Abenduko izarrak

jueves, 13 de abril de 2017

Toailaren iraultza



Iraultza askoren barri izan dogu bizitzan zehar. Historian aldi bi dagoz: iraultzaren aurrekoa eta iraultzaren ostekoa. Iraultzaren ostean dana da ezbardin. Holan, historian zehar, hainbat iraultzaren barri izan dogu: Frantziakoa, Errusiakoa, industriala, orain 3.0 edo digitala. 
 
Baina iraultzarik iraultzaileena Toailaren edo eskuoihalaren iraultza dogu. Bai horixe.

Jesus jagi zan mahaitik, erantzi eban soingainekoa eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu eban; gero, ontzi bat urez bete eta ikasleei oinak garbitzen hasi jaken, eta gerrian eban eskuzapiaz lehortzen.

Keinu profetiko honek Jesusen jarrera argi eta garbi ixten dau. Opari bat da guretzat. Opari eta jarraibide. Guk be antzekoa egin daigun. Bera maisu eta Jaun izanik hori egin badau, guk be jarraitu beharko genduke haren eredua.
Gu, Jesusen jarraitzaileak, XXI. mendeko gure Arratian, gonbite bera jaso dogu. Horretarako hiru jarrera behar doguz:
1.- Jagi: gure txoko ziur eta erosoetatik urten bestearen bila.
2.- Soingaineko erantzi: gizarte edo eliz aginte eta prestigioko ezaugarriak erantzi, kendu.
3.- Makurtu: gizakiengan bajuen oinak dagoz, eurak garbitzeko beharrezkoa da makurtzea, behetik begiratzea.

Hiru gauza horreek beharrezkoak doguz toaila hartu eta oinak garbitzeko keinu iraultzailea egiteko. Oinak hartzea historia onartzea eta harrera egitea da, oinak zikin egoten dira bizitzako bideetan ibili eta gero. Morroi eta neskame eta esklabu eta emakumeen beharra zan hori egiteak apaldu egin behar gaitu. Zauriak osatzeko. Uraz garbituteko.
Oin asko dago oraindino garbituteko gure artean: gaixoak, kartzelatuak, tratu txarrak jasaten dabezan andrak, etorkin eta errefuxiatuak…


No hay comentarios: