Senideok: abenduan preparetan eta
itxaroten egon gareana gaur gabaz bete da: Jainkoa etorri jaku, gure eskemak
apurtu ditu: ume baten irudia hartu dau gure Jainkoak: txiki, pobre, apal...
Abenduan preparetan joan gara tokia salbatzaileari gure bihotzean,
gure familian, gure parrokian eta gure herrian.
Zuhur, erne, adi bizitzeko gure erlijioa eta gure eguneroko
bizimodua esan dauskue profetak, Joan Bateatzaileak.
San Joanek argi
deko
zein dan
arriskue
gizartea dago-ta
nahiko lokartue;
erlijio ta
fedez
luzatu
eskue
ipar horratz lez hartu
kriseilu piztue.
Otoitz egitera Jaunaren Berbea kontuan hartuz, hausnartuz, gureganatuz. Asis sareak
ere lagundu dausku horretan.
Otoitzak, hausnarketak,
kontutan hartuak
eragina sortzen dau
biblia sakratuak,
hitz artean Jaunaren
ideiak sartuak
txispa berezia dauka
liburu santuak.
Neurriz bizitzera, neurriz bizitzera deitu jaku, azalean geratu
barik, eskandalua izan barik, pobreakaz konpartituz… Ez da austeridade derrigortua krisiaren aitzakipean, austeridade aukeratua eta ebanjelikoa baino.
Beti ez da nahikoa
besarkada bana
bakoitzak daki zer dan
eskeini al dauana
dekogunok hurratu
ez dekonangana
eredu moduen hartuz
Caritas-en lana.
Bakearen aukera barriak otoitzean jarri gaitu, gogoeta egiten…
Otoitzak,
gogoetak
fedez egunero
bakearen giroa
dago bero bero;
lanarekin emoitza
etorten da gero
borondate ta fedea
alkartu ezkero.
Maria, lehen fededuna eta lehen
katekistea, Maria izan dogu lagun eta
eredu abendu aldi honetan.
Mariak errez deko
barruek piztea
fededunon eredu
ta katekistea;
berari esker lortu
dogu sinistea
Jesus haurra jaio dala
dinon albistea.
Senideok: sehaska hutsik dogu,
Zatoz Jauna, eskatzen dogu behin eta barriro.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 2, 1-14
Egun hareetan, mundu guztiaren
erroldea egiteko agindua atara eban Augusto enperadoreak. Lehen errolda hau
Siriako gobernadore Kirino zala egin zan. Beraz, erroldatzera joan ziran danak,
nor bere herrira.
Josek ere, Daviden etxekoa eta
jatorrikoa izanik, Galileako Nazaret herritik Judeara igon eban, Belem deritzon
Daviden herrira, bere emazte Mariagaz erroldatzera. Maria umedun egoan. Belemen
egozala, umea izateko egunak bete jakozan, eta bere lehensemea izan eban.
Oihaletan batu eta askan etzun eban, ez zan-eta ostatuan hareentzako lekurik.
Baziran inguru haretan artzain
batzuk, gauez euren artaldea txandaka
zaintzen. Honetan Jaunaren aingeru bat agertu jaken, eta Jaunaren aintzak argiz
inguratu zituan; hareek, bildurrak jota gelditu ziran. Aingeruak, ostera, esan
eutsen: “Ez izan bildurrik! Begira, poz handia sortuko dauan Barriona iragarten
deutsuet, herri guztiarentzat izango dana: Salbatzailea, hau da, Mesias Jauna
jaio jatzue gaur Daviden herrian. Eta hau izango dozue seinale: ume bat aurkitu
dozue, oihaletan batuta eta askan etzunda”.
(Une honetan irakurleak irakurgaia geratu unetxo batez eta umearen irudia jartzen dau
sehaskan, abenduan zehar prestatu doguna. Gero anboira doa irakurgaia
amaitzeko).
Jesus merezi dozu
zuri abestie:
hain txikie, alaie
eta amestie;
ardatz hartute zure
disdira guztie
zu zara gure argie
eta eguzkie.
Eta bat_batean
aingeruari zerutar talde handi bat batu jakon, Jainkoa goratzen ebela, esanez:
“Aintza zeruetan Jainkoari, eta bakea lurrean haren gogoko gizon_emakumeei”.
(Oharra: bertsoak kantetako proposatzen dogun doinua: Aitorren hizkuntza zaharra. Bertsoak: Kepa Intxausti)