Páginas

sábado, 7 de enero de 2017

Personak papelak baino garrantzitsuagoak gara


Topaketa Zeanurin; Artea eta Zeanuriko gazteak Harribide alkarteko etxebizitzetako gazteakaz
Abenduaren 26an, Zeanurin batu ziran Artea eta Zeanuriko gazteak, Harribide alkarteko etxebizitzetan bizi izan diran Omar eta Farid gazte etorkinakaz. Jose Alberto Vicente Etxebarriko San Antonio Parrokiako abadeagaz etorri ziran Zeanurira.  

Giro lasaian, solasaldian eta gustora, Omar eta Faridek euren bizitzako gorabeherak kontau ebezan, eta etorkin moduan hemen bizi daben egoeraz jabetzeko aukera izan genduan.  Marokoarrak dira, nekazari herri txikietakoak, Marrakexetik “hurrekoak”, lau ordura edo.  Oso inguru pobrean jaio eta haziak, euren herriak itxi ebezan orain dala bost urte, 16 urtegaz, hona etorteko, bakarrik eta arrisku asko igarota bidean. Hainbat  hizkuntza egiten dabez berba: bereberea (familian), arabiera, gaztelania eta frantsesa, apur bat, dinoe. Eta euren gaztetasunean ausardia eta adorea erakutsi dabe.

Omarrek 20 urte ditu, eta Portugaleten bizi da alokairuan. Aldundiak emoten deutsan diru-laguntza kobretan dau, 300 Euro inguru. Diru-laguntza hori hilabete gitxi barru amaituko jako:  18 urtetik 23ra kobretan dogu, urte bi eta erdian zehar; niri maiatzean amaitzen jat laguntza eta gero ez dot ezer eukiko” dino Omarrek.

Faridek 22 urte ditu. Diru-laguntza kobrau izan dau, baina orain ez dauka diru-sarrerarik. Omarren diru-laguntza eta eskuzabaltasunari esker bizi da beragaz batera etxean. 

Faridek eta Omarrek ez dauke lanik, eta, bitartean, ikastaroak egiten dabez: arotzia, elektrizidadea, sukaldaritza, fibra optikoa… ahal dala, praktikak dabezan ikastaroak, lana lortzeko aukera gehiago izateko. Omarrek dinosku praktikaldia amaitu eta gero oso gitxitan gertatzen dala lana lortzea. Orain dala urte batzuk errazagoa ei zan, baina gaur egun gauzak oso txarto dagozala dinoe.

Solasaldian azaldu ebenez, “diru-sarrerarik ez badago ezin alokairua ordaindu. Alokairurik ez bada ordaintzen ez dago etxebizitzarik, ez erroldatzerik; eta erroldaturik egon ezik ezin da diru-laguntzarik kobrau.  Zentzunbakoa da”.

Jose Alberto Vicentek azaldu euskun oso zaila dala gazte honeentzat aurrera egitea eta gizarteratzea: “Ausartak dira, behin eta barriro hartzen ditue zartakoak: lehenengo, papelak; gero, laguntzak kendu eta legez kanpo geratzen dira. Zelan egin aurre horri?

Faridek esan eban moduan, “sarritan uste izaten da hemen paradisua dagoala, baina ez da holan. Oztopo asko aurkitzen ditugu danerako; oso zaila da. Eta hara itzultzea be ez da bidea, han hemen baino txarrago dagoz eta. Badagoz itzultzen diranak Marokora, euren familiengana, baina hori txarto ikusita dago. Han, gainera, ez dago ezer, pobrezia handia dago. (…) Familia itxita etortea oso gogorra da. Baina, bestetik, mundua ikusten dogu eta asko ikasten dogu”.

Jose Albertok dino Omar eta Farid txarto egonda be txarrago dagozanak badagozala, osasun arazo handiakaz, bidean zoritxar asko igaro ondoren osasuna galduta eta noraezean. Aurrera egiteko gogorra izan behar da.

Luze eta gustora egon ginan berbaz, euren jaioterriei eta familiei buruz; gure Gabonak, euren Arkumearen jaia eta horren jatorria; gure bizimodua eta euren bizimodua. Arratsalde atsegina pasau gendun kontu-kontari. 



Eta, amaitzeko, galdera bat: guk, Zeanurikook edo Arteakook, zer egin geinke? Jose Alberto Vicentek esan ebanez, “Janari bilketa garrantzitsua da. Gazte honeen moduan diru sarrera txikiakaz edo soldata barik bizi diranen etxeetarako sano lagungarri dira. Bestetik, eskertzekoa da zuok garrantzia emon eta baloratzea eurek egiten dabena, harrera egitea, gizartean leku bat daukela sentiduarazotea. Orain honeek gazteak ez dira hangoak, alde egin dabelako; eta hemen gizarteak ez ditu maite. Personak papelak baino garrantzitsuagoak gara. Egoera gogorra da, baina aurrera  egitea baino besterik ez dago”.

Agurtu ondoren, pozik,  bizi izandako esperientziagaitik, eta hurbiltasunagaitik; baina arduratuta, gure herri honetan ez dogulako lekurik emoten atea joka datozanei, orain dala bi mila urte Jesusen familiari gertatu jakon moduan. Hesiak ipini eta ateak ixten ditugulako danon etxea izan behar dan munduan.



Zeanuri eta Arteako parrokietako gazteak

No hay comentarios:

Publicar un comentario