, ez egin kalterik, aintzat hartu aita-amak.
Harek orduan:
- Maisu, gazte-gaztetandik bete izan dot hori
guztia.
Jesus maitasunez begira jarri jakon, eta esan eutson:
- Gauza bat falta jatzu bakarrik: zoaz, saldu
daukazun guztia eta emon behartsuei, zeure aberastasuna zeruan izan daizun;
gero, zatoz eta jarraitu niri.
Hitz honeek entzutean, ilun jarri zan gizona eta
atsekabez joan, ondasun handien jabe zan-eta. Inguruan begiratuz, Jesusek esan
eutsen bere ikasleei:
- Bai nekez sartuko direla aberatsak Jainkoaren
erreinuan!
(Markosen Ebanjelioa, 10. kapitulua, 17-23
txatalak)
Apala
izan, otzana tratuan, jendeagaz, herrian... erronka eta bide. Jesusen
apaltasuna ez da injustiziak ahiztutea edota arazoetan sartu gura ez izatea.
Apaltasuna maitasunaren beste izen bat da.
Apaltasunaren
bidea hartu beharko genduke erropatan, berbatan, jokabideetan, tratuan...
Harrokeria
eta itxura zalekeriak alboratu beharko gendukez, baina zein gatxa jakun gizarte
honetan!
Apaltasunez,
Jesusek ikasleen oinak garbitu zituan.
Apaltasunak lagunak eta adiskideak egiten dauz...
Apaltasuna
zorion bide dogu.
Azken
afaria, adiskidetasun ezaugarria,
konpromiso ezaugarria era
badogu.
Hurkoarengana
urreratzeko bide, eta zubi, eta
alkarbidea da...
Alkarrizketea
sortzen dau apaltasunak, jendearen arteko arazoak konpontzekoa; guzurra indar
barik ixten dau.
Bakea
eta bakezaletasuna ereiten dauz etxean, familian, auzoan...
Ama
lurra, errespetuz jagotera eta zaintzera eroaten gaitu...
Behar
beharrezkoa dogu, horretarako, gure sinismena sendotzea.
Nire
edukazio erlijiosoa sakondu eta sakontzea.
Otoitz
pertsonala eta taldetakoa ugaritzea.
Sakramentuak,
domekako mezea zaintzea. Eta gaisorik banago etxean, urten ezinik, irratiaz
zein telebistaz jarraitzeko ahalegina egitea.
Musika:
Eguen
Santuko gogoeta hau, ebanjelioko pasarte bat irakurriaz amaituko dogu. Entzun
daigun bada...
Jesusek baekian dana bere esku jarri eutsola Aitak, eta Jainkoarengandik
etorria zala eta Jainkoarengana joiala. Afaltzen ebilela, mahaitik jaiki,
soingainekoa erantzi eta, esku-zapia harturik, garrian lotu eban. Ondoren, ura
konketara bota eta ikasleei oinak garbitzen hasi zan, eta garrian eban
eskuzapiaz lehortzen.
Simon Pedrorengana heldu zanean, honek esan eutson:
- Jauna, zuk niri oinak
garbitu?
Jesusek erantzun eutson:
- Ni egiten nabilena zuk
ez dozu orain ulertzen, geroago ulertuko dozu. Pedrok barriro:
- Zuk ez deustazu sekula niri oinik garbituko.
Jesusek erantzun:
- Garbitzen ez bazaitut,
ez dozu nigaz zerikusirik izango.
Simon Pedrok esan eutson:
- Jauna, orduan, oinak ez
ezik, eskuak eta burua ere bai.
Oinak garbitu eutsezenean,
soingainekoa jantzi, berriro mahaian jarri eta esan eutsen:
- Ulertzen dozue egin deutsuedana?
Zuek ‘Maisu’ eta ‘Jauna’ deitzen desutazue, eta arrazoi dozue, holaxe naz-eta.
Beraz, nik, Jauna eta Maisua nazen honek, zuei oinak garbitu badeutsuedaz, zuek
ere garbitu oinak alkarri.
(San Joanen ebanjelioa,
13, kapitulua, 2-9 eta 12-14 txatalak)
No hay comentarios:
Publicar un comentario