Abenduaren
26an, Zeanurin batu ziran Artea eta Zeanuriko gazteak, Harribide alkarteko etxebizitzetan
bizi izan diran Omar eta Farid gazte etorkinakaz. Jose Alberto Vicente
Etxebarriko San Antonio Parrokiako abadeagaz etorri ziran Zeanurira.
Giro lasaian, solasaldian
eta gustora, Omar eta Faridek euren bizitzako gorabeherak kontau ebezan, eta
etorkin moduan hemen bizi daben egoeraz jabetzeko aukera izan genduan. Marokoarrak dira, nekazari herri
txikietakoak, Marrakexetik “hurrekoak”, lau ordura edo. Oso inguru pobrean jaio eta haziak, euren
herriak itxi ebezan orain dala bost urte, 16 urtegaz, hona etorteko, bakarrik
eta arrisku asko igarota bidean. Hainbat
hizkuntza egiten dabez berba: bereberea (familian), arabiera, gaztelania
eta frantsesa, apur bat, dinoe. Eta euren gaztetasunean ausardia eta adorea
erakutsi dabe.
Omarrek 20
urte ditu, eta Portugaleten bizi da alokairuan. Aldundiak emoten deutsan
diru-laguntza kobretan dau, 300 Euro inguru. Diru-laguntza hori hilabete gitxi
barru amaituko jako: “18 urtetik 23ra kobretan dogu, urte bi eta
erdian zehar; niri maiatzean amaitzen jat laguntza eta gero ez dot ezer eukiko”
dino Omarrek.
Faridek 22
urte ditu. Diru-laguntza kobrau izan dau, baina orain ez dauka diru-sarrerarik.
Omarren diru-laguntza eta eskuzabaltasunari esker bizi da beragaz batera
etxean.
Faridek eta
Omarrek ez dauke lanik, eta, bitartean, ikastaroak egiten dabez: arotzia, elektrizidadea,
sukaldaritza, fibra optikoa… ahal dala, praktikak dabezan ikastaroak, lana
lortzeko aukera gehiago izateko. Omarrek dinosku praktikaldia amaitu eta gero oso
gitxitan gertatzen dala lana lortzea. Orain dala urte batzuk errazagoa ei zan,
baina gaur egun gauzak oso txarto dagozala dinoe.
Solasaldian
azaldu ebenez, “diru-sarrerarik ez badago
ezin alokairua ordaindu. Alokairurik ez bada ordaintzen ez dago etxebizitzarik,
ez erroldatzerik; eta erroldaturik egon ezik ezin da diru-laguntzarik
kobrau. Zentzunbakoa da”.
Jose Alberto
Vicentek azaldu euskun oso zaila dala gazte honeentzat aurrera egitea eta
gizarteratzea: “Ausartak dira, behin eta
barriro hartzen ditue zartakoak: lehenengo, papelak; gero, laguntzak kendu eta
legez kanpo geratzen dira. Zelan egin aurre horri?”
Faridek esan
eban moduan, “sarritan uste izaten da
hemen paradisua dagoala, baina ez da holan. Oztopo asko aurkitzen ditugu
danerako; oso zaila da. Eta hara itzultzea be ez da bidea, han hemen baino
txarrago dagoz eta. Badagoz itzultzen diranak Marokora, euren familiengana,
baina hori txarto ikusita dago. Han, gainera, ez dago ezer, pobrezia handia
dago. (…) Familia itxita etortea oso gogorra da. Baina, bestetik, mundua ikusten
dogu eta asko ikasten dogu”.
Jose Albertok
dino Omar eta Farid txarto egonda be txarrago dagozanak badagozala, osasun
arazo handiakaz, bidean zoritxar asko igaro ondoren osasuna galduta eta
noraezean. Aurrera egiteko gogorra izan behar da.
Luze eta gustora
egon ginan berbaz, euren jaioterriei eta familiei buruz; gure Gabonak, euren
Arkumearen jaia eta horren jatorria; gure bizimodua eta euren bizimodua.
Arratsalde atsegina pasau gendun kontu-kontari.
Eta,
amaitzeko, galdera bat: guk, Zeanurikook edo Arteakook, zer egin geinke? Jose
Alberto Vicentek esan ebanez, “Janari
bilketa garrantzitsua da. Gazte honeen moduan diru sarrera txikiakaz edo
soldata barik bizi diranen etxeetarako sano lagungarri dira. Bestetik,
eskertzekoa da zuok garrantzia emon eta baloratzea eurek egiten dabena, harrera
egitea, gizartean leku bat daukela sentiduarazotea. Orain honeek gazteak ez
dira hangoak, alde egin dabelako; eta hemen gizarteak ez ditu maite. Personak
papelak baino garrantzitsuagoak gara. Egoera gogorra da, baina aurrera egitea baino besterik ez dago”.
Agurtu
ondoren, pozik, bizi izandako
esperientziagaitik, eta hurbiltasunagaitik; baina arduratuta, gure herri
honetan ez dogulako lekurik emoten atea joka datozanei, orain dala bi mila urte
Jesusen familiari gertatu jakon moduan. Hesiak ipini eta ateak ixten ditugulako
danon etxea izan behar dan munduan.
Zeanuri eta Arteako parrokietako gazteak
No hay comentarios:
Publicar un comentario