Che Guevarak, bizi izan balitz, gaur
beteko zituen 90 urte. Haren irudia elastikoan darama gazte askok.
Ezbairik gabe, miresmena sortzen duen pertsonaia da, eta daukan aura
iraultzaileak eta izan zuen heriotzak are eta miresgarriago egiten dute,
mito bihurtzeraino, idazten Rufino Iraolak bere blogean.
Sinboloak inportanteak dira, baina
sinboloetatik harago joaten ez bagara, ez dute ezer askotarako balio.
Sinboloen azpian dagoen mezua da garrantzitsua, eta, batez ere, mezuak
dioena praktikan jartzea. Bestela, “ezer ez eta festa”. Ana Botellak ere
Cheren komikia erosi omen dio bilobari, Madrilgo liburuaren azokan.
Bistan da bilobengatik edozein gauza egiten dela, nahiz eta askotan
kopeta zimurtu eta ezpainak bihurritu behar izan.
Sinboloak sinbolo, haren espirituak
bultzatu behar gintuzke, gutxienez, bere iraultzaren objektu ziren
pertsonen beharrizanez apur bat kezkatzera. Adibidez, gaur bertan
gertatzen ari dena 629 errefuxiaturekin: itsasoan noraezean, olatuen
mende, pertsonari tokatzen ez zaion baldintzetan. Miserablea da
Italiaren jokabidea, nahiz eta gero neurri batean pertza konpondu nahi
izan duen, jendea Valentziara garraiatzeko bi barku ipinita. Eskerrak
Sanchezi eta Valentziako instituzioei. Bien bitartean, Rafael Hernando
hori kritikatzen, Espainiako gobernuarena oportunismo hutsa dela esanez.
Chapeau!, Jaurlaritza eta Nafarroako gobernuarena: prest dira
errefuxiatu batzuk Valentziatik beren lurraldera ekartzeko.
Hitz eder eta sinboloez gain,
derrigorrezkoa solidaritatea eskaintzea. Eta benetako solidaritateak
gure barnean sortu behar du. Hasieran esan dudan eran, “hi beste ni bat
haizela ohartu arte ez zagon solidaritaterik”.
“Egin on eta ez begiratu non”.
Sakontasun handiko espresioa da, eta muin-muinean aintzat hartu
beharreko egia gordetzen duena. Eta egin on, egiten duzun hori berez ona
delako, eta berez delako premiazkoa, eta ez hartu beste helburu bat
lortzeko bitarteko moduan. Horretan lezio handia eman dute GKEk, garai
bateko misiolariekin konparatuta.
Ez gara ari, inolaz ere, haien lana
gutxiesten: lan sozial eskerga eta eskertu ezinezkoa egin zuten, eta
egiten dute oraindik, munduko kantoi guztietan. Bejondeiela! Aldea,
ordea, honetan ikusten dut: GKEk ez dute egiten fedearen izenean, edo
Jainkoaren izenean, edo zeruko loria erdiesteko. Ez. Horretan pentsatu
gabe dihardute, egiten dutena berez delako on eta bere baitan xede. Eta
iruditzen zait diferentzia hori azpimarratu beharra dagoela.
No hay comentarios:
Publicar un comentario