Abenduko izarrak

jueves, 12 de marzo de 2015

Jesus eta emakumea: Ana Berrizbeitiaren berbaldia



 “Jesus eta emakumea” gaia erabiliko dau bere berbaldian Ana Berrizbeitiak, martxoaren 13an, barikuz, Igorren. Hitzaldia. Igorreko Kultur Etxean izango da arrastiko 7etan.



Pil-pilean dabil, emakumearen eskubideak eta zereginak gizartean murriztuta dagozela-eta, ahalegin berezia egin behar dela bere askatasun bidean.



Eleiza katolikoan ere gai hau gero eta indartsuago entzuten da. Frantzisko aita santuak be andrearen zeregina eta duintasuna sustatzera deitu izan dau. Aspaldi dabilz andra fededun eta teologoak ahalegin horretan. Arantzazuko parrokiko arduradun izan zan Mari Jose Arana horren eredu garbia dogu. Arratiako parrokietan ere emakumearen beharra nahi eta nahi ezkoa izanik gogoeta honetan sakontzeko aukerea izango dogu.



Abiapuntua Jesusen jarrerak ikustea eta ikastea izango da.



Zeregin honetan lagunduko deusku Ana Berrizbeitiak. Ana Berrizbeitia teologoa da, Bilboko Teologia Institutuko irakaslea. Oraintsu arte Bizkaiko Pastoral Kontseiluko lehendakari ordea. HEMEN erlijio gogoeta aldizkariaren erredakzio kontseiluko kidea.




Gehiago jakiteko:



Txundigarria da Jesusen inguruan hainbeste emakume izatea: Magdalako Maria edota Betaniako Marta eta Maria ahizpak bezalako adiskide minak; Salome bezalako jarraitzaile leialak; odoljarioa zuen emakume kutsatua; Feniziako emakume jentila. Ez da inongo profetari buruz beste horrenbeste esaten. Zer ikusten ote zuten emakume judutar haiek Jesusengan? Zerk erakartzen ote zituen horrela? Jesusen beste era bateko jarrerak, zalantzarik gabe. Jesusek ez zien aiherraz eta mespretxuz begiratzen, begirunez baizik; defenditu egiten zituen eta samurki hartzen, inork ez bezala.



Gizarte hartan nagusi ziren estereotipoak kolokan jarri zituen Jesusek. Emakumea bekaturako okasio eta egokiera omen zelako, gizasemeei arretaz ibiltzen erakusten zietenean, erantzukizuna gizonezkoena eta hauen haragizalekeriarena zela irakasten zuen Jesusek: "Emakume ezkondu bati irrikaz begiratzen dionak, egin du jadanik adulterioa bere bihotzean" (Mateo 5, 28‑29).



Emakumearen ideal nagusia ama izatea zelako ustea ere aldatu zuen Jesusek. Behinola, Jesusen ama goretsi zuen jendarteko emakume batek, kultura hartan emakumeak zituen ezaugarri nagusienak goraipatuz: sabel emankorra eta bular ugariak. Hona zer esan zion: "Zorionekoa sabelean eraman zintuen eta bularra eman zizun emakumea!". Jesusek beste era batera ikusten zituen gauzak. Bizitza honetan dena ez da seme‑alabak izatea. Bada emakumearentzat horl baino garrantzitsuagorik: "Hobeki esan, zorionekoak Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak! (Lukas 11,27‑28; Tomas 79, 3). Erreinuari buruzko mezua entzuteko eta erreinuan sartzeko gai izatea du emakumeak bere handitasunaren abiapuntu.



Beste batean, Marta eta Maria ahizpa adiskideen etxean zelarik, zuzendu egin zuen Jesusek emakumearen egiteko bakarra etxeko lanak egitea deneko ustea: "Marta, Marta, gauza askorengatik zabiltza kezkaz eta larri; baina bat bakarra da beharrezko. Alderik hoberena aukeratu du Mariak, eta ez dio inork kenduko". Ezin da emakumea etxeko lanak egitera mugatua gelditu. Badu egiteko hori baino gauza hobe eta erabakigarririk: Jainkoaren hitza entzun.



Ausarki erreakzionatu        zuen Jesusek judutar gizartean gizasemea­rentzat eta emakumearentzat erabili ohi zuten moraltasun‑kriterio edo irizpide ezberdinaren aurrean. Adulterioan harrapatutako emakume bat eraman zioten behin Jesusi, harrika hiltzeko asmoz (Joan 8,1‑11). Ez zuten, ordea, aipatu ere egiten emakumearekin zego­en gizonezkoa, nahiz eta hari Torah lege‑liburuak agintzen zion ez gutiziatzeko lagun hurkoarena zen emaztea. Legea egitean, gizasemeak hartzen zituzten gizartean erantzukizundun gisa. Hobena zigortzean, aldiz, emakumeak zigortzen zituzten erruduntzat (Irteera 20,14‑17). Jesusek ezin izan zuen eraman itxurakeria matxista hura: "Zuetan bekaturik gabe dagoenak jaurti  diezaiola lehenengo harria". Salatzaileek alde egin zuten lotsaturik. Haiek izango ziren herrixka haietan adulteriogilerik handienak, ziur aski. Kontaeraren bukaera hunkigarria da. Maiteki eta begirunez mintzatzen zaio Jesus han, umiliatua eta lotsatua dagoen emakumeari: "Emakume, ez al zaitu inork ere gaitzetsi?". Emakumeak, ika­raz erantzuten dio: "Inork ere ez,Jauna". Orduan, Jesusek: "Nik ere ez zaitut gaitzesten. Zoaz eta aurrerantzean ez egin bekaturik". Emakume hark ez du gaitzespen beharrik. Jesusek konfiantza du emakume harengan, onena nahi du harentzat eta bekaturik ez egite­ra animatzen du. Jesusen ahotik, ordea, ez da inolako gaitzespenik ateratzen.


Jose Antonio Pagola

No hay comentarios: