Abenduko izarrak

sábado, 15 de abril de 2017

Zapatuko ibiltari bilatzaileak



Gaur egungo gizartean, gure Arratia eta Europa honetan, denboraren etengabeko joanean, badira egun seinalatu bi: barikua eta domekea[1]. Kristau fededunentzat, barikuetan barikuena Bariku Santua da. 
 
Bertan ospatu eta gogoratzen ditugu Kristoren heriotza eta gurutzea. Kristau fedea ez dabenek ere, ateoek ere, izen hori erabili barik, ezagutzen dabe mami bera: injustizia, sufrimendu amaiezina, maite dogun orok daukan amaieraren enigma erraldoia... Danok[2] ezagutzen dogu gure bizimoduan eta inguruan dolorea, porrota, bakardadea...

         Kristauok Domekea dogu  Kristoren biztueraren esperantza barritu eta ospatzeko eguna. Heriotzaren ondoren justizia eta maitasuna nagusituko direla sinesten dogu eta Domekea dogu horretarako egun aproposa. Euskal Herriaren irudi-mundu kolektiboan ere, Aberri Eguna Berbizkunde Igandean ospatzen da. Ateo edo beste federen bateko kideek ere, eduki hori ospatzen dabe: Askapen Eguna, morrontza ororen suntsipena, mundu eta gizarte barriak...

         Hala ere, gure bizimodua, zapatuko egun luzeari dagokion bidea da, zapatuko ibiltari eta bilatzaile gara fededunok: alde batean bakardadea, sufrimendua, gurutzea... eta beste mandan, jaiotze barri baten askapena. Poeten, musikoen irudiak dolorez eta esperantzaz eginak dagoz. Eta zapatu gris horretako erromesak gara. Nekeagatik, gurutzeagatik, ezinagatik sufrituz, gaixotu arte... Era berean, nahiak, fedeak, domekeak emondako argiaz beti bidean... esperantzaz jantziak.

         Eta gau santu hau dogu horren bermea. Zalantzak arren, argilun eta guztiz, biziaren iturri honetatik edaten dogu esperantzaren ura. Betikoa eta barria. Esperantza hau ez dogu gure beharraz irabazi. Ez da gure meritua. Jainkoaren oparia baino, Jesus biztuz, gure bizitzak eta heriotzak berbiztuz. Jainko Aitak oparitu deusku Kristorengan gaur gabeko esperantza. Amaitzen ez dana. Agortzen ez dana.
Zorionak!


[1] Georges Steiner, Presencias reales, Bartzelona, 1991.
[2] Sheila Cassidy, La gente del Viernes Santo, Santander, 1992.

No hay comentarios: