Rufino Iraola
Inork ez du esaten harreman sozialak
errazak direnik. Nik gutxiago. Besteekin erlazionatzea beti da nekeza.
Gogoan hartzekoa eta lagungarria da Woody Allenen esaldi hau: «Ez dut
ezagutzen arrakastaren klabea, baina porrotaren klabea da mundu guztia
atsegindu nahi izatea». Eta hau erantsiko nioke aktore amerikarrarenari:
usterik gutxien dugunean hanka-sartzeren bat egin eta laguna
haserretuko zaigun beldurrez bizitzea.
R.I.ren ustez, horrek, maiz asko, pelma
bihurtzeko arriskuan ipintzen gaitu, eta zurikerian hasteko tentazioak
jotzen, naturalak izan ordez, garen bezala azaldu partez, edo motibo
argirik gabe gehiegi urruntzen gara. Nahiz eta badakigun, R.I.k askotan
esan izan duen eran, gure beharrik ez duela demostratzen
digunarengandik urruntzea hobe dela; neurrian urrundu, ordea. Harreman
guztien arrakasta datza distantzia egokia aurkitzean.
Txikitako eskemekin funtzionatzen dugu.
Onartua izatea nahi dugu, eta badakigu, horretarako, gurasoei gogokoa
zaiena egiten saiatu beharko dugula. Eskolak, lagunarteak… ipiniko ditu
arauak eta, onartuak izango bagara, gizarteak ongi deritzen arauei men
egingo diegu, eta guregandik espero duena egin.
Uste dugu onartua sentitzea baino gauza
handiagorik ez dela bizitzan ezer. Baina akats izugarria da mundu osoa
zure zilbor-hesteari begira, onerako zein txarrerako, egon behar duela
pentsatzea. Kontua da onartua izateko moduko portaera izan dadila gurea,
eta erantzun egokia jasotzen ez badugu eta uste ez bezala
erreakzionatzen badu besteak, estoikoen moduan pentsatu behar dugu:
besteen jokabidea ez dago gure esku, ez da gure erantzukizuna, eta guk
geu izaten jarraitu, onartua izateagatik prezio psikologiko altuegia
ordaindu gabe.
Urrezko legea da zure lagun aitortzen
direnekin benetako lagun izatea. Ez zait batere gustatzen
nartzisismo-joera guztiz egozentrikoa: «Nire lagunak neuk aukeratzen
ditut». Hantustea eta harrokeria! Mila zirkunstantziek aukeratzen
dituzte lagunak, eta andregaiak eta senargaiak eta lankideak, eta…
Puzzle bat egiteko baino fitxa gehiago saskian nahasi dagoenean
gertatzen dena gertatzen da: mila saio eta intenturen ostean lortzen
duzu bat osatzea, kabitzen ez direnak kanpoan geratzen direlarik.
Nolanahi ere, inor ez da ibiltzen
arerioak propio sortzen, horiek ere bizitzako gorabehera kontrolaezinek
sortzen dituzte, adibidez kritikarik txikiena ere ez onartzeak. Nik,
egia esan, ez dut inoren arerio izan nahi, ezta nire arerio direnen
arerio ere.
No hay comentarios:
Publicar un comentario