Rufino Iraola
Manifestazio eta ekintza asko burutzen
da, helburuei dagokienez, emaitza eskasekin eta auto-konplazentzia
handiarekin. Antolatzaileak oso pozik agertzen dira, milaka lagun
manifestatu direlako, eta hurrengo egunean egunkari batzuetan hori
islatuko dela pentsatuta; elkar besarkatuko dute hainbeste jende
erakartzea lortu dutelako, eta pozez gainezka ospatuko dute.
Manifestazio askotan ikusi ditut protagonistak ezpainetan alderik aldeko
irribarrearekin pankartak biltzen eta hurrengorako gordetzen, txalo
zaparrada izugarria entzun ondoren.
Baina manifestazio horrek edo ekintza
horiek izango zuten, bada, jende asko biltzeaz gain, beste helbururen
bat? Eta zenbateraino bete dira helburu horiek? Zenbait kasutan oso
portzentaje txikian, hutsaren pare. Jakina, antolatzailez gain, bada
beste talde bat ere: hain zuzen, egoera jasaten duena, eta egoera horren
kontra egiten da manifestazioa. Arrakastaren aipamena eta goraipamenak,
maiz asko, talde horri destinatuak izaten dira; gutxi gorabehera,
honako mezu inplizitu honekin: «ikusten duzuen bezala, ez gaude geldi,
ahal den guztia ari gara mugitzen, ez dezazuela pentsa ezer egiten ari
ez garenik…» Emaitzak, ordea, kostata iristen! Nahiz eta hori ez den
oztopo berriro ere antolatzen jarraitzeko, horrek betetzen baikaitu,
badakigulako, ondorioak ondorio, ekintza bera oso arrakastatsua izango
dela.
15-M baino mugimendu eta mobilizazio
arrakastatsuagoak ez dira asko izango, eta gauza dezente egiten ari zen.
Hala eta guztiz ere, norbaitek erabaki zuen –denak ez ziren alde
egongo, noski!– hurrengo pausoa eman beharra zegoela. Mugimendu horrek,
masa-mugimendu moduan lan eginez, unean uneko injustizien kontra
borrokatuz, segur aski mobilizazio aldetik bermatua zeukan arrakasta.
Hala ere, gehiengoak, alderdi politiko
bilakatzea erabaki zuen, hau da, hurrengo pausoa ematea deliberatu zuen.
Eta bide horretatik landu nahi ditu 15-M mugimenduak planteatzen zituen
errebindikazioak. Seguru nago, pauso hori eman gabe, jende gehiago
aterako zutela kalera; baina alderdi politiko bihurtzeak ez al dio
ematen beste indar bat, beste efikazia bat, nahiz eta problema asko
sortu eta kritika ugari jasan behar, batzuk justifikatuak, beste batzuk
kalumnia hutsak?
Bizitzako edozein planteamendutan
hurrengo pausoa oso inportantea da. Arrakasta hutsak, maiz asko, ez du
emaitza onik izaten. Espiralean bueltaka ipintzen du, penagarri.
No hay comentarios:
Publicar un comentario