Abenduko izarrak

miércoles, 21 de agosto de 2024

Jaiak eta santuak

 

Gotzon Lobera

Euskaldun berba berba zen; harekin harremanetan zegoenak garbi zuen hori. Zergatik? Berbak berba zekarrelako, eta euskalduna berba gutxikoa izanagatik edo izateagatik (kasu bitzuetan), urre baliokoa zen haren esana.

Jar dezagun adibide hau: euskaldun batek zeozer une jakin baterako egingo zuela hitzematen bazuen, haren aurrean zegoenak bazekien berba hori beteko zuela, bazekielako euskaldunak beharra sinesten zuela, lana haren ispilua zela eta haren irudia haren esan-eginetan islatzen zela.

“Euskaldun fededun” esamoldeari bete-betean zegozkion sinestea eta eginera. Horrela, antzina Andre Mariaren jasokundea ospatzen zen Jesusen Ama Birjinari izaten zitzaion jaieragatik. Andre Mariaren aldeko hirurrenak eta bederatziurrenak egiten ziren. Hau da, euskaldunek Andre Mariaren zeruratzea sinesten zutelako ospatzen zuten jai hori, ez besterengatik: euskaldunaren sinesmena eta eginera batera etortzen ziren, eta horrela Urte Berritik San Silvestreraino: San Anton eta San Antontxu, Kandela eguna, San Blas eta Agate Deuna, San Antonio, San Pedro eta San Paulo, Giako Andre Maria, San Balendin Berrio-Otxoakoa, San Kristobal, Karmengo Andre Maria, Madalenak, Santiago, San Inazio Loiolakoa, San Lorentzo, San Bartolome, Arrateko, Arantzazuko eta Begoñako Andre Mariak, Santa Eufemia, San Migel, San Andres… eta horrela.

Gaur egun, ostera, euskaldun askok eta askok, eskubide osoz, adierazten dute ez dutela Jaungoikoa sinesten, baina ez dute ezein arazorik Aste Santuko edota Gabonetako oporrak hartzeko. Antzinako euskaldun tolesgabea gaurko euskaldun tolesdun bihurtu da. Pilarko Andre Maria eta San Nikolas ospatu nahi ez dituzten sinesgabe horiek zergatik ez dute lan egiten katolikook ezartzen ei dugun egutegiko jaiegunetan? Hau da, “zergatik ez dira egun horietan beharrera joaten eta haien ordez beste egun batzuk ospatu?

Euskaldun berbak ez dirau, katea eten egin da, berba ez da benetakoa, ezpada gezurrezkoa. Zizeronek zioenez: “O tempora o mores!”. 

No hay comentarios: