Askatu hegoak
Pazkoaldirako dinamikea
Tximeleta izan gura eban sakeleko telefonoa
Irudi indartsua da Pazkoaldirako eskeintzen jakuna.
Tximeleta koloretsua, bizia, hegan. Pazko poza. Pazko bizia. Pazko alaitasuna.
Horixe da lehen begiradan barruratzen jakuna.
Arreta estuagoa jartzen badogu, bihotz bat dauka
tximeleta horrek. Sakeleko telefono baten irudia. Guretzat, garizuman zehar
landu dogun Jainkoaren deiaren ezaugarria. Garizuma 5G deitu genduan.
Espirituaren indarraz, orain izaki bizi bihurtu jaku. Ederra bezain ahula.
Ahula bezain indartsua, jostalaria, alaia.
Danok ez dogu balio danatarako. Baina guztiok balio dogu
zeozertarako. Horretarako gure hegoak, ahalmenak, baloreak eta aukerak askatu,
hedatu eta zabaldu behar ditugu. Berbiztuaren Espirituak laguntzen gaitu
horretan. Kristo biztuak.
Hasieran kontuan hartu behar dogu Kristo Berbiztua
Jesusen bidetik doala. Ez dira pertsona bi. Aukerak eta joerak mantentzen dauz
(1). Pazko gaubelan eta Pazko domekean hau azpimarratu geinke.
Tomasen ebanjelioak laguntza ederra emoten deusku honetan
sakontzeko. Zeintzuk dira Berbiztuaren markak, orbanak, zauriak? Eta
horreetatik zeintzuk ageri dira guregan? Nigan? Alkartean? Eta aldi berean,
Berbiztuaren seinaleak guregan, argitasunak, indarguneak landu daikeguz (2 eta
3).
Emauseko ebanjelioak (4. eta 5. bertsoak) porrotaren,
kurutzearen zentzuan gure bizitzan, gizartean eta elizan azalduko deuskue. Eta
bere bidea alkarteagaz bat egitea dala. Ez dago beste erarik. 5. Bertsoaren
amaieran entzun, abestu eta otoiztuko dogu lehendabizi pazkoaldiko aurtengo
leloa: Askatu hegoak. Zelan? Nondik?
Goazen! Baina, nora?
Jesus da atea eta bidea entzungo dogu hurrengo bi
domeketan. Sei pista agertzen jaguz bertso bitan (6. eta 7.) Aukera bat baino
ez da. Gehiago jarri geinkez. Baina nire ustez mamira goaz. Arrotza onartu;
txarto tratau nauena maitatu; arazoak izan dodan horregaz baketu. Daukaguna eta
gareana pobreakaz partekatu; otoitza gozatu, sakondu, handitu; herria eta
gizartea zerbitzatu. Ziur askoz gehiago jarri geinkez. Beti Nazareteko Jesusen
oihartzuna bizirik mantenduz.
Hau guzti hau ezinezkoa da gure indar hutsakaz
Berbiztuaren Espirituaren laguntza behar dogu. Horixe prestatzen goaz hurrengo
domekean. Igokundea eta Pentekoste laster datoz. 8. bertsoak horixe iragartzen
deusku eta horretarako askatu daiguzan hegoak. Ez kapritxoz edo modaz hara
horra ibiltzeko, gure gurariak betetzeko. Ez horixe! Askatu hegoak gure kateak
etenda, barritu gaitezan kanpotik zein barrutik. Askatu hegoak!
Askatu hegoak
I.
Pazko domekea
Kurutzeratua da
berbiztu jakuna,
bere marka berberak
arrasto astuna.
Ez dira bi pertsona,
bardina laguna:
kurutzean zan gaua,
biztuta eguna.
Kurutze marka dira:
porrota, ezina,
osasun arazoak,
artez ez egina,
harrokeriaz baztertu
txiki, ezbardina,
jokatu Jainkoa lez
izango bagina.
Biztuaren argia
guregan nabarmen,
behartsuakaz lagun,
etxean gozamen,
mundu hobea lantzen,
zabaltzen parkamen,
eguneko otoitzaz
eskertzen salbamen.
Kurutze bako kristautasuna
erdi ustel, erdi moda.
Berbiztuaren ikutuagaz
bizi iturri bero da.
Etika hutsa gainditu daigun,
helmuga ez da Golgota.
Argiz jantzirik, hegoak aske:
Kristo biztu da, gogora!
II: Pazkoaldian
pozarren kantatu,
lagun arteko poza
astero ospatu,
ospatu dogun horrek
gagizan gu batu,
barruko batasunaz
hegoak askatu!
Aska hegoak arrotza eta
ezbardina onartzeko,
aska hegoak txarto tratatu
gaituana maitatzeko,
aska hegoak nogaz arazo
dogunagaz baketzeko.
Aska hegoak guk daukaguna
pobreagaz banatzeko,
aska hegoak otoitza gozo
sakontzeko, handitzeko,
aska hegoak herria eta
gizartea zerbitzeko.
Hegoak zelan askatu baina?
Gure indarra makala!
Bihotzez gura doguna beti
zuzen betetzen ez dala!
Kateak eten, erroz barritu
barrua eta azala.
Berbiztuaren Espirituak
horra eroan gaizala!

No hay comentarios:
Publicar un comentario