Abenduko izarrak

sábado, 3 de marzo de 2018

"Laudato Sí" zelako mundua itxiko deutsagu gure ondorengoei. Lander Intxaustiren berbaldia



Martiaren 2an, Igorreko kultur etxean Lander Intxaustik, “Laudato Si” Aita santuaren entziklikaren inguruan, berbaldi interesgarria eskeini deusku. Hona hemen laburpena.

Arratiako Garizumako ekitaldien barruan, Frantzisko Aita Santuak 2015 urtean idatzi eban “Laudato si’ entziklikaren aurkezpena hari moduan hartuta, gaur egungo gizarte eta harreman ereduei buruzko hausnarketa egingo dau Lander Intxaustik, herritar kristau arrunt baten ikuspuntutik. Landerrek berak dinoan moduan, Ingurumenaren problematikaren aurrean gizaki eta kristau moduan dogun erantzukizuna, bakarkakoa eta kolektiboa, nabarmendu beharra dago, jarrerak eta jokabideak aldatzeko eta elkartasunean oinarritutako iraunkortasun eredu bat eraikitzeko.

Nor da Lander Intxausti?

Lander Intxausti Arriolabengoa Zientzietan (Biologia atalean) lizentziaduna eta Biologian doktorea da. Gaur egun Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolako zuzendaria da.
Bere irakaskuntza jarduera Matematikaren didaktikaren arloan garatzen dau, eta ikerketa arloan matematikaren didaktikan eta biologia arloan egiten dau lan.



¿Pueden las religiones ayudar a superar la crisis ecológica?


El 2 de marzo en la Kultur Etxea de Igorre se desarrolló una charla sobre Laudato Si' El cuidado de al casa común, a cargo de Lander Intxausti. Aquí transcribimos las notas de la conferencia a cargo del ponente.




LAUDATO SI’
Zer nolako mundua utzi nahi diegu gure ondorengoei, hazten ari diren umeei?


Lander Intxausti
Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskola

Garizumako ekitaldiak – Arratiako pastoral barrutia. Igorren, 2018ko martxoaren 2an




Izenburu honekin aurkeztera natorkizuen hitzaldi honi hasiera eman aurretik, pare bat ohar egin nahi dizkizuet, espektatibak neurrian egon daitezen guztiontzako:
1.      Aurkeztuko dudana ez da Frantzisko Aita Santuaren entziklikaren analisi teologiko bat, ez naiz teologian aditua, eta edozein kasutan, zeregin hori ez dagokit niri. Era berean ez da zientziaren esparrutik egiten den analisi edo epai bat ere ez, nire hausnarketa pertsonalak baizik.
2.      Nire interesa ez da hitzaldi lehor bat ematea, elkarrizketa bat sortzea baino eta horregatik asko eskertuko dizuet edozein momentutan moztea, galderak egitea edo zuen hausnarketak nirekin partekatzea. Hitzaldi formatua izan behar du eta hori errespetatuko dugu (behintzat goizeko zatian) baina ahal bezain beste debatearen formatura hurbiltzea nahiko nuke, edo hobe esanda hausnarketa partekatuaren formatura.

Izan ere, hitzalditxo honen xede xumea, entziklika irakurri eta sakon aztertu ondoren, kristau, biologo eta irakasle arrunt baten hausnarketak eta zalantzak argitara ematea eta partekatzea baino ez da.

Horrenbestez, nire enfokea ez da dokumentuaren analisi tekniko bat, baizik eta hiritar arrunt baten ikuspuntutik niretzako bereziki esangarriak diren gakoak eta ideiak azpimarratzea baizik.

Nire hausnarketa hau hemen zaudetenetako baten bati gogoetan egiteko eta gogoeta hori partekatzeko lagungarri edo erabilgarri suertatzen bazaio, nire zeregina betetzat emango dut eta poz-pozik bueltatuko naiz etxera. Gauzak horrela, eskerrik asko Arratiako pastoral barrutiari,  etortzeko gonbidapen-erronka honengatik.

[2. DIAPOSITIBA]

Nire hitzaldia bi bloke handitan banatuko dut, lehenengo Laudato Si’ entziklikaren inguruko hausnarketa bat aurkeztu nahiko nizueke, eliza eta ingurumenaren arteko harremana eta entziklika bera irakurtzeko erabilgarriak izan daitezkeen gako batzuk aztertuz. Bigarren bloke batean entziklika berari buruz hausnartuko dut, zergatik eta zertarako idatzi den, zer den esaten duena, eta horrekin batera esaten duenari buruko begirada bat egingo dugu oso gainetik.
Nire hitzaldi hau amaitzeko nire ustez entziklika honek planteatzen dituen eta bereziki esangarriak diren sei erronka aurkeztuko ditut, sintesi moduan.

Berriro ere azpimarratu nahi dut nik aurkezten dudan hau nire gogoetaren ondorio apala baino ez dela, eta apaltasun horrekin partekatzen dudala, gai honi buruz iritzia izan dezakeen zuetako beste edozeinek egin dezakeen modu beretsuan eta ez ikuspuntu akademiko batetik. Hori ez da baita nire asmoa.

[3. DIAPOSITIBA]

1.     Abiapuntua

Hitzaldi hau hainbat aldiz ematea eskatu didate elizbarrutian, eta entziklika bertako 61. puntuko esaldi honekin hastea gustatzen zait: Errealitatea zintzotasunez begiratuta, guztion etxea oso kaltetuta dagoela ikusten dugu. Izan ere, Frantzisko Aita Santuaren baieztapen honek modu argian zabaltzen baitigu bidea gogoetarako; modu zehatz batean gainera, gizakiaren eta ingurumenaren arteko harremana fedearen betaurrekoekin begiratzeko hain zuzen ere. Aita Santua bera da, bere magisteritzako dokumentu goren batean, kristau pentsamendua zizelkatzen duen dokumentu potolo horietako batean, ingurumena ardatz hartzen duela.

Era berean, oso aipagarria suertatzen zait titulua bera, Laudato si’  Asiseko Frantziskoren Izakien Kantikakok estrofaren lehen hitzak. Burura datozkigun lehenengo bi ideiak nahiko nabarmenak dira
·         Aita Santuak bere izena Asisko Frantziskogandik hartu zuen
·         Asiseko Frantziskok gizakia, fedea eta ingurumenaren arteko loturaren garrantzia utzi zigun bere ondare nagusi moduan.

Niretzako badago hirugarren ideia bat, izenburuaren hizkuntzarekin lotuta dagoena, seguruenik hizkuntza gutxitu baten hiztun izateak sortzen didan sentimenetik: Laudato si’ umbrieraz dago idatzita, italieraren dialekto zahar bat, oso erabilera mugatukoa, herri xumearen hizkuntza, eta ez lingua francak bat.

Izenburua bera eta dokumentuaren idazkera aztertuta, irakurterraza delako, oso ondo antolatuta dagoelako, dokumentu laburra delako, sakona baina argia delako… Badirudi Aita Santuak dokumentu honen hedapena ahalik eta handiena izatea bilatzen duela, edozeinek irakurri, ulertu, hausnartu eta eztabaidatzeko dago sortuta, hau da, herri xeheari eskuragarri zaio erabat dokumentua bera eta bertan jasotzen diren hausnarketa eta planteamenduak.
[4. DIAPOSITIBA]

2.     Eliza eta ingurumena

Ingurumenaren hausnarketa kristau hausnarketan barneratzea arrakastaz lortzeko, halabeharrez izan behar da eskuragarria edozein kristau arruntentzako. Are gehiago ingurumenarekiko duen harremanak bere bizitzaren esparru guztiak baldintzatzen dituelako, horretaz jabetu ez arren.

Hala ere, historian zehar, Elizaren pentsamenduan ingurumenarekiko harremana ez da pisu handiko gai bat izan, hein handi batean, gizarte zibilean ere hausnarketa hori ez delako presente egon duela urte gutxira arte. Besteak beste, politikaren munduan lehenengo ekarpen esangarria arlo honetan Theodore Roosvelt-ena izan daiteke XX. mendeko lehenengo hamarkadan eta gizarte mailan mugimendu ekologista XX. mendearen 50 hamarkadan sortu zen.

Elizak, erakunde zaharragoa izanda, historia luzeagoa dauka arlo honetan, hala ere gai hau ez da bereziki presente egon beren hausnarketan edo doktrina ofizialean. Bibliako Genesis liburuko erreferentziak kenduta, kristau tradizioko ingurumen kontzientziaren lehenengo erreferentzia Asiseko Frantzisko bera dugu, 1225 urtearen inguruan idatzi zuen Izakien kantikarekin. Bertan Jainkoari eskerrak ematen dizkio kreazioko elementu eta bizidunengatik.

Hurrengo erreferentzia aipagarria 7 mende beranduago aurkitzen dugu, jadanik XX. mendearen bigarren erditik aurrera
·         Paulo VI Aita Santuak Populorum progressio entziklikan baliabide naturalen ustiatze neurrigabeak natura kaltetu dezakeela salatzen du, eta gizakia horren biktima izan daitekeela.
·         Joan Paulo II Aita Santuak eraldaketa ekologiko globala aldarrikatu zuen: mundua hobetzeko gizakion bizimodua, ekoizpen-ereduak eta kontsumo-ereduak aldatzearen beharra eta benetako giza garapenak natura ere kontuan hartu beharko lukeela.
·         Benedikto XVI Aita Santuak ere ideia horrekin bat egin zuen, naturaren degradazioa bizikidetza eredurekin lotuta dagoela azpimarratzerakoan.

Lau erreferentzia nagusi horiek dira Laudato Si’ entziklikaren aurrekariak Eliza katolikoan. Beste modu batera esanda, orain arte ez da egon Elizaren magisteritzan ingurumenaren gaia eta gizakia eta ingurumenaren arteko lotura ardatz hartzen dituen dokumenturik, edo nik behintzat ez dut lortu topatzerik.

[5. DIAPOSITIBA]

3.     Laudato si’ entziklika irakurtzeko hiru gako

Dokumentu hau irakurtzeko edo aztertzeko orduan, nire ustez badaude oinarrizko hiru gako bereziki aipagarriak direnak, eta moduren batean lagungarriak izan daitezkeenak dokumentua bera kokatzen laguntzeko. Hein handi batean, hitzalditxo honen zergatia gako hauek zuekin partekatzea da, hausnarketan lagungarri izan daitezkeelakoan:
1.      Laudato si’ entziklika ekologiari buruzko hausnarketa bat da gizakia ardatz moduan hartuta.
2.      (1) Naturarekiko ardura eta erantzukizuna, (2) pobreekiko justizia, (3) gizartearekiko konpromisoa eta (4)barne-bakea banaezinak dira.
3.      Jainkoaren kreazio errespetatzea eta zaintzea gure erantzukizuna da.

Utzidazue, gako hauetako bakoitza modu sakonagoan garatzen.

1.     Ekologiari buruzko hausnarketa gizakia ardatz hartuta

Beste modu batera esanda, dokumentu hau ez da ekologismoari buruzko txosten bat, gizakia eta ingurumenaren arteko harremanari buruzko hausnarketa bat da, beti ere Jainkoaren kreazioan gizakiak duen zentraltasunean oinarrituta. Hau da, gizakia ez da sistemako beste pieza bat, sistemaren pieza nagusia baizik, eta horrek ondorio garrantzitsuak ditu, besteak beste erantzukizunari dagokionean. Horrek ez du inolaz ere esan nahi ingurumena gizakiaren eskura dagoen baliabideen biltegia denik, ezta gutxiago ere.

Gizakia sistema osoaren zati da, bertatik biziraupenerako ez ezik bizimodu duinerako baliabideak eskuratu beharra dauka, baina errespetutik eta iraunkortasunetik egin behar da. Hain zuzen ere, bere zentraltasun horrek ematen dion erantzukizunagatik. Horregatik hain zuzen ere iraunkortasuna gizadiaren interesekoa da, epe luzerako bizilekua eta baliabideak izateak datozen belaunaldiei biziraupena ziurtatzen baitie.

Baliabideen erabileran iraunkortasuna ziurtatzeko, ezinbestean beste bide batzuk bilatu behar dira ekonomia eta garapena ulertu eta gauzatzeko. Horrek berdintasun ezari aurre egin beharra eragiten du. Herri eta gizaki guztiek baldin badaukate eskubidea modu iraunkorrean garatzeko, duintasunean eta justizian oinarritutako harremanak ezarri beharko dira.

Gainera, indarrean dagoen garapen ereduarekin oso lotuta daude teknologiaren ondoriozko harreman eta botere-forma berriak: kolektibotasunez mozorrotutako indibidualtasun berriak (sare sozialak, adibidez) eta hutsune teknologikoa, nabarmenenak aipatzearren. Giza duintasunean oinarrituta dagoen garapen eredu iraunkor eta jasangarri batek derrigorrez eskatzen du planteamendu hori aldatzea eta baita bere ondorioz garatzen ari diren gizarte eredu berriak aldatzea ere.

[6. DIAPOSITIBA]

2.     Naturarekiko ardura, pobreekiko justizia, gizarte-konpromisoa eta barne bakea banaezinak dira.

Hau da, errealitate beraren aurpegi desberdinak eta elkarren osagarriak dira. Alde batetik gizakiaren eragina ingurumen arazoetan ukaezina delako, eta eragin horren ondorioengatik kaltetuenak herrialde pobretuak direlako.
Bestetik, inoiz baino argiago ikusten dugu mundua sistema bat dela, konektatuta dagoela Lovelock-en “Gaia” teoriaren harian. Horrek ikuspuntu lokala, norbere interesgune hurbilei mugatuta dagoena, gainditzea eskatzen du eta ikuspegi zabalago bat ezartzea, planeta mailako eraginei erantzuna emateko, planeta mailako hausnarketa eta lankidetza behar direlako.
Eta hori guztiarekin lotuta, erabilgarritasun hutsetik haratago, naturaren galerak dakarren berezko arazoa ere kontuan hartu beharrekoa da.

[7. DIAPOSITIBA]

3.     Jainkoaren kreazioa errespetatzea eta zaintzea gure erantzukizuna da

Gure erantzukizuna da, batetik tradizio judo-kristauaren kreazioaren baitan, gizakia kreazio horren tontorrean dagoelako (Gn 1: 26)  eta horrek bere garrantzia dauka (Mt 6: 30), baina kreazioaren tontorrean egoteak ez du esan nahi gizakia kreazioaren jabea denik, ezta gutxiago ere (Lb 25:23), baina bai bere ardura hartu behar duela (Erm 8:19).

Hori dela eta, nork bere jokabidea ingurumenera begira jarri behar du eta horren ondorioz nork bere bizi-ereduak eta kontsumo-ereduak eraldatu egin beharko ditu, errealitateari aurre egiteko eta kreazioarekin bat egiteko (Erm 8:19). Abiapuntua aldatu beharra dago gainera, ikuspegi indibidualak alde batera utzi eta pentsamendua eta jokabidea ikuspegi kolektibora begira jarri, komunitatea garen heinean eta ez gizabanako isolatuak (1 Kor 1:10; Erm 12:16; Heb 10:24-25)

[8. DIAPOSITIBA]

4.     Laudato si’ entziklikaren aurkezpena

Entziklika hau aurkezterakoan, niretzako bereziki deigarriak diren lau aspektu nabarmendu nahiko nituzke:

1.     Posizio ideologiko-politikoa

Dokumentu honek ingurumenaren problematikari begira posizio ideologikoa hartzen duen berariazko lehenengo dokumentu ofiziala da, Aita Santuaren magisteritza delako. Gainera Elizaren Gizarte Doktrina osatu eta eguneratu egiten du ikuspuntu hau barneratuz.

2.     Gizarte ereduaren kritika

Entziklika hau ingurumenaren problematika hari moduan hartuta gizarte-ereduan hausnarketa eta kritika egiteko tresna bat da. Ez da dokumentu aseptiko deskriptibo huts bat. Gizakiek ingurumenarekin duten harremana aztertzen du eta horren ondorioz, gizakiek beraien artean duten harremana.

3.     Kristauentzako argibidea bakarrik ez

Elizaren dokumentu ofizial bat izanik, kristauontzako argibide edo orientabidea da, horretan ez dago zalantzarik. Eliza katolikoak dozenaka entziklika dauzka eta eliz komunitatearen kokapen ideologikoa ahalbidetzen dute. Hala ere, kasu honetan, eta lehenago esan dudan moduan, dokumentuaren izenburua umbrieraz adierazita egoteak eta testuaren idazkera estiloak  irisgarritasuna bilatzen du. Edozeinentzako eskuragarri egotea, eta edozein hiritarri bere hausnarketan laguntzeko.

4.     Zientzia eta fedearen arteko elkarrizketa

Eskuragarri izan dudan elizaren dokumentazioa begiratuz gero, testu honetan aurkitu dut modu esplizitu eta zuzenean lehenengoz ezagutza zientifikoa egiazkotzat emateaz gain, fede hausnarketa sakon bat egiteko abiapuntu moduan erabiltzea. Zientziak eta fedeak plano desberdinetan funtzionatzen duten arren eta errealitatearen galdera eta beharrizan desberdinei erantzuten dieten arren, dokumentu honek argi erakusten du hausnarketa eta elkarrizketa topagune bikaina direla bi esparruak bateratzeko, eta bi arloek elkar aintzatesteko.

[9. DIAPOSITIBA]

5.     Laudato si’ nondik norakoak

Entziklika hau aurkezteko lehenengo eskaera egin zidatenean, hitzaldi hau prestatzerakoan burura etorri zitzaidana zuetako edozeini etorriko litzaizukeena izan zen. Nirea ez den dokumentu ba aurkeztu behar badut, derrigorrez hiru galdera hauei erantzun beharko diet: zergatik idatzi den, zetarako idatzi den eta zer esaten duen. Hala ere, konturatu zaretenez, oraindik ez diet modu zuzenean galdera horiei erantzun. Izan ere, interesgarriagoa eta erabilgarriagoa iruditzen zait lehenengo testuinguruari buruzko hausnarketa zabal bat eskaintzea eta ondoren dokumentu beraren azterketa zehatzagoa egitea. Orain ekingo diogu horri.

Zergatik?

Zergatik erabakitzen du Aita Santuak ingurumenaren problematikan oinarritutako entziklika bat idaztea? Gutako edozeini bi arrazoi orokor erraz bururatzen zaizkigu:
4.      Ingurumenaren degradazioa eta horrekin lotutako problematika guztion ardura direlako eta guztioi eragiten digutelako.
5.      Aurrekoari erabat lotuta, konponbideak lortzeko, guztion jarrerak eta ondoriozko jokabideak aldatu beharra dagoelako. (LS 14)

Jarreren kontu honetan geratuko naiz, bereziki interesgarria iruditzen zaidalako ingurumenaren degradazioa ukaezina dela erakusten duten ebidentzia zientifikoen aurrean, gizartean erabat barneratuta dauden jarrerak onargarritzat ematerainoko egunerokotasunean murgilduta gaudela erakusteko. Arazo horien aurrean Aita Santuak berak lau jarrera deskribatzen ditu:
6.      Arazoaren negazioa: “Ez dago klima aldaketarik” “Negutegi efektua gezurra da”
7.      Indiferentzia: “Niri berdin zait klima aldaketaren arazoa, prozesua mantsoa da eta ni biziko naizen aldian ez da oso larria izango…”
8.      Etsimendua eta honi lotutako erosotasuna: “Klima aldaketa moduko mundu mailako arazo hain handi baten aurrean, nik ezin dut gizabanako moduan ezer ere egin”.
9.      Konponbide teknologikoengan konfiantza itsua: “Lehenago edo beranduago zientzialariek asmatuko dute makinaren bat klima aldaketa leheneratzeko”.
Jarrera horiek zalantzan jartzeko pizgarria izateko bokazioa du dokumentu horrek, jarrera aldaketa gabe ez delako posible inolako eraldaketarik.

[10. DIAPOSITIBA]

Oinarrizko bi zergati horiekin batera, kristau moduan, beste hiru arrazoi ere bururatzen zaizkit gutxienez entziklika hau idatzia izateko:
10.   Jainkoaren kreazioa ona delako (Gn 1:31), zaindu eta mantentzeko ardura daukagulako (Gn 2:15; (Ex 23:10), Jainkoak egin digun mailegua delako (Lb 25:23).
11.   Gure erantzunkidetasuna (Mt 25: 35-40; Lk 3:10-11) eta kreazioarekiko ardura orain eta etorkizuneko belaunaldiekin gauzatu beharra dago (Gn 1:28).
12.   Kristau espiritualtasunean dimentsio honen aldarrikapena egin beharra dago, ez apaingarri soil baten moduan, baizik eta espiritualtasun beraren erroa delako, Asiseko Frantziskoren izakien kantikan, edo 128. Salmoan jasotzen den moduan.

[11. DIAPOSITIBA]

Zertarako?

Zertarako argitaratzen du Aita Santuak Laudato Si’ entziklika? Nire uste apalean, osoko ekologiaren oinarriak ezartzeko, Joan Paulo II.ak eta Benedikto XVI.ak modu apalagoan aurreratzen joan diren hausnarketa eta horri lotutako espiritualtasuna sendotasunez garatzeko.

Oinarri horiek ezartzearekin hiru arlo argitzea bideratzen da:
13.    Gaur egungo gizakiok (XXI mendeko gizakiak) mundu honetan (Jainkoaren kreazioan) dugun leku zehatza eta horrek dakarren arduraz jabetzea
14.   eta ondorioz, inguratzen gaituen errealitatearekiko ditugun harremanak sakontasunez aztertu eta ulertzea, materialtasun hutsetik (ustiagarritasunetik) nabariki haratago.
15.   eta hirugarren arlo bat, berriro ere kristauontzako berariazkoa dena: kristauok nola bizi eta ulertu behar dugun ingurumenaren eta gizakiaren arteko harremana.

[12. DIAPOSITIBA]

Zer esaten du?

Hitzaldiaren hasieran aurreratzen nizuenez, orain arte aurkeztutako guztia, aurrean duzuen kaleko hiritar arrunt honen hausnarketak dira, eta horregatik erabat eztabaidagarriak dira. Geratzen den azken zati honetan dokumentuaren aurkezpen formalago bat egingo dut.
Gaian sartu aurretik, dokumentua bera irakurtzera animatu nahi zaituztet, zintzotasun osoz uste baitut dokumentua bera oso irakurterraza eta ulerterraza dela eta hausnarketarako tresna oso baliagarria dela. Gomendio hori indartzeko aurkezten dizuet testuaren egitura eta edukien oinarrizko deskribapen hau.

Laudato Si’ entziklika dokumentu labur bat da: 246 puntu biltzen ditu sarrera eta 6 ataletan egituratuta:

[13. DIAPOSITIBA]

1.       Gure etxeari gertatzen ari zaiona

Lehenengo atal honetan ingurumen arazoen analisi argi bat egiten da ikuspuntu tekniko zientifikotik. Gaur egun giza jardueren eraginez sortzen den ingurumenaren kaltetzeak dituen oinarrizko sei arloren azterketaren bidez:
16.   Kutsadura
17.   Klima aldaketa
18.   Uraren arazoa
19.   Biodibertsitatearen galera
20.   Aurreko guztien ondorio zuzena den gizakiaren bizi-kalitatearen galera.

Aurretik esan dudan moduan, azpimarratzekoa da ezagutza zientifikotik eratorritako errealitatearen irudia hartzen dela abiapuntu moduan eta horrek zientzia eta fedearen arteko elkarrizketan aurrerapauso nabarmena suposatzen duela.

[14. DIAPOSITIBA]

2.       Kreazioaren ebanjelioa

Bigarren atal honetan ingurumen problematika kristau pentsamenduan inkorporatzeko fundamentazio teologikoa egiten da lau hausnarketa-ardatzen inguruan:
21.   Kreazioarekiko ardura kristau fedearen zereginen baitan dago.
22.   Gizakiaren harremanak elkarrekin lotuta dauden hiru dimentsiotan ematen direla: jainkoa – hurkoa – lurra, hirurak sistema bakarrean bateratuta.
23.   Izaki bakoitzak berezko lekua, funtzio eta zeregina dauka Jainkoaren kreazioan, guztiak daude elkarrekin «konektatuta» eta elkarren beharra dute kreazioaren osotasuna lortu ahal izateko.
24.   Lurra guztiok jaso dugun oinordetza izanik, guztion artean partekatu beharra dago beragandik lortutako «fruituak», eta honek lotura zuzena dauka gure kristau pentsamenduko elkarkidetzarekin. (Heb 13:16; Mt 25, 34-36. 40; Lk 10, 27 eta batez ere Jn 13:34).

[15. DIAPOSITIBA]

3.       Krisi ekologikoaren giza jatorria

Hirugarren atalak gaur egun nagusia den gizarte ereduaren kritika eta salaketa egiten du oinarrizko hiru aspektutan:
25.   Teknologiaren garapenak sortzen dituen gizarte-desberdintasunak eta gizarteen arteko teknologia hutsunea (brecha tecnológica).
26.   Eredu teknokratiko menderatzaileak epe laburreko mozkina bilatzen du, ondorioei erreparatu gabe.
27.   Gehiegizko antropozentrismo indibidualista: norbere bat-bateko eta berehalako beharrizanei erantzuten ez dion guztia baliogabea da erabat.

[16. DIAPOSITIBA]

4.       Osoko ekologia

Laugarren atal honek kristau fedearen eredu ekologikoa eta bere osagaiak aurkeztu eta azaltzen ditu, beti ere gizakiaren garrantzia eta garrantzia horrek ematen dion erantzukizuna azpimarratuz. Oso azaletik aipatuta, osoko ekologiaren osagaiak honako hauek izango lirateke:
28.   Ingurumen, ekonomia eta gizarte ekologia
29.   Kultura ekologia
30.   Egunerokotasunaren ekologia
31.   Ondasun komuna
32.   Belaunaldien arteko elkartasuna

Nire ustez, atal honetan sakontasunez murgiltzeko gizarte mailan «ekologismoak» duen aktibismo eta nabardura politikoa alde batera utzi beharra dago, eta «ekologia» terminoaren etimologiara joan beharra dago: οκος (oikos = etxea) eta λογία (logia = ikasketa) hau da guztion etxea zer den eta horri buruzko hausnarketa, edo beste modu batera esanda, kristau pentsamenduan nola ulertzen dugun guztion etxea.

[17. DIAPOSITIBA]

5.       Argibide eta jarraibideak

Bosgarren atal hau nazioarteko komunitateari begira dago idatzita. Goi mailako agintariengan eragiteko eta ingurumen politikaren inguruan Eliza Katolikoak ezartzen duen posizio ideologikoa aldarrikatzeko. Oinarrizko bost planteamenduren inguruan egiten da aldarrikapen hori:
33.   Gobernantza globalerako akordio baten beharra
34.   Politika eta ekonomia epe laburreko ikuspuntu batetik ateratzeko beharra, guztion etxearekiko erantzunkidetasuna modu eraginkorrean sustatzeko.
35.   Eztabaida zintzo baten beharra osoko garapena bultzatzen duten prozesuak identifikatu ahal izateko.
36.   Gizakiaren osotasunari begira dauden politika eta ekonomia baten beharra.
37.   «Aurrerapena» birdefinitzearen beharra gizaki guztien bizi kalitatearen benetako hobekuntza lortu ahal izateko.

[18. DIAPOSITIBA]

6.       Hezkuntza eta espiritualtasun ekologikoa

Azken atal honetan izenburuak berak adierazten duen moduan hezkuntzan eta espiritualtasunean ingurumenaren gakoa txertatzeko iradokizun zehatz eta argiak aurkezten dira. Hezkuntzari dagokionez, oinarrizko hiru ardatzen arabera:
38.   Ingurumenarekiko iraunkorra den eta berdintasunera bideratuta dagoen beste bizi eredu baten eta beste kontsumo eredu baten beharra.
39.   Hezkuntza ereduaren oinarrian ingurumenaren eta gizadiaren arteko harremana aliantza moduan ulertu behar da (eta ez baliabide-ustiatzaile harreman huts baten moduan)
40.   Esparru guztiei eragiten dien eraldaketa ekologikoaren aldarrikapena.

Horiekin batera, atal honek espiritualtasunari eta erlijiotasun ekologikoaren erronka sakona aurkezten du: ingurumenaren eta gizakiaren arteko lotura horretatik abiatzen den Jainkoarekiko harremana hain zuzen ere.

[19. DIAPOSITIBA]

6.     Entziklikak planteatzen dituen erronkak

Hitzaldi honi amaiera emateko, berriro ere nire hausnarketa pertsonala berreskuratuko dut zuekin partekatzeko. Amaiera moduan nire ustez, entziklika honek planteatzen dizkigun oinarrizko erronkak aurkeztuko dizkizuet. Seguru nago gela honetako bakoitzak bere erronka multzo jakin bat aterako lukeela, baina susmoa daukat bateratuz gero adostasun handia lortuko genukeela.
Edozein kasutan, dokumentuaren azterketa egin ondoren, nire ustez sei erronka garbi agertzen dira. Erronka horiek elkarrekiko lotura handia dute eta bakoitzaren gainean luze hitz egin ahalko genuke (hala nahi izanez gero, eztabaidan sartu gaitezke kontu horrekin). Aurkezpena erraztearren eta amaitzen joateko, modu telegrafikoan zerrenda moduan aurkeztu ditut nik identifikatzen ditudan sei erronka horiek:
1.      Kultura aldaketa globala: ingurumena eta berari lotutako problematika diskurtsoan ez ezik praktikan ere kontuan hartu beharra dago.
2.      Krisi kultural sakon batean egonik, aurre egiteko modua ohitura eta jokabideak aldatzea da eta horretarako derrigorrez beste bizimodu baten aldeko apustua egin beharra dago.
3.      Osoko ekologiaren ikuspegia eskuratu beharra dago indarkeria, aprobetxamendu hutsa edo norberekeriaren logika maltzurra hausteko.

[20. DIAPOSITIBA]

4.      Gai honi buruzko elkarrizketa eta eztabaida zabaldu eta sakondu egin behar da, gizarteratu egin behar da eta egunerokotasunean integratu, horrela lortuko baita botere politiko, ekonomiko eta soziala dutenei presioa egiteko aukera zabaltzea.
5.      Nazioarteko komunitateak posizioa finkatu behar du gai honen inguruan, bestela ez da aurrerapauso esangarriak lortzeko aukera handirik egongo.

[21. DIAPOSITIBA]

6.      Fedearen ikuspegi kontenplatiboan oinarritu eta mundua barnetik begiratu behar da: Jainkoak izakiok elkarrekin erlazionatzeko ezarri dituen loturak identifikatu eta aintzat hartu eta horrekin norbere sormena eta gogoa piztu.

[22. DIAPOSITIBA]
Erronka hauekin amaitzen dut nire aurkezpena. Orain elkarrizketarako tartea zabaltzen dugu. Mesedez askatasunez partekatu zuen zalantzak, hausnarketak, ideiak… guztion artean aberastuko dugu hitzalditxo hau. ESKERRIK ASKO.

No hay comentarios: