Garizumako geografia
hartu dagigun kontuan:
Espirituak gidatzen gaitu
ez jausteko pekatuan.
Gauzak pilatzen, aginte guran,
itxura huts famatuan,
ez geratzeko erakusten dau
Jesusek basamortuan.
Espirituak mogitzen gaitu
basamortutik mendira,
bertan gozatuz atsedenean
otoitz onaren dirdira.
Gure barruak antzaldaturik
jarri herrira begira
pobreak eta baztertu danak
gu itxaroten han dira.
Lan gogorrean emoten dira
bizitzan ordu ugari,
egiten dogun ahalegin dana
ez da sarritan nabari,
fruitu eskasa edo ustela
nahiz agertu arbolari,
pazientzian maisu zu zara
izan zaitez gure sari.
Espirituak gaurkoan dakar
famili, etxeko giro,
babes lekua, aldi berean,
zenbat liskar ta enbido.
Errukiaren eredu dogun
Aitak azaltzen argiro:
senide hori epaitu orduko
zu zeu aztertu astiro.
Basamortua eta mendia,
Lan mundu, etxe barrena,
Espiritua agertzen jaku
tenplu barruan azkena.
Jesusen berba gozo hareri
gizaki hareik etena:
andra parkatuz, Jesusek jarri
errukiaren ordena.
Kantaria: Ana Berrizbeitia
Bertsoak: Jose Mari Kortazar
No hay comentarios:
Publicar un comentario