Bat egin nahi dugu,
poz-pozik, maiatzaren 23an Oscar Romero dohatsu deklaratzearekin. Gure artean
hauteskunde-eguna: norentzat gure botoa?
Maitasunezko eta eskerronezko oroitzapena
Oscar Romerok Ameriketako jatorriko jendeaz
agertu zuen konpromisoaz.
Bat egin nahi dugu, poz-pozik,
maiatzaren 23an Oscar Romero dohatsu deklaratzearekin. Gure artean
hauteskunde-eguna: norentzat gure botoa?
Maiatzaren 23an dohatsu deklaratuko
dute Oscar Romero, El Salvadorreko artzapezpiku izana. El Salvadorreko herria
defenditzeagatik zapaltzaileak salatu zituelako, soldatapeko hiltzaile batek
erail zuen, 114 dolar hutsen truke, 1980eko martxoaren 24an. San Salvadorreko
minbizidunen ospitaleko kaperan Meza ematen ari zela erail ere. Frantzisko aita
santuari esker, dohatsu deklaratzeko prozesua indarrean jarri zuten; izan ere,
aurreko bi aita santuek ezjakinarena eta atzeratu egin zuten prozesua, El
Salvadorreko eskuindarrekin zuten kidetasunagatik; jakina, ebanjelioaren
kontrako jarrera guztiz, nahiz eta azken aldera bien halako biek zerbait
aldatua zuten beren jarrera. Aitzitik, artzapezpikuak bere ondoan izan zuen herriak,
aspaldidanik deitzen zion Amerikako San Romero. Pozik dagigu bat herri honen
sentiberatasunarekin.
Hilketa-bezperan, salaketa hau egina
zuen katedralean, Erramu igandean:
«Dei hau egin nahi
nioke, era berezian, armadako jendeari. Eta, zehazki, Guardia Nazionalaren,
poliziaren, kuateletakoen… oinarriei. Anaiok, gure herri berekoak zarete /
dira. Landako zeuen anai-arrebak ari zarete hiltzen. Eta gizon batek emana duen
erailtzeko agindu baten aurrean, Jainkoaren legeak du nagusitasuna: “Ez hil”. Soldaduak
ez daude behartuak Jainkoaren aurkako agindu bat obeditzera. Moralaren kontrako
lege bat ezin du bete inork ere. Bada ordua nork bere kontzientzia berreskura
dezazuen; bekatuaren aginduari baino lehen zeuen kontzientziari obedi
diezaiozuen. Eliza, Jainkoaren eskubideen, Jainkoaren Legearen, giza
duintasunaren, pertsonaren duintasunaren babeslea, ezin gelditu da isilik
honelako jokabide higuingarri baten aurrean. Gobernuari esan nahi diogu: har
dezala aintzat erreformak ez direla ezertako, horrenbeste odolek gorriturik
badoaz. Jainkoaren izenean eta herri sufritu honen izenean, zeinen lantuak eta
garrasia zeruraino baitoaz egunetik egunera kopurutsuago, erregutzen dizuet,
eskatzen dizuet, agintzen dizuet Jainkoaren izenean: Geldiarazi ezazue errepresioa».
Eginak zituen
deklarazio interesgarriak behin baino gehiagotan:
«Inoiz baino uste
handiagoa dut jendetza (=masas) eratzean, uste dut herriak antolatu beharra
duela; izan ere, uste
dut, jendetza (=masas) antolatzea izango dela benetako
indar soziala, bultza egingo duena, estutuko duena, lortuko duena egiazko
gizarte bat, zuzentasun soziala eta askatasuna biziko dituena» (Elkarrizketa Prensa Latina 1980ko otsailaren 15ean).
Elkarrizketa horretan
berean, eta oligarkiak «subertsibotzat» eta «komunistatzat» salatzen zituen
apaiz batzuen erailketa zela-eta, dio: «Zuk aipatu dituzun apaiz horiek
–erantzuten dio kazetariari– egitura sozialaren kontra jo zuten; horrenbestez
“subertsibo” eta “komunista” bihurtu ziren, eta horregatik pertsegitu zituzten
eta erail. Izan ere, Barrera Motto-k, Rutilio Grande-k, Navarro Oviedo-k eta
beste batzuek bista handia izan zuten; argi eta garbi sumatu zuten
errealitatea, eta zehaztu zuten gure herriaren etsai komuna oligarkia dela.
Horregatik, gorrotatu eta erailtzeraino pertsegitu zituzten oligarkiak eta
aberastasun jabeek».
Oscar Romero
monsinorea oso urrun zegoen iraultzaile izatetik, nahiz eta Ebanjelioa
iraultzailea den kapitalismo kriminalarentzat: egunero jendea erailtzen ari den
horrentzat goseak, zuzengabekeriaz, abusuez, pobreak ustiatuz, egiturazko
indarkeriaz. Romero, soil-soilik, gizon on bat zen, baketsua, elkarrizketa
zalea; baina oso seriotzat hartua zuen, bai herri baten artzain izatea, bai
jende zapaldua babestea El Salvadorreko boteretsuek eragiten zioten errepresio
eta indarkeriatik.
Sermoi batean,
lurraldeko aberatsei zegokiela, esana zien: «Ez nazazue hartu, ez epailetzat,
ez zeuen etsaitzat. Soil-soilik, herri honen artzaina naiz, anaia, adiskidea,
beraren sufrimenduak, gosea, estutasuna ezagutzen dituen adiskidea, eta, ahots
horien izenean, jaso nahi dut nik neure ahotsa, esateko: ez itzazu har
jainkotzat zeuen aberastasunak, ez itzazue gorde eta zaindu gainerakoak hiltzeko
moduan utziz. Banatu itzazue, zuek eta guztiok zoriontsu izan zaitezten».
Ondo dakigu orain,
zergatik erail zuten Romero monsinorea.
Igaro dira 30 urte
baino gehiago. Haren mezuak gaur-gaurko izaten jarraitzen du; Ebanjelio hutsa
da haren mezua, beti gaur-gaurkoa den Ebanjelioa; askoz ere gehiago El
Caribeko, erdialdeko eta hegoaldeko Amerikako milioika pobreen tragedia
izugarria kontuan hartzen badugu; izan ere, kopurua zerbait jaitsi bada ere,
164 milioi dira pobreak, horietarik 68 milioi mutur-muturreko pobre, 2013ko
kontuen arabera (CEPAL [Comisión Económica para América Latina y el Caribe],
2103. urtea). Guatemalan pobreen gaur egungo portzentajea %85 da; horietarik
erdiak mutur-muturreko pobretasunean. CEPALen txostenaren arabera, 2013ko azken
aldera, El Salvadorren %45,3koa zen pobretasuna; baina El Caribeko, erdialdeko
eta hegoaldeko Amerikako sei lurraldeetako bat da haurren pobretasun handienari
dagokionez: %72ra iristen da; egoera negargarri horretan kide ditu Bolivia,
Guatemala, Honduras, Nikaragua eta Peru. Egoera dramatiko horren errudunak
lurralde barnean daude, baina askoz gehiago atzerrian, adibidez Ameriketako
Estatu Batuetan. Drama hau isiltzea konplize bihurtzea da
Gainean ditugu
maiatzaren 24ko hauteskundeak. Kontu egigun zeini eman botoa. Jesusen mezua
sinesten dugunok, Ebanjelioaren balioetara gehienik hurbiltzen direnen aukera
egin beharra dugu: zuzentasuna, parekotasuna, solidaritatea, lehentasuna
premiarik handienekoei, etika, ondradutasun ekonomiko, politiko eta soziala.
Horrez gero, badakigu zeini ez eman botoa.
Elizan demokraziarik
izango bagenu eta, ondorioz, hauteskundeak egin, Frantzisko aita santuari
emango nioke nik, eta Burke kardinalaren eta beste hiru gehiagoren eta 22
gotzainen kontra: Eliza, Jesu Kristoren eta gaurko munduarentzat dakarren
mezuaren lekuko leial izan dadin, eraberritzeko Frantzisko sustatzen ari den
erreformen kontra ari baitira.
Besarkada handi bat
guztiei.
FAUSTINO.
Euskeraz: Dionisio Amundarain
No hay comentarios:
Publicar un comentario