Páginas

sábado, 23 de mayo de 2015

Oscar Romero gogoan, Oscar Romero bizi da



Bat egin nahi dugu, poz-pozik, maiatzaren 23an Oscar Romero dohatsu deklaratzearekin. Gure artean hauteskunde-eguna: norentzat gure botoa?




Maitasunezko eta eskerronezko oroitzapena

Oscar Romerok Ameriketako jatorriko jendeaz

agertu zuen konpromisoaz.

            Bat egin nahi dugu, poz-pozik, maiatzaren 23an Oscar Romero dohatsu deklaratzearekin. Gure artean hauteskunde-eguna: norentzat gure botoa?

            Maiatzaren 23an dohatsu deklaratuko dute Oscar Romero, El Salvadorreko artzapezpiku izana. El Salvadorreko herria defenditzeagatik zapaltzaileak salatu zituelako, soldatapeko hiltzaile batek erail zuen, 114 dolar hutsen truke, 1980eko martxoaren 24an. San Salvadorreko minbizidunen ospitaleko kaperan Meza ematen ari zela erail ere. Frantzisko aita santuari esker, dohatsu deklaratzeko prozesua indarrean jarri zuten; izan ere, aurreko bi aita santuek ezjakinarena eta atzeratu egin zuten prozesua, El Salvadorreko eskuindarrekin zuten kidetasunagatik; jakina, ebanjelioaren kontrako jarrera guztiz, nahiz eta azken aldera bien halako biek zerbait aldatua zuten beren jarrera. Aitzitik, artzapezpikuak bere ondoan izan zuen herriak, aspaldidanik deitzen zion Amerikako San Romero. Pozik dagigu bat herri honen sentiberatasunarekin.

            Hilketa-bezperan, salaketa hau egina zuen katedralean, Erramu igandean:

«Dei hau egin nahi nioke, era berezian, armadako jendeari. Eta, zehazki, Guardia Nazionalaren, poliziaren, kuateletakoen… oinarriei. Anaiok, gure herri berekoak zarete / dira. Landako zeuen anai-arrebak ari zarete hiltzen. Eta gizon batek emana duen erailtzeko agindu baten aurrean, Jainkoaren legeak du nagusitasuna: “Ez hil”. Soldaduak ez daude behartuak Jainkoaren aurkako agindu bat obeditzera. Moralaren kontrako lege bat ezin du bete inork ere. Bada ordua nork bere kontzientzia berreskura dezazuen; bekatuaren aginduari baino lehen zeuen kontzientziari obedi diezaiozuen. Eliza, Jainkoaren eskubideen, Jainkoaren Legearen, giza duintasunaren, pertsonaren duintasunaren babeslea, ezin gelditu da isilik honelako jokabide higuingarri baten aurrean. Gobernuari esan nahi diogu: har dezala aintzat erreformak ez direla ezertako, horrenbeste odolek gorriturik badoaz. Jainkoaren izenean eta herri sufritu honen izenean, zeinen lantuak eta garrasia zeruraino baitoaz egunetik egunera kopurutsuago, erregutzen dizuet, eskatzen dizuet, agintzen dizuet Jainkoaren izenean: Geldiarazi ezazue errepresioa».

Eginak zituen deklarazio interesgarriak behin baino gehiagotan:

«Inoiz baino uste handiagoa dut jendetza (=masas) eratzean, uste dut herriak antolatu beharra duela; izan ere, uste
dut, jendetza (=masas) antolatzea izango dela benetako indar soziala, bultza egingo duena, estutuko duena, lortuko duena egiazko gizarte bat, zuzentasun soziala eta askatasuna biziko dituena» (Elkarrizketa Prensa Latina 1980ko otsailaren 15ean).

Elkarrizketa horretan berean, eta oligarkiak «subertsibotzat» eta «komunistatzat» salatzen zituen apaiz batzuen erailketa zela-eta, dio: «Zuk aipatu dituzun apaiz horiek –erantzuten dio kazetariari– egitura sozialaren kontra jo zuten; horrenbestez “subertsibo” eta “komunista” bihurtu ziren, eta horregatik pertsegitu zituzten eta erail. Izan ere, Barrera Motto-k, Rutilio Grande-k, Navarro Oviedo-k eta beste batzuek bista handia izan zuten; argi eta garbi sumatu zuten errealitatea, eta zehaztu zuten gure herriaren etsai komuna oligarkia dela. Horregatik, gorrotatu eta erailtzeraino pertsegitu zituzten oligarkiak eta aberastasun jabeek».

Oscar Romero monsinorea oso urrun zegoen iraultzaile izatetik, nahiz eta Ebanjelioa iraultzailea den kapitalismo kriminalarentzat: egunero jendea erailtzen ari den horrentzat goseak, zuzengabekeriaz, abusuez, pobreak ustiatuz, egiturazko indarkeriaz. Romero, soil-soilik, gizon on bat zen, baketsua, elkarrizketa zalea; baina oso seriotzat hartua zuen, bai herri baten artzain izatea, bai jende zapaldua babestea El Salvadorreko boteretsuek eragiten zioten errepresio eta indarkeriatik.

Sermoi batean, lurraldeko aberatsei zegokiela, esana zien: «Ez nazazue hartu, ez epailetzat, ez zeuen etsaitzat. Soil-soilik, herri honen artzaina naiz, anaia, adiskidea, beraren sufrimenduak, gosea, estutasuna ezagutzen dituen adiskidea, eta, ahots horien izenean, jaso nahi dut nik neure ahotsa, esateko: ez itzazu har jainkotzat zeuen aberastasunak, ez itzazue gorde eta zaindu gainerakoak hiltzeko moduan utziz. Banatu itzazue, zuek eta guztiok zoriontsu izan zaitezten».

Ondo dakigu orain, zergatik erail zuten Romero monsinorea.

Igaro dira 30 urte baino gehiago. Haren mezuak gaur-gaurko izaten jarraitzen du; Ebanjelio hutsa da haren mezua, beti gaur-gaurkoa den Ebanjelioa; askoz ere gehiago El Caribeko, erdialdeko eta hegoaldeko Amerikako milioika pobreen tragedia izugarria kontuan hartzen badugu; izan ere, kopurua zerbait jaitsi bada ere, 164 milioi dira pobreak, horietarik 68 milioi mutur-muturreko pobre, 2013ko kontuen arabera (CEPAL [Comisión Económica para América Latina y el Caribe], 2103. urtea). Guatemalan pobreen gaur egungo portzentajea %85 da; horietarik erdiak mutur-muturreko pobretasunean. CEPALen txostenaren arabera, 2013ko azken aldera, El Salvadorren %45,3koa zen pobretasuna; baina El Caribeko, erdialdeko eta hegoaldeko Amerikako sei lurraldeetako bat da haurren pobretasun handienari dagokionez: %72ra iristen da; egoera negargarri horretan kide ditu Bolivia, Guatemala, Honduras, Nikaragua eta Peru. Egoera dramatiko horren errudunak lurralde barnean daude, baina askoz gehiago atzerrian, adibidez Ameriketako Estatu Batuetan. Drama hau isiltzea konplize bihurtzea da



Gainean ditugu maiatzaren 24ko hauteskundeak. Kontu egigun zeini eman botoa. Jesusen mezua sinesten dugunok, Ebanjelioaren balioetara gehienik hurbiltzen direnen aukera egin beharra dugu: zuzentasuna, parekotasuna, solidaritatea, lehentasuna premiarik handienekoei, etika, ondradutasun ekonomiko, politiko eta soziala. Horrez gero, badakigu zeini ez eman botoa.

Elizan demokraziarik izango bagenu eta, ondorioz, hauteskundeak egin, Frantzisko aita santuari emango nioke nik, eta Burke kardinalaren eta beste hiru gehiagoren eta 22 gotzainen kontra: Eliza, Jesu Kristoren eta gaurko munduarentzat dakarren mezuaren lekuko leial izan dadin, eraberritzeko Frantzisko sustatzen ari den erreformen kontra ari baitira.

Besarkada handi bat guztiei. 

FAUSTINO.

Euskeraz: Dionisio Amundarain

No hay comentarios:

Publicar un comentario