Abenduko izarrak

sábado, 2 de mayo de 2015

Barne irrika: Rufino Iraola

Krisi ekonomikoa ez da beste krisi sakonago baten ‘iceberg’aren muturra baino, idazten dau Rufino Iraolak bere blogean,


Gizakiaren arrazoimena, eremu tekniko eta instrumentalera murrizten bada, non gelditzen da pertsona moduan haztearena? Aurrerapen tekniko eta produktiboari bakarrik begiratzen bazaio, gizakiaren osotasuna eta izaera integrala distortsionatua eta desorekatua azalduko zaigu. Pertsonaren barneko dimentsio sakon edo ‘espiritualari’ irteten uzten ez bazaio, izaki alienatuaren aurrean gaude. Erraza da entitate atrofiatu batekin topo egitea. Horrelako zerbait gertatzen zaio mendebaldeko gizarte aurreratu eta teknikoki sofistikatuari.

Normala da gizarte hori gaixo egotea, nola buruz hala gorputzez. Gure barne izatea, espirituala [ez dauka erlijioarekin zerikusirik], ez sinetsi, ez sentitu edo hutsaren hurrengotzat jotzeraino arbuiatzen badugu, galduak gaude. Neurosi, depresio, antsietate edo adikzio moduan azaltzen diren trastorno eta oinaze emozionalen mende makurtuko gara. Azken finean, biziaren zentzua galtzearekin lotua dago dena.

Guztiarekin ere, dena galdutzat eman behar al dugu? Ez, noski. Barne-izatea, barnekotasuna, eta garapen soziala ez dira errealitate elkartu eta uztartu ezinak.

Krisi ekonomikoaren forman agertzen zaigun beheraldi sakonean bizi gara aspaldi honetan. Baina esango nuke krisi ekonomikoa ez dela beste krisi sakonago baten ‘iceberg’aren muturra baino. Balore etikoek eta giza baloreek zerikusi handia izango dute, noski, gertatzen ari zaigunarekin. Baina horri zeharo loturik dago barne-izate edo barnekotasuna ahantzi eta baztertzetik datorkigun jakinduria faltarekin. Determinanteago irizten diot azkeneko horri. Eta egoera honi buelta emango bazaio, bihotzetik eta bihotzarekin begiratzen duten begi berriak beharko ditugu.

Dena den, ageri dira halako seinale batzuk, zeinek adierazi nahiko luketen gizakiak barnean daraman irrika, bizitzaren zentzuaren irrika, zabaltzen eta irekitzen hasia dela berriro. Horri dimentsio espirituala ere esan lekioke; lehen aditzera eman dudan eran, ez dauka zerikusirik erlijioarekin, nahiz eta sarri askotan erlijioaren bidez orientatu nahi izan den. Barne-bizia aintzat hartu eta lantzen bada, etika eta giza baloreak irabazian aterako dira, hori delako solidaritate, errespetu, enpatia, erruki, tolerantzia, berdintasun eta libertatearen iturria.

Ondo etorriko omen litzateke Ekialde eta Mendebaldeko jakiturien integrazioa. Uztardura ona izango omen litzateke hurrengo belaunaldientzat, kultura progresista berri baten oinarri moduan.

No hay comentarios: