Gizakiaren arrazoimena, eremu tekniko eta
instrumentalera murrizten bada, non gelditzen da pertsona moduan
haztearena? Aurrerapen tekniko eta produktiboari bakarrik begiratzen
bazaio, gizakiaren osotasuna eta izaera integrala distortsionatua eta
desorekatua azalduko zaigu. Pertsonaren barneko dimentsio sakon edo
‘espiritualari’ irteten uzten ez bazaio, izaki alienatuaren aurrean
gaude. Erraza da entitate atrofiatu batekin topo egitea. Horrelako
zerbait gertatzen zaio mendebaldeko gizarte aurreratu eta teknikoki
sofistikatuari.
Normala da gizarte hori gaixo egotea,
nola buruz hala gorputzez. Gure barne izatea, espirituala [ez dauka
erlijioarekin zerikusirik], ez sinetsi, ez sentitu edo hutsaren
hurrengotzat jotzeraino arbuiatzen badugu, galduak gaude. Neurosi,
depresio, antsietate edo adikzio moduan azaltzen diren trastorno eta
oinaze emozionalen mende makurtuko gara. Azken finean, biziaren zentzua
galtzearekin lotua dago dena.
Guztiarekin ere, dena galdutzat eman
behar al dugu? Ez, noski. Barne-izatea, barnekotasuna, eta garapen
soziala ez dira errealitate elkartu eta uztartu ezinak.
Krisi ekonomikoaren forman agertzen
zaigun beheraldi sakonean bizi gara aspaldi honetan. Baina esango nuke
krisi ekonomikoa ez dela beste krisi sakonago baten ‘iceberg’aren
muturra baino. Balore etikoek eta giza baloreek zerikusi handia izango
dute, noski, gertatzen ari zaigunarekin. Baina horri zeharo loturik dago
barne-izate edo barnekotasuna ahantzi eta baztertzetik datorkigun
jakinduria faltarekin. Determinanteago irizten diot azkeneko horri. Eta
egoera honi buelta emango bazaio, bihotzetik eta bihotzarekin begiratzen
duten begi berriak beharko ditugu.
Dena den, ageri dira halako seinale
batzuk, zeinek adierazi nahiko luketen gizakiak barnean daraman irrika,
bizitzaren zentzuaren irrika, zabaltzen eta irekitzen hasia dela
berriro. Horri dimentsio espirituala ere esan lekioke; lehen aditzera
eman dudan eran, ez dauka zerikusirik erlijioarekin, nahiz eta sarri
askotan erlijioaren bidez orientatu nahi izan den. Barne-bizia aintzat
hartu eta lantzen bada, etika eta giza baloreak irabazian aterako dira,
hori delako solidaritate, errespetu, enpatia, erruki, tolerantzia,
berdintasun eta libertatearen iturria.
No hay comentarios:
Publicar un comentario